Egunaren lehendabiziko orduetatik, hurrengo egunaren goizerarte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Karpak ia 24 orduko festa eskaintza prestatu du gaur ostiralerako. Azken urteotan bezala, Amaya Kriol Elkartean jarri dute karpa eta bertan 19 gradu ezberdinetako ikasleek beren barrak prestatu eta atondu dituzte. Goizeko 9:00etan mus txapelketarekin zabaldu da ospakizuna, goiztiarrenek, hamaiketako hartzeko aitzakia izan dezaten. Goiz partean, gutxinaka gutxinaka giroa berotzen joango da jarduera ezberdinekin: futbolin erraldoia, lehiaketa ezberdinak, txapelketak…11:00etan azken urteotako jarduerarik arrakastatsuena hasiko da, Karaokea, non jadanik berotuta diren eztarriak taula gainean erakutsiko duten galdu duten lotsa. Eguerdiarekin batera bazkarirako ordua helduko da Karpara, ikasle aunitzek alde zaharreko tabernetan klase bazkaria egiten duten arren, karpatik bertatik ez mugitzeko aukera egonen da hainbat food truck izanen baitira inguruan bokadilloak saltzen. Arratsaldean musikaren tartea zabalduko da, kontzertu eta DJ ezberdinekin. Txemi navarro, DUBI, Mikel Alkaraz, Betania eta Nuria izanen dira taula gainean. Festa giroa, larunbateko goizeko seiak arte luzatuko da.
19 barretan giro ezberdinak eskeiniko dituzte ikasleek (magisteritzakoek beldurra emanen dute, zuzenbideko ikasleek Tomorrow Land-en girotu dute beren gunea, musikalen bat ere izanen da besteren batean).
Aurten, edalontzi berrerabilgarrien salmentatik eratortzen dena, Paris 365 gizarte erakundera bideratuko dute ikasleek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!