Iruñeko Udalak gaur goizean aurkeztu du gertu diren sanferminei begira Foruen eta Compañia plazetako agertokietarako prestatu den musika-programazioa. Foruen plazarako, berriro egin da entzule gazteen aldeko apustua, rap eta hip-hopean puri-purian dauden proposamenez, Ayax eta Proken eta La Furia, La Ira eta Mafalda taldeen emanaldiak tartean, eta, baita ere, bestelako musika-estiloak ekarrita, esaterako Koma eta Gatiburen rocka eta Efecto Mariposa eta Soraya Arnelasen pop komertzialena, zeinek adin-tarte zabalagoa erakarriko baitute. Compañía plazari dagokionez, arratsaldeko eta gaueko emanaldiei eutsi zaie, lehen mailako jazzaz eta munduko musiken sorta zabalaz, Paquito D´Rivera maisu kubatarraren, Hot 8 Brass Band-aren eta Systema Solar talde kolonbiarraren emanaldiak nabarmentzen direlarik.
Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak, Esther Cremaes Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkariak, Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak eta Ruth Losada Gazteriako teknikariak ezagutarazi dituzte musika-programazioa eta gazteei zuzendutako jarduera-proposamena, ondoz ondoko hirugarren urtez haiek beteko baitute Foruen plaza arratsalde-gau partean. Musika-emanaldien kartela osatzean, joan den urteetako ildoari jarraitu zaio, gutxi gorabehera. Musika-genero eta artisten aniztasun handiagoa bilatu da, tokikoa, estatukoa zein nazioartekoa uztartu eta gizon eta emakumeen presentzia orekatu nahian, gazte talentudunen alde eginez eta hizkuntza-aniztasuna ere islatuz, talde euskaldunen bidez. Foruen eta Compañía plazetako musika-ekitaldietarako aurrekontua 160.446 eurokoa da, eta horri gehitu behar zaio arratsaldeko gazte-programazioaren kopurua, 55.000 eurokoa.
Jaietan zehar, Foruen plaza erreferentziazko gunea izanen da berriro gazteentzat, arratsaldero izanen baitute, uztailaren 7tik 14ra, 20:00etatik 23:30era, jarduera-programa bat; gero, egun bakoitzerako antolatutako kontzertua eginen da bertan. Arratsaldeetan honelako jarduerak izanen dira: arropa nork bere gustura egokitzeko lantegiak, zirkua, alkoholik gabeko koktelak, dantza-masterclassa, apar-festa, karaokea, ginkanak eta holy-festa. Musika-emanaldiez bezainbatean, jaietako ostiral eta larunbatetan –uztailaren 6, 7, 12 eta 13an– izen handieneko edo gehien ezagutzen diren taldeek emanen dituzte kontzertuak.
Gauetan, pop komertziala, rock, rap edo hip hopa
Uztailaren 6ko gauak pop komertzialena izanen du ardatz: Foruen plazan Efecto Mariposa taldea eta Soraya Arnelas igoko dira taula gainera. Malagako bandak bere zortzigarren diskoa aurkeztuko du, Vuela, 2018an kaleratua. Halaber, Sorayak lan berria ekarriko du, eta bere musika-ibilbidean arrakastatsu izan direnak ere abestuko ditu. Uztailaren 7a, estiloa erabat aldaturik, rock eta hard rockari eskainitako gaua izanen da. Mafaldak emanen dio hasiera kontzertuei, rock berriaren esparruko talde gazteak, eta kontzertu nagusi gisa, KOMA, bere kontzertu-biran Nafarroan eginen duen emanaldi bakarrean, agertokietara egindako itzulera horretan ia hitzordu guztietan sarrerak agortuta.
