Hauteskundeak 2019

Aitor Balbas: “Aldaketa ausartagoa eta sakonagoa nahi dugu”

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 15a, 10:26

Aranzadi taldeko Aitor Balbas hautagaiaren esanetan, azken lau urteotan aldaketaren oinarriak ezarri dira. Nolanahi ere, hainbat arlotan motelegi jokatu izan da; Iruñeak aurrera egiteko erabaki sakonagoak behar dituela uste du. 

Aldaketa ausarta da Aranzadi Hiritar Hautagaitzaren leloa. Legealdi honetan gertatutakoak berriz gerta ez daitezen lan egiten segitu nahi dute datozen lau urteetan Iruñeko Udalean. Aitor Balbas hautagaitza horretako kideak esan du egin nahi izan dituzten aldaketak bakarrik puntu bateraino iritsi direla: “Bada garaia beste esfortzu bat egin eta aldaketan sakontzeko”, gaineratu du. Nahi baino motelagoa izan da lau urteotako aldaketa Balbasen ustez: “Bizilagun askoren beharrak eta nahiak ez dira ase. Begibistakoa da gainera. Aste honetan etxebizitzaren arazoa mahai gainean jarriko da. Hori izan daiteke adibide aldaketaren motelaldia azaltzeko”.

2015ean, Ahal Duguk babestu egin zuen Aranzadi, baina oraingoan bakoitza bere aldetik aurkeztuko dira. “Aranzadik ahaleginak egin ditu urteotan bateratze prozesu batean murgiltzeko Ahal Dugurekin eta Ezkerrarekin. Ez da posible izan. Ahal Duguk Madrilen hartzen dituelako erabakiak eta Ezkerra alderdikeriekin aritu delako kalkulagailua eskuan”, azaldu du. “Bozka baliagarria Aranzadirena izanen dela ziur naiz”, nabarmendu du. 

Beste lau urtez aldaketa posible izanen dela uste dut. Hori erdiesteko hauteskundeetan parte hartzea garrantzitsua izanen da: “Gero eta jende gehiago gerturatu botoa ematera orduan eta hobe. Hori izanen da gakoa aldaketak indarra izaten segi dezan. 2015ean esan genuen bezala, orain arte abstentziora jo dutenen, prekarietatean bizi direnen eta politikatik urrunduta egon diren sektoreak hurbiltzea da izanen da gakoa oraingoan ere”.

Legealdi bat, hiru urte udal talde barruko lanean

“Aldaketaren gobernuak gauza asko egin ditu, ez dugu ukatzen”, aitortu du Balbasek. “Esaten ahal da oinarriak jarri direla arlo askotan. Gure kasuan, existitzen ez ziren hiru zinegotzirekin hasi ginen: parte hartzea, berdintasuna eta mugikortasuna. Oso aurrekontu txikiekin ekin genion bideari baina hala eta guztiz ere arlo horietan gauza inportanteak egin dira: ordenantza berriak, Pio XII.a, hiria atseginagoa egiteko plana…”, izan du gogoan. Arazoak sortu direnean faltan bota dute EH Bilduren hurbiltzea. “Hori egon da gure kanporatzearen atzean, arrazoietako bat izan da”. EH Bildu Geroa Bairekin lerrotu dela iruditzen zaio eta horrek baldintzatu duela erabakiak hartzerakoan. Aldaketaren gehiengoak uste zuen EH Bildu bestelako politikak egiteko ausardia izanen zuela baina moteldu egin da zenbaitetan Balbasen esanetan.

Argi eta garbi dagoena da aurrera begira  ezinbestekoak izanen direla aldaketaren aldeko indarrak. Baina, 2015ean eza bezala oraingoan beste modu batean eginen dituzte gauzak, ziur da horrekin Balbas. “Negoziazioak bulego itxietan ez ditugu eginen. Herritarrei zabaldu behar zaizkie proposamenak.  Gardentasun gehiagoz adostu beharko ditugu gauzak. Diskrezioak zertarako balio du? “, hausnartu du.

Datozen lau urteetarako programa: Aldaketa ausarta

Zenbait gairen inguruan mintzatu da Balbas datozen lau urteei begira. Hauexek utzi dituen ideietako batzuk:

-Parte hartzea. UPNren garaietatik zeuden murrizketak kentzen lan handia egin da, ateak zabaldu dira eta azpiegitura batzuk herritar guztientzat zabaldu dira. Horrek aldaketa islatzen duela uste du Balbasek. “Parte hartzeaz ari garenean, demokrazia aktiboagoa eta eraginkorragoa beharrezkoa da. Erreferrendun lotesleak bultzatu beharko lirateke, aurrekontu parte hartzaileak sortu, zentro sozial autogestionatuak babestu … “. Itzalean edo oker egin diren ekimenen artean legealdi honetan udalak hustu dituen 4-5 gaztetxe dira: Caparroso, Sarasate, Rozalejo... izan da Aranzadiko zerrenda kidearen ustez.

-Memoria Historikoa. Erorien Monumentuarekin zer egin? Legealdiaren isla dela uste du. “Zergatik ez da ezer egin? Ez da bakarrik eraistea edo berrizendatzea. Mantsoegi joan gara. Hirigintza arloan dago, EH Bilduren erabakia izan da. Ez da kontsultarik egin eta ez da erabakirik hartu lau urteotan”, azaldu du.

-Feminismoa eta berdintasuna. Akordioak erdietsi dira eta oinarrizkoetan bat egin dute denek. “Guztiok ados gaude. Prebentzio arloan landu behar da gehiago. LGTBI taldeei ere babes handiagoa eskainiko genieke. Genero begiradarekin egin aurrekontuak. Administraziotik eta udaletik diru gehiago jarri behar da halako politikak bizkortzeko”, esan du.

-Etxebizitza. “Amaitu da denbora erroldak egiten egoteko”. Alokairuak garestitu egin dira. Banketxeei aurre egin behar zaie eta desjabetze politika bat martxan jarri Aranzadiren ustez.

-Eskubide sozialak. 2015ean esaten genien bezala, zergak, tasak, udal-prezioak modu progresiboan garatu behar dira Aranzadiren aburuz. “Gehiago duenak gehiago ordaindu behar du. Horrekin batera, zerbitzu gehiago eskaini behar ditu udalak. Garbiketa zerbitzua adibidez”.

-Segurtasuna eta udaltzaingoa: “Udaltzainak kenduko genituzke eta bitartekaritza bulegoak martxan jarriko genituzke”.

- Mugikortasuna. “Mantsoegi eman dira pausoak. Barañain-Burlata ardatza anbizio handiagoarekin egin behar da atseginagoa. Bizikleta eta oinezkoentzako bulebar erraldoia sortuko genuke. Hortik aurrera, bizi zerbitzu publikoa”.

-Kultura. Zezenketarik gabeko festak eginen lituzke Aranzadik.

-Euskara. Euskalgintzak mahai gainean jarritako proposamenekin egiten dute bat.

-Hezkuntza: 0-3 zikloa unibertsalizatu, doanekoa sortu beharko litzateke.  

-Bertatik bertarako merkataritza. “Ezin da etengabe hitz gin tokiko merkataritzaren alde eta Ikea, Unzuko hostela egitea, Miserikordia etxe alboan saltoki gune handia eraikitzea…”.

-Turismoa eta gentrifikazioa: Ordenantza berri bat sortu eta etxe turistikoak murriztu  behar direla uste du Aranzadik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!