M26ko hauteskundeei begirako elkarrizketa sorta abian jarri dugu gaur Euskalerria Irratian. Aste honetan, Iruñeko Udalerako hautagaiekin mintzatuko gara. Datorren astean, Nafarroako Parlamenturakoekin.
“Ahal zen guztia egin dugu IE-rekin bat egiteko”
Duela lau urte, Ahal Dugu-k Aranzadi babestu zuen Iruñeko Udal hauteskundeetan. Maiatzaren 26an, bakoitza bere aldetik lehiatuko da. “Babestu genuenean, planteamendua zen Aranzadi lau urte egotea, eta gero Ahal Dugu etortzea, orduan oraindik ez geundelako prest. Babesa eman genien hainbat lekutan halako hautagaitzei. Aranzadiren zikloa amaitua zen, baina planteatu zuten segitu nahi zutela, eta elkartu nahi zutela, baina ez da logikoa elkartzea, haien proiektua epe jakin batekin sortu zenean”, azaldu du Ruiz de Galarretak. “Duela lau urte babesa eman genien, baina gero ez dugu parte hartu Aranzadin, gu kanpoan izan gara”, gaineratu du.
Ahal Dugu-k honako honetan nahiago zuen Izquierda Ezkerrarekin batera aurkeztu hauteskundeetara: “Guk IErekin batera joatea planteatu genuen. Ahal izan dugun guztia egin dugu hori hala izan zedin, baina ez da posible izan”.
Indar moreko hautagaia baikor azaldu da emaitzei begira: “Guk orain gure espazioa indartu nahi dugu, eta uste dugu emaitza onak lortuko ditugula. Askotan bat gehi bat ez dira bi. Ikusita nola gauden, buelta eman behar diogu. Jendea ez da tuntuna. Hauteskundez hauteskunde egiten ditu bere hausnarketak eta horien arabera bozkatzen du. Aldaketa baloratuko dutela uste dugu”.
“Konbentzitzea da gakoa, ez inposatzea”
Ruiz de Galarretak begi onez dakusa aldaketak orain arte egindako lana. Nolanahi ere, gehiago egin daitekeela, sakondu egin behar dela uste du, “eta horretarako Ahal Dugu bermea da”.
“Gauza bat da zer egin den eta beste bat zer zarata atera duten UPNk, PSNk eta Diario de Navarrak horren kontura”, esan alderdi moreko hautagaiak, eta mugikortasuna jarri du horren adibidetzat: “Haiek ziotenaren aurkakoa gertatu da. Hiri irekiagoa da. Lehen zutabeak jarri dira hazteko. Nolanahi ere, gauzak hobeki egin zitezkeela uste du: “Lehentasuna zeri eman, hori izan da arazoa. Lehentasuna Pio XII.a zen? Ez dakit. Agian Txantreatik has zitekeen, han babes soziala handiagoa baita. Izan ere, haren irudikoz, “oso garrantzitsua da jendea konbentzitzea, ez inposatzea”.
“Hiri trinko eta orekatua behar dugu”
Bestalde, Ruiz de Galarretak irudipena dauka auzoak ez direla behar bezainbeste aintzat hartu, ez mugikortasunean ezta bestelako gaietan ere. “Politika sozialak mahai gainean jarri dira, baina gauza gehiago egin behar dira. Hiria estrukturatu behar dugu, auzoen arteko oreka bilatuz, hiria trinkotuz”.
Ahal Dugu-ko hautagaiak gogora ekarri du “Barcinak eta Mayak, PSNrekin elkarlanean” utzi duten herentzia: “Hor daude azalera handiko saltokiak. Hiri bat guztiz zabaldua. Tokiko merkataritza bultzatzearen alde azaldu da, “baina ez Alde Zaharrekoa eta Zabalgunekoa soilik, auzoak ere garrantzitsuak dira gai honetan, eta husten ari dira”.
Turistifikazioaren arazoari dagokionez, “Ahal Dugu ez dago turismoaren kontra, baina bai Alde Zaharrean turismoa eta turistifikazioa zentralizatzearen kontra”. Hori horrela, “baimen luzamendua behar da, , ez litzateke baimenik eman beharko Alde Zaharrean hotel eta ostatu gehiago zabaltzeko”.
Zerbitzu sozialei dagokienez, “beste eredu bat martxan jarri behar dugu”. Izan ere, “teknikoek lan egiten dute laguntza bila etortzen denarekin soilik. Burokrazia eta benetako laguntza nahasten da. Prebentzio lan handiagoa egin behar da”.