Emakumeen Etxetik zuzenean aritu gara

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 17a, 18:08

Urriaren 1ean zabaldu zituen ateak Iruñeko Emakumeen Etxeak. Joan den legealdia garatu zen proiektua orain gauzatu da emakumeen hausnarketarako eta ahalduntzerako espazio gisa.  

Bi urteko sorrera prozesuaren ondoren, apirilaren 15ean Iruñeko Udalak eta Emakmeen Etxea Elkarteak sinatu zuten gune hau zabaltzeko hitzarmena. Horrela Elkarteak hartu zun etxea kudeatzeko ardura, Udaleko Berdintasun teknikariarekin elkarlanean. 

Elkartean emakumeak eta kolektibo desberdinak biltzen dira eta irekia dago bazkide berriak onartzeko. 

IRUÑEKO EMAKUMEEN ETXEA

Iruñeko Emakumeen Etxea emakumeen hausnarketarako eta ahalduntzerako espazio gisa osatzen da. Hiriko emakume guztiendako topagunea eta erreferentziagunea, emakumeen eta gizonen arteko benetako arekidetasuna lortzeko behar diren indarguneak eta sinergiak sortzeko eta aliantzak ehotzeko abiapuntu izanen dena.

Iruñeko Agoitz kalearen bederatzigarren zenbakian dago kokatua Etxea, lehen Sarasate kontserbatorioa zen eraikinean. 300 metro koadroko azaleran hainbat areto eta gela dituzte prest ikastaroak, hitzaldiak edota kultur ekitaldiak egiteko, eta honetaz gain lorategi ederra dute, orain garbitu eta atontzen hasi berria. 

Gaur etxea ezagutu dugu hainbat solaskideren laguntzarekin. Gurekin izan dira Sofía Pérez Ibiricu bazkide eta talde eragileko kidea eta Ana Urtasun, lorategia eraldatzen ari den taldeko kidea. 

Gurekin ere Patricia Perales izan da, aurreko legealdiko Iruñeko Udalaren Berdintasun alorreko zinegotzi arduraduna. Berak azaldu digu nolakoa izan zen etxearen sorrera. 

Jarraian solasaldi mamitsua egin dugu hiru ekintzaile feministarekin: Iratxe Alvarez, Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kidea, Inma Zestau euskara irakaslea eta hizkera ez sexistan aditua eta Miren Epaltza, NUPeko irakaslea eta ekonomia feministan aditua. 

Asko dira Emakumeen Etxean datozen aste eta hilabeteotan eginen diren ekimen eta ikastaroak, horien artean Bizikume, emakume txirrindularien kolektiboak antolatutakoak. Talde honetako Isabel Arguellesek eman digu jhaien berri. Bukatzeko gure ohiko kolaboratzaile Miren Mindegia eromena eta genero gaiari buruz aritu zaigu solasean. 

Bisitaldi ederra izan da eta eskertu nahi diegu Euskalerria Irratiari egin dioten harrera abegikorra. Sarri arte!

 

Ana Urtasun eta Sofía Pérezekin solasean. 

Isabel Arguelles, Bizikume kolektiboko kidea.

Agur Emakumeen Etxea. Bagoaz, baina laster itzuliko gara. Eskerrik asko ateak horren amultsuki zabaltzeagatik!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!