Mikel Zalbideren eskutik, Jagon sailaren ibilbideari gainbegirada zabala emanez ekin zaio bi eguneko jardunaldiari. Euskararen Historia Soziala egitasmoaren zuzendariak ehun urteotako zedarriak xehatu ditu, Sabino Aranak 1901ean Hendaian esandakotik abiatuta. Euskarak, baldin eta iraungo badu, bi gauza ezinbesteko dituela nabarmendu zuen jeltzaleak. Batetik, gaitasuna eman behar zaiola, eta bestetik, egunerokoan beharrezko bilakatu behar duela.
Jagon lanak idazkuntzaren alderdiari erreparatu zion lehen urteetan, jendeak alfabetatu beharra zeukalako, batetik, baina bestetik, euskarari bizitza modernora egokitzeko ezintasuna leporatzen ziotenei aurre egin behar zitzaiolako. “Egingarrienetik abiatu ziren”, nabarmendu du Zalbidek, “bazekiten hoberena eta egingarria ez direla beti gauza bera. Alegia, egingarriagoa zen dotrina zabaltzea, pulpitutik euskara heda zezaten, Donostiako Alde Zaharrean euskaraz eginaraztea baino”.
Urteotan, Jagon sailak lau planotan jardun duela azaldu du Zalbidek. Batetik, ikertu egin du: “Eredu bateratua edo euskara batua sortzen lagundu du, hain zuzen, Jagon sailaren zeregina izan zelako lehen urteetan”. Bestetik, hizkuntzaren erabilera indarberritzeko ahaleginean aritu da. Hirugarrenik, gogoeta bideratu du Jagon Sailak, alegia, “euskalgintzaren lehentasun eskema” zein behar duen finkatu du, eta gogoetaren garrantzia azpimarratzearekin batera, Euskararen Liburu Zuria balioetsi du. Jagon Sailak aplikazio lana ere egin du Zalbideren hitzetan, baita, Lizardiren hitzak baliatuz, “Euskara handiki soinekoz jantzi” ere edota euskal nortasuna babestu eta aldarrikatu. Adibide zehatzetara ekarrita, D titulua sortu, bertsolari txapelketak antolatu, alfabetatze kanpainak egin, bide-seinaleak zehaztu nahiz izendegia finkatu. Azken hori “hain izan da arrakastatsua” Zalbideren aburuz, “Casillasek berak Iker izena izatea ere normala iruditzen zaigula”.
Aurrera begirako ikuskeratik, “indarra dugun tokian indarrik ez galtzea da premia. Gutxiago oinarritu euskaltegietan, eta gehiago bere buruari euskaraz eusten dion multzoan”.
Bigarren hitzordu mamitsua Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko kide, Garabideko sortzaile eta pentsalariak jarri du. Sarasuak azken 15 urteotako erradiografia egin du, munduko beste hizkuntza gutxiagotuetako hiztunekin lankidetzan aritzeak ematen dion talaiatik. Ingurumaria hitz bakarrean adierazi beharko balitz, “galbidea” da Sarasuak hautatuko lukeena: “Korapilo unibertsal batean gaude, hizkuntzen lehia mundu mailakoa baita. Beste hizkuntza gutxiagotuentzat, izan gaitezke, ez eredu, baina bai alderatze iturri. Minbizitik gatoz, minbizia gorputzean daramagu, eta besteek ere minbizia dute, heriotzaurreko minbizia. Guk 60 urte daramagu terapia esperimental batean eta bizirik diraugu. Terapia trafiko hori dugu eskaintzeko”.
Azkenik, koiuntura berriari buruzko ikuspegia berritu beharra nabarmendu du: “Geure ereite estrategia zein den birpentsatu behar dugu. Belaunaldi berrien atxikimendua aldatu da garai likido hauetan eta hori ekarri behar dugu geure ikuspegi orokorrera”. Panorama ezkorrean espazio berriak ere badirela nabarmendu du, eta aukerak ere badirela. “Giro berri bat sortzeko aukera dugu, hortik begiratu beharko genioke etorkizunari”.
Nafarroako ordezkari politikoekin batzartu da Talamoni
Bihar, Iruñeko biltzarrean parte hartuko du Jean-Guy Talamoni Korsikako parlamentuko presidenteak. Gaur, Nafarroako ordezkari politiko nagusiekin batzartu da Talamoni; honela, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko lehendakariak hartu du goizetik, eta ondoren Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarekin eta Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin batzartu da Talamoni. Mintegia zuzenean eskainiko da, streaming bidez, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian.