Alde Zaharreko trafikoa berrantolatu du Iruñeko Udalak

Kale Nagusiko azken 45 metroetako, Errekoleten plazako eta Sanduandia kalearen noranzkoa aldatu dituzte.

Iruñeko Udalak Alde Zaharrean barnako errepideko zirkulazioa berrantolatzea erabaki du, eta horrek eragina izanen du O-ko plazara eta Sanduandia kalera sartu nahi duten ibilgailuetan. "Sarbidea erraztu eta zenbait kaletan gehiegizko zirkulazioa saiheste aldera", ibilbide berri bat har daiteke gaurtik aurrera, Takonera kalearen eta Kale Nagusiaren elkargunetik sartuta. Horretarako, San Lorentzo elizaren ondoan dagoen tarte hori noranzko bikoa da orain, hala Errekoleten plazaraino sartu ahalko da eta bertatik O-ko plazara iritsi. Ibilbide zirkularra osatuko da: plazatik sartu eta Sanduandia zein San Lorentzo kaletik Kale Nagusiraino, eta bertatik Takonera kalera. 

Orain arte, O-ko plazara joan nahi zuten ibilgailuek Kale Berritik sartu behar zuten Alde Zaharrera, Aduanako Zokotik, hain zuzen. Udalak argudiatu duenez, "horrek berekin zekarren 1,2 kilometro ibili beharra zirkulazio murriztuko kaleetan barna, hiriko erdigunean bertan, trabak sortuz eta kutsadura areagotuz".

Berrantolaketa egiteko Kale Nagusiko azken 45 metroetako bidearen noranzkoa aldatu dute, San Lorentzo elizaren ondoan; hori horrela, sarbidea zein irteteko bidea da orain. Errekoleten plazan eta Sanduandia kalean ere noranzkoa aldatu da. Horretarako, bideen seinaleztapena eta kamera bidez Alde Zaharrerako sarbideak kontrolatzen dituen sistema aldatu dira. Edonola ere, oraindik ere nahitaezkoa Alde Zaharrera sartzeko kontrol-sisteman alta emanda egotea.