San Frantzisko ikastetxeko patioa estalita egonen da urte berriarekin batera

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 9a, 13:27

Abendu amaierarako burututa egongo da San Frantzisko Ikastetxe Publikoko patioaren zati bat.

Aurrera doaz San Frantzisko IPko patioa estaltzeko lanak, eta, horiek horrela, abendu amaierarako egongo da patioaren zati bat estalita. Irailaz geroztik, kamioi-garabi baten laguntzaz, Ensambla Madera S.L. enpresa ari da eraikin-zubi bat eraikitzen, zur jasangarriaz egindako paralelepipedo bat, patioaren heren bat estali ez ezik eraikinaren alde bakoitzean eraikitako bi muturren lehen solairuak lotuko dituena -eraikina U formakoa baita-. Aste hauetan zehar materialak deskargatzeko sistemak egokitu dira, behar diren materialen bolumenen arabera, eta eskola komunitatearendako zein bizilagunendako traba gutxien egiteko ordutegiak ere aintzat hartuta. Jarduketaren aurrekontua 299.799 euro da, eta horren % 50 Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain.

Hirigintza Gerentzia eta Batzordeko kideek, alkatea buru zutela, goizean bisitatu dituzte lanak, eta bertatik bertara jaso dituzte proiektua egiteaz arduratu diren Fermín Ibarrola eta Rakel Arbizu udal-teknikarien azalpenak. Halaber, ikastetxeko zuzendaritzako kideak izan dira bisitan. Ikasturte honetan, 400 bat haurrek ikasten dute San Frantzisko eskolan. Aurreikusitakoaren arabera, patioaren zati bat estaltzeko egitura prest egongo litzateke Gabonetako oporretatik bueltan.

San Frantzisko IPko eraikina Iruñean XIX. mendeko eklektizismoaren erakusgarri diren eraikinetako bat da, nahiz eta obra -harriz, adreiluz eta geroz eta txikiagoak diren hiru solairuz egina- 1902. urtean gauzatu zen. Julián Arteaga udal-arkitektoa izan zen horren egilea. Oraingo esku-hartze hau egin ahal izateko, zehazki barne-lerrokadurak doitu eta estalkia paratu ahal izateko, Iruñeko Alde Zaharraren Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren (PEPRI) aldaketa hasiera batez onetsi zen maiatzean.

Dena prest azken faseari ekiteko

Irail amaieran lanak hasi zirenetik, bigarren lizitazioaren ostean, obren ondoriozko saneamendu horizontalari dagozkion lanak egin dira, putzu zein zangetarako hondeatze-lanak eta egituraren zimendatze-lanak -mikropilotak, zapatak eta hormigoi-zepak-; eta hormigoizko bost zutabe zirkularrak gauzatu dira. Horrez gain, hormigoiztatzea egin da, kamioi-garabi baten laguntzaz. Eta era berean, etorkizunean gune berria oraingo eraikinari lotzeko tarteak zabaldu dituzte.

Kamioi-garabia hurrengo asteetan ere erabiliko da, tokian bertan muntatzeko paralelepipedoaren alde banatako zurezko sareta nagusiak; horrela, saretak jarri eta finkatuko dira gero. Zurezko osagaiak (PEFC edo SFC zigiludunak, produktuaren jasangarritasuna bilatze aldera) fabrikatu eta lantzen ari dira egunotan lantegian, ikastetxeraino eraman aurretik. Lanak burutzeko plataforma artikulatuen laguntza izango da, eta aldamioak paratuko dira. Esku-hartzearen azken zatiak barne hartuko ditu fatxadaren itxiturak jartzeko lanak eta estalkia jartzekoak; estalkia aurrez lakatutako altzairuzko bi xaflaz eta poliuretanozko nukleo isolatzailez osatutako "sandwich-panelez" eratutako dago, isolamendu termikorik handiena eta erabateko estankotasuna bermatzeko.

16 urtez geroztik aktiboki eskatutakoari erantzun ematea

Egitura armatuta eta 5,50 metroko altueran dagoenean, laritz eta Erronkariko pinu gorriaren egurrez egindako paralelepipedoak patioaren azaleraren heren bat (415 m2) estaliko du. Horrela, jada ez da izango Iruñean gune estalirik ez duen Lehen Hezkuntzako ikastetxerik, eta ikastetxeko zuzendaritzak 2003-2004ko ikasturteaz geroztik eskatzen duenarekin bat, San Frantzisko IPak aukera izango du patiora irteteko euria ari badu ere, eta gune horretan egin ahalko dira eskolaz kanpoko jarduerak eta ospakizun bereziak, Olentzero, inauteriak edo kultur astea, esate baterako.

Halaber, ikastetxeak 270 m2-ko gune berria izango du eraikin-zubi horren barruan, zeinak gainera bi hegalak lotuko baititu. Egitura berri hori erabilera anitzeko gela modukoa izan ahalko da: 25 metro luze, 10 metro zabal eta 5 metro garai izango da gunea. Gune berria zortzi LED proiektagailu orientagarriez argiztatuko da, kolpeen kontrako lur gaineko argiez. Argi gehiago emateko bi proiektagailu jarriko dira, baita ere, oraingo patioan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!