Hauteskundeak 2019

Asiron: “EH Bildu aldaketaren bizkarrezurra da”

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 17a, 13:23

EH Biduren alkategai Joseba Asiron baikor azaldu da, maiatzaren 26ra begira, Pello Argiñarenak Metropoli Forala saioan egin dion elkarrizketan: “Ziur nago duela lau urte aldaketaren alde azaldu den jendea orain ere azalduko dela. Eta orduan kaosaren mehatxuarekin bat egin ez zuten askok orain bat eginen dute, ikusi dutelako aldaketak gauza on asko ekarri dituela”.

Oposizioa apokalipsi iragarpen faltsuekin itsutu dela dio Asironek: “Askotan esan diot Mayari: ‘Gauza asko esaten dituzu handik lau egunera gezurra direla argi geratzen dena’. Adibidez, esan zuen denda euskaldunen zerrenda egin behar genuenean esan zuen dendari erdaldunak markatuko genituela naziek bezala. Berehala ikusi zen gezurra zela”.

“PSNrekin ezinezkoa da”

PSNren oposizioa baloratzeko tenorean, gogora ekarri du aurrekoan UPNko Enrique Mayak hauteskunde eztabaida batean Maite Esporrin alkategai sozialistari esan ziona: legealdi honetan UPNk eta PSNk batera bozkatu dute bozketa guztien %95ean. Hortik Asironek irakaspena eratortzen du etorkizunera begira: “Ez da posible PSNrekin akordioak lotzea, ez da posible Esporrin aldaketara hurbiltzea. Beti esan izan dut 2015ean PSNk zinegotzi bat gehiago lortu izan balu, alkatea Maya izanen zela”.

“Taldean sinesten dut”

Kanpainako EH Bilduren karteletan bere irudia zeinen handia den aipatu dio Argiñarenak. Asironen arrapostua, ez dela halakoen zalea. “Nik pertsonalismoan baino gehiago sinesten dut taldeetan. Eta EH Bildun oso talde polita eratu dugu. Eta erakutsi dugu gu ginela aldaketaren bizkar hezurra”.

EH Bilduren hautagaiak dio akats asko baditu ere, baduela bertute bat gutxik daukatena: “Oso talde onak eratzen ditut nire inguruan. Hala izan da eta hala izanen da. Eta horregatik duela lau urte botoa eman ez zigutenek botoa emanen digute orain”.

“Aldaketa sakonaren alde nago”

Aldaketare abiadari buruz, Asironek uste du hobe dela “aldaketa sakona eta atzerabiderik gabea, aldaketa azkarra baino”. Bestalde, “aldaketa atzerabiderik gabea izan dadin, ongi planeatu behar duzu, eta ongi gauzatu, eta hori ezin da kronometroa eskuan duzula egin”.

Halaber Asironek nabarmendu du lurrartzea ez zela erraza izan: “Instituzioan sartzen zarenean, badago ikasketa prozesu bat, makinaria maneiatzen ikasteko. Jendea izendatu behar duzu. Martxan jarri behar duzu. Bigarren legealdian dena errazagoa da. Abiadura handiagoa hartuko dugu”.

“Laukoan batzuk urduri jarri ziren”

Legealdiaren hasiera zaila izan zela dio Iruñeko jarduneko alkateak, eta ez makinaria ez zutela ezagutzen soilik: “Lehen bi urteak gogorrak izan ziren. Lauren artean erabakiak adostu behar izatea zaila da. Eta hain ezberdinak izanik, are gehiago. Baina erabakiak behin hartuta sekulako transbertsalitatea zuten, eta indartsuak ziren, saltzen errazak ziren”.

Asironen esanetan, gero “batzuk urduri jarri ziren, eta hortik aurrera gobernutik kanpo baleude bezala jokatu nahi izan zuten, barruan egonda, horrek eragin zuen haustura”. Halere, “laurok batera jokatu dugu gero ere”.

“Iruñea abangoardian jarri dugu”

Legealdiaren balorazioa egiteko tenorean, politika sozialetan egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu. Adibide zehatzak jarri ditu: “153 udal etxebizitza berreskuratu ditugu. Giltzak eman dizkiegu Iruñean gehien behar zutenei”.

Alkategai abertzalearen irudikoz, “Iruñea abangoardian jarri da hiru gauzatan: trantsizio energetikoa, Memoria Historikoa eta feminismoa”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!