Uztailaren 12an, ostegunarekin, Ayax eta Prok izanen dira protagonista hiri-musika, rap eta hip hopez beteriko gauean. Gaztelaniazko rapean gehien hazi den taldeetako bat da, erreferentea gaur egun, eta horren erakusgarri dira bai ematen dituzten kontzertuetan biltzen den jende-kopurua bai saltzen dituzten sarrerak. La Furia nafarra arituko da haiekin; rap borrokalari berriaren ordezkaria da, baita uztailaren 13an oholtzara igoko den Madrilgo La Ira taldea ere, nortasun feminista nabarmena duena. 13ko gauean ere Gatiburen kontzertua izanen da, Azken indioak izenburuko lan berriaz euskarazko musikaren berrienera itzulita, egiten duen pop rock euskalduna indartsu baino indartsuagoa den seinale.
Nazioarteko taldeak, Paquito D´Rivera maisu kubatarraren presentziaz
Compañía plazako agertokiak besoak zabalik hartuko ditu jazz doinuak eta world music delakoak, jai-arratsalde zein -gauetan, uztailaren 6tik 13ra. Uztailaren 6, 7, 12 eta 13a munduko musikei eskainiko zaizkie, eta 8, 9, 10 eta 11n jazza izanen da nagusi. Gauetako kontzertu guztiak nazioarteko taldeek edo artistek emanen dituzte, 10ean izan ezik: Javier Colina nafarra arituko da bertan, Albert Sanzekin batera.
Paquito D´Riverak emanen dio hasiera jazz-zikloari, 8an. Kubako saxo- eta klarinete-jotzailea jazzaren ordezkari gorenetako bat da, lehen mailako musikaria, hamabi Grammy sariren irabazlea eta goitik beherako erreferentea hala sorterrian nola Estatu Batuetan. Latin-jazzari jarraipena emanez, Ramón Valle arituko da biharamunean, laukote formatuan, Perico Sambeatekin elkarlanean. New Yorkeko Michele Hendricksen emankizuna uztailaren 11n izanen da, boskoteaz lagunduta; jazz bokalean eskarmentu handiko ahotsa izanen da entzungai, pop, funk edo soularen erregistroez, baina jazzaren funtsa mantenduz beti.
Munduko musikek emanen diote hasiera Compañia plazako programazioari, uztailaren 6an, Hot 8 Brass Band taldeaz, Estatu Batuetako brass band indartsuenetako bat, hip hopa, jazza eta funka uztartzen dituena. Uztailaren 7an, Systema Solarren txanda izanen da: talde kolonbiarra da, festa-girora bideratutako doinuengatik ezaguna, Karibeko DJen eta cumbia zein dantzaren kulturaren eragina antzematen zaiolarik. Uztailaren 12an, jazz-etenaldiaren ostean, munduko musikak izanen ditugu bueltan Miss Boliviaren eskutik; abeslari, musikagile, psikologo, ekoizle eta DJ argentinarra da, protesta- eta aldarri-hitzak eta musika-estiloen fusioa egiten dituena, cumbia, hip hop, dance eta reggaea nahastuta, besteak beste. Azkenik, uztailaren 13an, musika-programazioari buru emateko, London Afrobeat talde ingelesaren emanaldia izanen da, afrobeat doinuetan gora eta gora doan taldearena.
Arratsaldeetako kontzertuetan tokiko artistak izanen dira nagusi: Edurne Arizuk, Javier López Jasok eta Ysi Calimak, besteak beste, Iruñeko entzuleen aurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Halaber, DJ-saioen aldeko apustua mantendu da, aurten aintzatespen modukoa eginez 19 urte betetzen dituen Nicolette Club aretoari, hala club-eszenan nola LGTBI arloko aldarrietan Iruñean aitzindari izan baita. Bertako DJek saio bat eskainiko dute. Pamplona Swing kolektiboak ere badu arratsaldeko tartetxoa jazz-zikloaren barruan. Eta arratsaldeko programazioarekin amaitzeko, uztailaren 13an, R de Rumbak, Violadores del Verso gaztelaniazko hip hop bandarik ezagunenetarikoaren DJak, saio berezia eginen du, jazz, funk eta world music delakoa nahastuz.
