Sortzen jairako boluntarioak behar dituzte

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 16a, 08:37

Igandean izanen da euskal eskola publikoaren aldeko jaia Takoneran eta txandak betetzeko jendea behar du Sortzen Elkarteak. 

Txanda zenbait oraindik betetzeke dituzte Sortzen Elkartean igandean eginen duten euskal eskola publikoaren aldeko jairako. Hala jakinarazi dute. Horregatik dei egin dute boluntario izan nahi dutenek eurekin harremanetan jarri eta txandaren bat egiteko prest egonen denak parte hartzeko. Posta elektronikoz jar daiteke interesatua dagoena haiekin harremanetan edo Sortzenek Iruñean duen egoitzara deituta: sortzenjaia@gmail.com edota 630 11 26 05. 

Takoneran da hitzordua, igandean

Sortzen elkarteak urtero antolatzen duen jaia, aurten, maiatzaren 19an izango da Iruñeako Takonera lorategien inguruan. Vista Bella eta Bosquecillo dira, hain zuzen ere, aukeratutako guneak eta euskal eskola publiko berriaren aldeko jaia ospatzeko jarduerez beteko dira egun horretan. Familia, gazte eta hezkuntza komunitatea oro har ditu ardatz gure jai egunak, baina, jaian parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei egiten diegu gaur.

Sortzen elkarteak 28 urte daramatza hezkuntza komunitatean Euskal eskola publiko berria aldarrikatzen: haurra erdigunean jarriko duen eskola. Euskara eta euskal kulturan errotua eta hortik munduari irekia. Guztiontzat eta guztiona; aniztasuna, naturaltasunez, aberastasun gisa onartu eta garatzeko baliabideak eskainiko dituena. Hezkidetzan oinarrituko dena, parte hartzailea eta komunitatean txertatua. Sortzen osatzen dugun ikastetxe, guraso talde, irakasle zein herritarron artean eguneroko lanarekin egiten diogu aurre erronka horri eta urteroko jaia horren isla txiki bat izan dadin ahalegintzen gara.

Euskaratik guztion eskola Sortzen da aurtengo leloa. Euskara eskola, familia eta herriaren oinarri bezala ulertzen dugulako. Euskara ulertzen dugulako aniztasunean lokarri, denon proiektua den heziketa prozesua elkarrekin gorpuzteko lanabes, ezberdinen arteko zubi. Euskararen hazia auzo bizi onaren eskolarekin batera hedatuz joatea dugu helburu. Ikasle euskaldun eleaniztunak heztea da erronka, horretarako, euskara ardatz izango duen eskola zein auzo-herria sustatuz. Aurtengo logotipoaren irudikapen grafikoa leloaren hitzak dira.

Musika, haur eta magia ikuskizunak Sortzen Jairako prest

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!