Bukatu da mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa: Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia. Bi egunez aritu izan dira 19 hizlari, hizkuntza gutxiagotuen oraina eta gero aztertu dutela. Egun hauetan aritutako hiztun batek baino gehiagok hartu du ahotan hizkuntza gutxiagotuetako akademien arteko elkarlana, edo, bederen, lanen partekatzea, eta horretara dator hain zuzen, gaur Euskaltzaindiak aurkeztu duen hitzarmena.
Akordioarekin erakundeen arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jardun nahi da. Hauek izan dira Europako hizkuntza akademia eta instituzioen arteko ituna babestu duten erakundeak: Andres Urrutia (Euskaltzaindia); Cor van der Meer (Fryske Akademy); Benoit Dazeas (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana); Henrique Monteagudo (Real Academia Galega); Joan Argenter (Institut d´Estudis Catalans); eta Elena Chiocchetti (EURAC - Institute for Applied Linguistics).
Bost zio zehaztu dira bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez. Batetik, eremu urriko hizkuntzen batasuna jagon, nork bere hizkuntzan; besteak beste, ikerketa sustatuz, araudi lexiko gramatikalak ezarriz eta eguneratuz eta hizkuntzan gizarte bilakaera begiratuz.
Bigarrenik, erakundeen arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jardun, xede-helburuetan bat datozenez. Hala nola, hizkuntza biziberritzeko proiektuak nahiz esperientziak, ikerketak edo argitalpenak trukatuz.
Hirugarrenik, akademia, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroen sarea eratu, Europako eremuaren barruan. Laugarrenik, funtsezko hizkuntza-eskubideak aldeztu eta begirunea bultzatzea behar duten herrialdeei elkartasuna adieraziz. Bosgarrenik, ikerketa zientifikoak eta jakintza zabaldu, kudeaketa proiektuak sustatuz.
Argitalpen elektroniko berriak
Eskubideak defendatzeko ituna akuilatzeaz gain, Euskaltzaindiak lan berriak ezarri ditu kontsultagarri, webgunean. Besteak beste, Euskaltzaindiak euskararen estatusari edo hizkuntza-eskubideei buruz egindako adierazpenak, 1976tik hasi eta 2018ra artekoak. Adierazpen gehienak, botere politikoek hartu izan dituzten erabakien ondorioz sortuak direla azaldu du Andres Iñigo argitalpenaren arduradunak, “euskararen bermeak ukatu edo kaltetu direnean”.
Hizkuntza-zuzenbidea ere sareratu da, hots, botere publikoen betebeharrak eta araudia batzen dituzten idatzien sorta. Gotzon Loberaren hitzetan, “segurtasun juridikoak errazten du erabilera, eta zentzu horretan, tresnak erabilgarri jarri nahi izan da, bai zuzenbide adituentzat bai eta herritar guztientzat ere”. Zentzu horretan, bilaketak eta kontsulta bide berriak erraztea lehenetsi da, Aitor Maritxalar informatikariak azaldu duenez.