Gazte-eremua Foruen plazan, Birjolastu eta Kirol Ari
Uztailaren 7an zabalduko da Foruen plazako gazte-eremua: bola-irenslea, erraztatzailea, sanferminetako arropa pertsonalizatzeko lantegia, apar-festa eta zenbait DJren saioak. 23:30ean, Koma eta Mafaldaren kontzertuak izanen dira. Uztailaren 8an, gazteendako jolas ugari berriro ere: erraztatzailea, umore horia eta gladiadore-borroka, material birziklatuen lantegia eta hiri-dantzako masterclassa. 23:30ean, bi kontzertu izanen dira: Los Lucians eta Amaia Arboniés, La Voz programako lehiakidea. 9rako giza futbolina, erraztatzailea eta Wipeout, apar-festa eta karaokea programatu dira besteak beste, eta gaueko kontzertuan, DJ Txurru arituko da.
Uztailaren 10ean kirol-ginkana eginen da (arku-tiroa, ateak eta saskiak), tatuajeak egiteko lantegia, DJ-saioa DJ Anzuren eskutik eta zumba; eta 23:30ean, musika, DJ Josu Rodríguezekin. Uztailaren 11, jarduera guztiek zirkua izanen dute ardatz. Horrez gain, alkoholik gabeko koktelak egiteko lantegia eta dantza latindarren masterclassa egonen dira, eta gauean, Hagoan eta Huntzaren kontzertua. 12rako erraztatzaile erraldoia prestatu da, baita herri-kirolak eta fotoerronka ere, arratsaldean #Andonikmugitzennau giroan murgildurik, eta, gauean, Ayax eta Proken eta La Furiaren kontzertuak izanen dira. 13an, atrakzio gehiago –saskiak, gladiadore-borroka eta umore horiko zaldaina–, apar-festa eta DJ-musika, eta gero, 23:30ean, Gatiburen eta La Iraren kontzertuak. Foruen plazako gazte-eremuak uztailaren 14an eginen du agurra, eta horretarako ur-atrakzioak eta Wipeout erraldoia prestatu dira, baita Sanfercomedy eta holy-festa ere; 21:15etik aurrera, kontzertua izanen da, La Voz eta La Voz Juniorren parte hartu zuen Javier Erroren eskutik.
Iruñeko Udalak haur zein gazteendako Birjolastu eta Kirol Ari guneak mantenduko ditu. Ondoz ondoko hirugarren urtez, Taconeran prestatuko da haurrei zuzendutako proiektua, berrerabiltzearen garrantzia azpimarratzen duena, ingurumen-jasangarritasunean aurrera egin nahi bada. Nafarroako Ingurumen Kudeaketa sozietate publikoaren bidez, Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak bat egin dute ekimen honekin, non hamabi bat gune egituratuko baitira, jolasguneak, esperientziak, elkarreragina eta erronkak ardatz.
Iazko esperientziaren ostean, berriro programatuko da Kirol Ari, aisialdirako jolas-gunea, oraingoz 15 kirol federaziorekin antolatua (piraguismoa, taekwondoa, hipika, xakea, futbola, esgrima, arku-tiroa, saskibaloia, golfa, badmintona, herri-kirolak, eskubaloia, atletismoa, arraunketa eta padela) eta 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua. Media Lunako lubanarroetan kokatutako kirol anitzetarako gune bat da, non goiz zein arratsalderako programatuko diren honako jarduera hauek, besteak beste: saskibaloia, badmintona, esgrima, golfa, arku-tiroa, piragua- edo poni-pasealdiak, herri-kirolak... Jarduera horiek ere doakoak izanen dira, irekiak, pluralak eta integratzaileak; eta laguntzaile diren kirol-federazioetako begiraleek eginen dituzte begirale-lanak.
