Hauteskundeak 2019

Edurne Egino: “Aldaketan sakondu behar da, ezkerretik”

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 14a, 14:35

Izquierda Ezkerraren Iruñeko alkategai Edurne Eginok baikor egiten dio aurre maiatzaren 26ko erronkari, aldaketak gehiengo osoa berretsiko duelakoan: “Oso zaila dagoela esan behar da, baina oso baikorra naiz".

Eginori ez zaio atzendu duela lau urte aldaketa oso boto gutxirengatik lortu zela. "Oso boto gutxi dago eskuinaren eta gure artean. Jendeari esan behar diogu ezer ez dagoela eginda. Jendea animatu behar dugu bozkatzera. Ni baikorra naiz. Aldaketaren aldeko 14 zinegotzi berriz eskuratuko ditugula uste dut”.

IEko zerrendaburuak azaldu duenez, “batez ere” Ahal Dugu-rekin batera aurkezten ahalegindu dira (Aranzadi ez du aipatu), baina “ez da posible izan”. Ez du azaldu nahi izan adostasunik ez lortzearen errua norena izan den, horretarako garaia ez delakoan. “PSNren ezkerrean dagoen espazioan bat egiteko lan egin behar dugu, baina hori ezin da egin hauteskundeetarako 15 egun falta direnean. Hauteskundeen ondotik serio hitz egin behar dugu, eta lan egin beha dugu helburu horrekin”, esan du. Nolanahi ere, “bat gehi bat beti ez da bi, galde diezaietela bestela Navarra Sumari edo Cambio-Aldaketari”.

Aldaketaren akatsak zuzendu behar

Eginoren aburuz, aldaketak aurrerapausoak egin ditu, baina “gehiago sakondu behar da, ezkerretik”. Haren aburuz, akatsak ere izan dira: “Beti ezin da egin nahi dugun guztia. Eta nahi dugun abiadura. Baina denbora galdu dugu gure artean ez garelako behar bezala konpondu. Irakaspen bat izan behar da etorkizunerako. Lau urte hauetan asko ikasi dugu. Aurrerantzean, exigenteagoak izanen gara IEtik, hori gerta ez dadin. Mugikortasunean hori izan da akatsik handiena”.

Arazoak gutxiago izanen ei ziren baldin eta akordio programatikoaren jarraipenerako batzordea sortu izan balitz. “Gu hasieratik saiatu ginen metodo bat sortzen, adostu genuen programa hori aurrera ateratzeko batzorde baten bidez. Geroa Baik aurka egin zuen, eta EH Bilduk ez zuten deus egin. Nafarroako Gobernuan hori hobeki egin dute. Batzorde hori sortu zuten. Egunerokotasunetik kanpo lau taldeen artean hitz egiteko, eta gauzak bideratzeko beharrezkoa da. Hortik ikasi behar dugu hurrengorako. Udala orekatuagoa izan behar da”.

Gizarte Ekintzan egindako lanaz harro

Eginok Gizarte Ekintzaren alorra kudeatu zuen legealdiko lehen hiru urteetan. Harro azaldu da egindako lanaz: “Langileek laguntza handia eman digute, eta hor eman ditugun hiru urteak asko aprobetxatu ditugu, aurrerapauso handiak egiteko okerren dagoen jendearekin.”

IEko zerrendaburuak zenbait neurri zehatz nabarmendu ditu: “Emergentzia laguntzak hirukoiztu egin ditugu. 600.000 euro jarri ditugu hor, urtero. Eskola jantokietako laguntzak bikoiztu ditugu. Hainbat etxebizitza zaharberritu egin dira. Inportantea izan da ere etxean daudenei laguntza ematea. Enpresa batek egiten zuen. Udalera ekarri dugu. Eta horretan lan egiten duten emakumeen baldintzak hobetu ditugu”.

Aurrera begira, etxebizitzaren alorrean aurrea egiteko premia abarmendu du: “Alokairuak gora doaz. Etxebizitza huts asko ditugu eta ez gara gauza izan merkatuan jartzeko. Udalak 300 etxebizitza huts ditu 100 konpondu dira. Baina gehiago ez. Ez dakit Geroa Baik-eta zergatik ez dituzten konpondu nahi Autobus Geltoki zaharraren gainean dauden etxebizitzak. Etxebizitzak lehenetsi behar ditugu”.

Bestalde, parte hartzeari dagokionez, legealdi berria bi galdeketarekin zabaltzeko proposamena egin du: Erorien Monumentuaren etorkizuna. Izan ere, “legealdi hasieran galdeketak iragarri ziren, baina ez da hitza bete”.

Feminismoaren alorrean aurrerapausoak egin direla dio, “batez ere gizarte mugimenduetatik”. “Berdintasuna bultzatzeko hasi behar da udal langileen arteko soldata aldea murrizten”, gaineratu du..

Iruñeko Plan Urbanistikoa duela 20 urtekoa da, eta hori aldatzea premiazkotzat jo du. “Orduan, irizpidea zen autoak hiri barruraino, zentroraino sartzea. Horri guztiari buelta eman behar zaio, eta egungo irizpideekin egokitu, moldatu Autoek gero eta mantsoago joan behar dute. Eta hirian oinez, bizikletaz eta autobusez sartu behar dugu. Auzo guztietan jarri behar ditugu bizikleta aparkaleku babestuak, eta auzoak konektatu behar ditugu. Carlos III bat auzo bakoitzean”.

Eginoren arabera, “legealdiko akats handienetako bat izan da Geroa Baik eramanda onartu den arautegia”. Izan ere, “hotel berriak egin daitezke. Izugarrizko atzerapausoa da. Ahalik eta lasterren beste arautegi bat onartu nahi dugu. Alde Zaharra auzo berezia da, baina bizilagunik gabe ez da auzoa”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!