Asteartean, martxoak 12, Iruñeko Udalak gazte zein helduendako antolatzen duen euskarazko umore-zikloa itxiko da, Nafarroako Antzerki Eskolan. Saio bikoitzaz itxi ere, bi ikuskizun taularatuko baitira, biak ala biak ostalaritza-areto batean bizitako uneen ingurukoak. Nafarroako Antzerki Eskola
Alde batetik Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña ikuskizuna Mikel Martinez aktore, idazle eta Bilboko Tartean Teatro konpainiako kideak igoko du oholtza gainera. Eta geroago iritsiko da Komunak, Irati Agirreazkuenaga eta Arantzazu Sanz antzezleen eskutik eta Iosu Florentinoren zuzendaritzapean, guztiak Alanbike konpainiako kideak (Bilbo).
Saiorako sarrerak, zikloko ikuskizun guztietarako bezala, NAEko leihatilan eskuratu daitezke, 3 euroan. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da. Eta halaxe buru emango zaio 2019ko IrriZikloari. Orduan, edizio honetan euskarazko antzerkiko udal-zikloak zazpi ekoizpen taularaturik izango lituzke, otsail eta martxo artean egin diren bost saiotan, eta ohikoa denez, Nafarroako Antzerki Eskolarekin elkarlanean. Bakarrizketak, pertsonaia bitxien istorioak, benetako gertakarien parodiak, pasadizoak, benetako albisteak eta askotariko estualdiak; horrelakoak izan dira agertokian aste hauetan zehar.
50 minutu barran eta komunean
Tabernaria 30 bat minutuko taberna-bakarrizketa da. Establezimenduko jabeak ohiko bezeroei kaña bat nola zerbitzatu behar den azaltzea erabaki du, baina askoz harago joango da, eta bakarrizketa horretan, tabernariak bere beldurrak eta nahiak aditzera emango ditu, gizarte-eztabaidarako gai jakingarriak ere mahaigaineratuz. Antzezlea Mikel Martinez izango da, idazlea, 80ko hamarkadan sortutako Bilboko Maskarada konpainiaren sortzailea eta telebistako aktorea. Martinez eta Telleria elkarrekin aritu ziren Maskaradan, euskarazko obrak profesionalki taulatu zituen lehen konpainian; ondoren, Ez Dok Hiru Bikoteatroa sortu zuten biek, eta bikote artistiko gisa sendotu. Horrez gain, Patxo Telleriak antzerkiko Max saria jaso zuen 2004, gidoigile gisa.
Bigarren proposamena 20 minutu ingurukoa izango da: establezimendu baten beste toki batean gertatzen den istorio bat, jatetxe bateko komunean, alegia. Bi neska, Nekane eta Miren, elkarrekin sartzen dira komunetara. Horrek badu zerbait ez ohikotik: bat-batean egin dute topo eta ez dira adiskideak, nahiz eta elkar ezagutzen duten, eskola berean ikasi zuten eta. Idoia Barrondok idatzi du antzezlana, eta Bilboko 6. Pabilioiko Antzerki Arinaren V. edizioko epaimahaiak aipamen berezia eman zion.
Agirreazkuenaga eta Sanz antzezleak Bilboko Alanbiken ari dira gaur egun. Lehena antzerki-aktorea da, kazetaria, eta EHUko irakaslea; irrati zein telebistan lan egin du, eta kazetaritzari buruzko zenbait liburu eta artikulu idatzi ditu. Bigarrena Arte Eszenikoetan diplomaduna da, eta estatuko zein nazioarteko zenbait workshop-etan prestatu da; horrez gain, 2011ko Zinegoak zinema-jaialdian saridun izandako Estereotipos film laburreko zuzendarikidea da.IRRIZIKLO. NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA
Ordutegia: 20:00.
Sarrerak: 3 euro