Iruñeko Plan Estrategikoa 2030, abian

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 19a, 08:03
Gazteluko plazaren argazkia. Arg: Turismo Navarra

Datozen asteotan 600 bat inkesta egingo dira telefonoz, hiriko bizi-kalitatearen inguruko pertzepzioari buruz.

Iruñeko Udalak hasiera eman dio Iruñeko Hiri Plan Estrategikoa 2030 delakoaren aurre diagnostikoari, xede hartuta herritarren eta tokiko eragileen laguntzaz hautematea hiriak zer erronkari egin beharko dion aurre gaurtik 2030era bitarte. Lehen fase horretan Iruñeko zenbait berezitasun jasoko dira, lurraldekoak, ekonomikoak, ingurumenekoak, gizartekoak, politikoak eta kulturalak; horrela, erdigunean jarriko dira etorkizunera begirako erronkak, eta hiriaren estrategiaren ardatzak osatuko dituzten aldagaiak hautemango.

Estrategia-prozesu horren aurreko fase honetan hiriaren pertzepzioari buruzko irudi zehatza lortu nahi da, eta erabiliko den metodologiak formulazio egokia bermatu ez ezik aintzat hartuko ditu hiriaren testuinguruko esparruak, bai eta bertako lurralde-mugartean jardunean diren eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalen aniztasuna ere. Ikerketa hori zutarria izango da Hiri Plan Estrategikoa (HPE) idazteko 2018 eta 2019 artean egingo den lanari begira.

Oinarri teoriko gisa, hirien plangintza estrategikoaren jomuga epe luzera nahi den hiri-eredua ezartzea da, hori lortzeko jarduketa-ildoak zedarritzea eta eredua betetzen dela ebaluatzeko jarraipen-sistema egoki bat sortzea. Plangintza on batek, gainera, zabalik egon behar du unean-uneko behar eta egoeren bilakaeraren araberako aldaketak egiteko Jarduketa-esparru hori Udalaren politika eta proiektu guztietan aplikatuko da planak aurreikusitako denbora-muga horren barruan, azken batean, hirian bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko.

Iruñeko herritarrek HPEaren fase ezberdinetan parte hartu ahalko dute, bide ezberdinen bidez: HPEaren foroa (herritarren partaidetzako organo gorena, plan estrategikoaren egituran), sektore eta lurraldekako lantaldeak eta Iruñeko Udalaren partaidetzako Erabaki plataforma. Orain, Estrategia Bulegoan azterketa historiko bat egiten ari dira, bigarren mailako iturrien bidez (sektore eta lurraldeen araberako diagnostikoak adibidez) adierazgarritzat jo diren aldagaien gainean, horrela hiriaren egoerara lehen hurbilketa egiteko. Hori horrela, datorren astean hasiko da iritziak biltzeko prozesu bikoitza.

Galdera kuantitatibo eta kualitatiboak

Udala datorren astean hasiko da Iruñeko bizi-kalitateari buruzko iritzi-inkestak egiten, telefonoz, 600 lagunez osatutako lagina hartuta. Prozesu horren ostean, herritarrek duten pertzepzioaren argazki bat lortuko da, Europako Batzordeak hainbat alderdiren inguruan erabiltzen dituen estandarren araberakoa, eta egoeraren analisia baliogarria izango da herritarren pertzepzio hori alderatzeko Europako beste 75 hiritan dagoenarekin, analisi-parametro berberak erabili baitira.

Inkesta orokor horrez gain, hasierako fase horretan kontsulta kualitatiboa egiten duen bigarren maila bat proiektatu da; elkarrizketa pertsonalaren teknika erabiliko da, eta esparru hauetan aditu diren pertsonak elkarrizketatuko dira: hirigintza, ekonomia, kultura, berrikuntza, mugikortasuna, ingurune, gobernantza, etab. Aurretiazko fase horren barruan ere, gerora, berariazko lantaldeak osatuko dira xehe-mehe aztertu ditzaten kritikotzat jotako gaiak.

Errealitatera zein pertzepziora zenbait ikuspegi aintzat hartuta hurbildu nahi den metodologia horrek hiriko oraingo testuingurua modu zabal eta egokian formulatzen dela bermatu nahi du, hirian jardunean diren askotariko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalen ikusmoldea bilduz. Bulego Estrategikoan funtsezkotzat jotzen da gai kritikoak zein diren adostea, diagnostiko estrategikoaren fasera igaroko bada, geroko prozesu osoa arrakastatsua izango bada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!