San Ferminetako entzierroak martxoan

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 15a, 13:56

Entzierroaren hesiak itzuli dira Iruñeko alde zaharrera. Igande honetan, Txinako "Line Walker 2" pelikula grabatuko da hiriko kaleetan, San Ferminetako entzierro bat irudikatuz. Hermanos Aldaz enpresak, ekainean jarri ohi duen hesia jarri du egunotan entzieroko ibilbidean. Grabaketa igande goiz eta arratsaldean eginen da, eta entzierro inguruko kaleak, tabernak eta dendak erabat itxita egonen dira.

Udaletxearen atzekaldean ikuilu bereziak jarriko dituzte eta entzierro berezi hau Estafeta kaleko erdikalderaino iritsiko da. Ohiko azpiegitura osoa jartzen ari dira, bi hesi eta guzti. Larunbat gauean bukatuko dira instalazio lanak, igande goizaldean, 7ak aldera, zezenak irits daitezen grabazioarekin hasteko. Pertsonen mugikortasuna oso mugatua izanen da eta ez da utziko filmean parte hartzen ez duen pertsonarik hesietan jartzerik. Alde zaharreko bizilagunek ere mugatua izanen dute etxetik irten eta sartzeko mugimenduak, filma grabatzen den bitartean.

Grabaketa eta bere ondorioak direla eta, Karrikiri Euskal Dendak, bertan behera utzi egin du igande eguerdirako programatuta zuen Iurgi Ekizaren kantaldia. Alde zaharreko kaleak itxita, dendara ailegatzeko zailtasunak ikusita, Hitzen Jotsa zikloko emanaldi hau bertan behera geratuko da. Sarrera erosia zutenek, dirua itzultzea eskatu dezakete Karrikirin bertan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!