2019ko sanferminak
FORUEN PLAZA
- Uztailak 6
- 23:30 – Kontzertuak: EFECTO MARIPOSA + SORAYA
- Uztailak 7
- 20:00 - 20:30 – Hasiera. Amaya Arboniés
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: zanpatu satorra, bola-irenslea eta erraztatzailea
- 20:00 - 21:00 – Lantegia: Pertsonalizatu sanferminetako arropa
- 21:00 - 21:30 – Apar-festa
- 21:00 - 22:30 – #Goldendjs
- 23:30 – Kontzertuak: KOMA + MAFALDA
- Uztailak 8
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: umore horia, erraztatzailea eta gladiadore-borroka
- 20:00 - 22:00 – Lantegia, birziklatutako materialez
- 21:00 - 22:30 – Hiri-dantzako masterclassa
- 23:30 – Kontzertuak: LOS LUCIANS + AMAYA ARBONIÉS
- Uztailak 9
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: giza futbolina, erraztatzailea eta Wipeout
- 20:00 - 20:30 – Apar-festa
- 20:30 - 22:30 – Karaokea
- 23:30 – DJ TXURRU
- Uztailak 10
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: kirol-ginkana (arku-tiroa, ateak eta saskiak)
- 20:00 - 21:00 – Tatuaje-lantegia
- 20:30 - 22:30 – Zunbalain + DJak
- 23:30 – DJ JOSU RODRÍGUEZ
- Uztailak 11
- 20:00 - 22:30 – Zirku-jolasak eta -jarduerak
- 20:30 - 22:00 – Alkoholik gabeko koktelen lantegia
- 21:00 - 22:30 – Dantza latindarren masterclassa
- 23:30 – Kontzertuak: HAGOAN + HUNTZA
- Uztailak 12
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: erraztatzaile erraldoiak eta herri-kirolak
- 20:00 - 20:30 – Fotoerronka
- 20:30 - 22.30 – #Andonikmugitzennau
- 23:30 – Kontzertuak: AYAX eta PROK + LA FURIA
- Uztailak 13
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: saskiak, gladiadore-borroka eta umore horiko zaldaina
- 20:00 - 20:30 – Apar-festa
- 20.30 - 22:30 – DJ Andu + Zumba
- 23: 30 –Kontzertuak: GATIBU + LA IRA
- Uztailak 14
- 20:00 - 22:30 – Jolasak: Wipeout erraldoia eta ur-jolasak.
- 20:00 - 21:00 – Komedia-jaialdia
- 21:00 – Holy-festa
- 21:15 - 22:45 – Kontzertua: JAVIER ERRO
KONPAINIA PLAZA
Arratsaldez |
Gauez |
|
Uztailak 6 |
NICOLETTE ALLSTARS: TXABI B2B GARCY |
HOT 8 BRASS BAND |
Uztailak 7 |
JAREL BABEL |
SYSTEMA SOLAR |
Uztailak 8 |
SWINGFERMÍN - PAMPLONA SWING eta DJ SUGAR DREW |
PAQUITO D’RIVERA SEPTET. CARIBERIAN TOUR 2019 |
Uztailak 9 |
EDURNE ARIZU. FRICCIONES |
RAMÓN VALLE QUARTET FEAT. PERICO SAMBEAT |
Uztailak 10 |
JAVIER LOPEZ JASO & MARCELO ESCRICH QUARTET. APORÍA |
ALBERT SANZ ETA JAVIER COLINA. SAMPA |
Uztailak 11 |
YSI KALIMA |
MICHELE HENDRICKS QUINTET |
Uztailak 12 |
LAS HIJAS DE LA CUMBIA |
MISS BOLIVIA |
Uztailak 13 |
R DE RUMBA. WORLD, JAZZ & FUNK SESSION |
LONDON AFROBEAT COLLECTIVE |