Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitale zein ospitale kanpoko larrialdi zerbitzuek Sanferminetan zuzenean jaiekin lotutako 505 arreta egin dituzte.
Kopurua hau da azken bost urteotako handiena, eta % 32ko igoera ekarri du 2018ko datuen aldean, izan ere, iaz 381 artatze zenbatu ziren. 2017an, aldiz, 457 artatze izan ziren; 437 artatze 2016an, eta 382 2015ean.
Zaurien jatorriari dagokionez, 78 entzierroetan gertatu dira, 2018ko Sanferminetan baino % 85 gehiago, orduko hartan berealdiko jaitsiera gertatu baitzen mota honetako artatzeetan. Osasunbideko larrialdi-zerbitzuen balantzean, zezenketei loturiko 6 artatze ere erregistratu dira, eta gainerakoak, 421 esku-hartze, traumatismoekin, erasoekin edo intoxikazio alkoholikoekin loturik daude, nagusiki.
Nafarroako Gobernuak eskerrak eman dizkie Osasunbideko profesionalei, Gurutze Gorri eta DYAko boluntarioei, SOS Nafarroakoei eta zezen-plazako osasun-langileei egun hauetan guztietan egindako lanagatik.
Artatze kopurua igo da ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan
Aurtengo Sanferminetan egindako artatzeetatik, % 51 Nafarroako Ospitaleguneko larrialdi-zerbitzuetan egin dira eta gainerakoak, % 49, Iruñeko San Martin Doktorea eta Buztintxuri osasun zentroetan.
Azken bi zentro hauei dagokienez, nabarmendu behar da, batetik, entzierroko zaurituei egindako artatzeen gorakada, San Martin Zentroko Traumatologia arloko langileen festetan egindako ahaleginari esker.
Bestalde, Buztintxuri zentroko jarduera % 18 gehitu da egun hauetan, ohiko 130 artatzeetatik Sanfermin hauetako egun bakoitzean batez beste egindako 153 artatzeetara igaro delarik. Datu honek iradokitzen duenez, Iruñerriko bizilagunek zentro honetara jo dute larrialdietan Nafarroako Ospitalegunera joan beharrean, Osasuneko jarduneko kontseilari Fernando Dominguezen gomendioari jarraiki.
Zauritu gehiago entzierroetan
Guztira, entzierroetan zauritutako 78 pertsona artatu dituzte Osasunbideko larrialdi-zerbitzueta. Horietarik, 41 San Martin Doktorea Zentroan artatu dituzte, 35 Nafarroako Ospitalegunean eta 2 Buztintxuriko Zentroan.
2019an zortzi korrikalari izan dira adarkatuak, iaz adarkatutako bi lasterkarien aldean. 2017an zazpi izan ziren eta hamabi 2016an. Artaturiko gainerako pertsonek (70) bestelako lesioak zituzten, traumatismoak eta kontusioak nagusiki.
Entzierroaren ondorioz Osasunbideko larrialdi-zerbitzuetara eramandako pertsona guztietatik emakume bat bakarrik egon da. Nafarroako Ospitalegunera eraman zuten hilaren 8an traumatismoagatik eta egun berean alta eman zioten. 2017an ere emakume bakarra izan zen zauritua eta bi 2016an.
Aurten gorabehera gehien izan dituen entzierroa hilaren 14koa izan da (13 artatze), eta honen ondotik daude hilaren 11koa (12 artatze), hilaren 12koa (11) eta hilaren 7koa (10). Ibilbide-zatiei erreparatuta Nafarroako Ospitalegunean artaturikoak kontuan hartuz, Estafeta nabarmendu behar da, 11 lekualdatzerekin, baita Telefonica ere, 10 lekualdatzerekin. Aitzitik, Kallejoian eta Mercaderesen lekualdatze bana baizik ez da izan.
Jaiei lotutako beste artatze batzuk
Bestetik, entzierroarekin lotuta ez dauden 427 larrialdiko artatzeen ia erdiak traumatismoek eta zauriek eragindakoak izan dira; 180, guztira (% 42). Erasoei dagokienez, hauek 156 artatze eragin dituzte (% 37), iaz arrazoi honengatik egin ziren 10 artatzeen aldean.
Intoxikazio alkoholikoetan, aldiz, jaitsiera gertatu da, 2018ko 161 artatzeetatik aurtengo 62 esku-hartzeetara (% 15). Bestelako drogek eragindako artatzeak 8 izan dira (% 2) eta elikadura arloko toxi-infekzioak 4 (% 1). Bestelako arrazoiek eragindako 17 artatze ere zenbatu dira (% 4).
Osasunbidearen ospitaleko eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan egondako artatze gehienak bigarren asteburuan izan dira: larunbatean, hilak 13, 70 artatze, eta ostiralean, hilak 12, 55. Haren atzetik datoz, ordena honetan, igandea, hilak 7 (53), osteguna, hilak 11 (48), igandea, hilak 14 (47), larunbata, hilak 6 (42), astelehena, hilak 8 (40), asteazkena, hilak 10 (38) eta asteartea, hilak 9 (34).
Entzierroan laguntzeaz gain, Gurutze Gorriak eta DYAk osasun-laguntza eman dute lehen mailako arreta-unitateekin, jaiari dagozkion patologia arinak artatzeko (traumatismo txikiak, ebakiak, zorabioak, erorikoak, korde galtzeak edo intoxikazioak), eta pazienteak hurrengo laguntza-mailara bideratzeko (ospitalez kanpoko edo ospitaleko larrialdiak).