Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra izenburuko ikuskizunaz ospatuko da, datorren sanferminetan, Txistularien Alardearen 60. urteurrena. Uztailaren 9an izango da, asteartearekin, 13:00etan hasita, eta zenbait urtetik hona ohikoa denez, txistuaren doinuak antzerki-emanaldi eta omenaldiekin uztartuko dira. Urteurrenarekin bat eginez, umorez heldu nahi zaio txistulari izatearen eta nork bere buruaz barre egiteko gaitasunaren gaineko gogoetari.
Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak, Aitor Urquiza bi Alardeetako zuzendariak, Alfonso Iturria Alarde Txikiaren koordinatzaileak, Urtzi Iraizoz konpositore, irakasle eta Alardeetako koordinatzaileak eta Patxi Rodriguez Iruñeko Txistularien Elkarteko lehendakariak ikuskizunaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte, eta azaldu errepertorioa sanferminetako Alardearen sei hamarkadako historiaren isla izango dela. Joaquín Iruretagoyena eta Luis Urteaga konpositoreen lan klasikoak entzun ahal izango dira, besteak beste; baita lan eta moldaketa berriak ere, Karlos Sánchez Ekizak, Eneko Azparrenek, Urtzi Iraizozek, Fermín Goñik, Jokin Zabalzak, Phil Cunninghamek edo Xabier Aburruzagak eginak.
Testuingurua 2079. urtea da. Duela hirurogei urte ospatutako alardea mugarria izan zen. Txistua instrumentu ezaguna da mundu zabalean, eta hori Fermin protagonistak 2019ko Alarde hartan izandako portaerari zor zaio. Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra ikuskizunaren bidez ezagutzera emango da egun hartan sanferminetako Alardean gertatutakoa. Aitor Urquizak, musika-zuzendariaren lanetan, eta Andrés Lopetegik, eszena-zuzendari eta gidoiaren egileak, atzera begirakoa egin nahi dute, eta Alardean eta txistuan egindako bideari erreparatu, etorkizuna gogoan. Efemeridea ospatzeko modu berezia da, instrumentuak izan ohi duen seriotasunetik eta ekitaldi-izaeratik urruntzen dena, umorearen zein txistulari izatearen gogoetaren aldeko apustua eginez.
Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Nafarroako taldeak antolatu du ekitaldia, eta horren bidez, urteurrenarekin bat eginez, omenaldia egin nahi die, haiek bereziki gogora ekarriz, txistuaren arloan eta sanferminetako Alardean oso garrantzitsuak diren hiru pertsonari: Jesús Raúl Lavín, Pepe Elizalde eta Jose Luis Ansorena. Alardea iragartzen duen aurtengo karteleko irudia, Maria José Llorentek egina, 60 urte horiei dago eskainia, eta hori ere aditzera ematen da ikuskizunaren izenburuarekin batera agertzen diren hitzetan: 3 zulotan 3tan hogei.
Txistularien alardea 1959az geroztik egiten da sanferminetan, eta horrek programako ekitaldirik zaharrenetako bat bihurtu du. Agiriekin bat, txistua XIV. mendetik entzun da sanferminetan, eta gaur egun ekitaldi askotan egoten da, besteak beste Biribilketan, txistu- eta gaita-dantzaldietan eta erraldoi eta buruhandiekin. Duela urte batzuetatik hona, Txistularien Alardeak apustua egin du forma sortzaile berrien alde egiteko, txistuak elementu nagusia izaten segitzen duen ikuskizunen bidez, baina lan-ildo berriekin: txistuaren irudi modernoa eta malgua erabilita, eta antzezpenekin konbinatuta.
Alarde Txikia, Nafarroako hamar bat musika-eskolarekin
Txorien xuxurlak; horixe da Nafarroako txistulari gazteen hirugarren kontzertuari, hots, III. Alarde Txikiari, jarri zaion izenburua. Berriro ere, ekainean izango da, gertu diren sanferminetarako gosegarri gisa. Aitor Urquiza musika-zuzendari lanetan, eta Amaia Elizagoien narrazioan, Europako Musika Egunarekin eta udako solstizioarekin bat etorrita ospatuko da.
“Ama artean haurra zenean, leihotik gertu uzten zuen txistua, gauero. Bazekien, lehenago ala beranduago, txoriak etorriko zirela. Leihoan bermaturik, urruneko tokietan edo hurbileko paisaietan gertatuko istorioak kontatzen zizkioten; eta istorio horiek niri kontatu dizkit amak. Txoriek doinua maite dute, txistuarena batik bat, eta horrela, doinu gozo horri jarraiturik, orain zuekin partekatuko ditugun istorio ederrak ekarri dizkigute”. Txistulari gazteen musika lagunduko duen narrazioaren parte da hori, kontzertua baino askoz ere gehiago den ikuskizuna osatuko duena.
Errepertorioa Joaquín Lecumberri, Aitor Urquiza, Jimmy Bidaurreta, Karlos Sánchez Ekiza, Juanma Sáez, Iñaki Dieguez eta Urtzi Iraizoz konpositoreek moldatutako kanta tradizionalek osatuko dute, eta beste hauek idatzitako kantek: Ismael Yagüe, Mikel Laboa, Karlos Sánchez Ekiza, Iñaki Otano eta Benito Lertxundi. Kontzertuan dozenaka txistulari gazte elkartuko dira, Nafarroako hainbat musika-eskolatatik etorritakoak: Iruñeko Joaquín Maya, Burlata eta Atarrabiako Hilarión Eslava, Barañaingo Luis Morondo, Mutiloakoa, Noaingoa, Uhartekoa, Orkoiengoa, Tafallakoa, Berriozarkoa, Berakoa, Orreagakoa eta Sarrigurengo Joaquín Lizarraga IPkoa.