Iruñeko udalak martxan jarritako hizkuntza aurrerapausoei, babes juridikoa eman nahi zaie euskara ordenantza berriarekin. 2012an egin zuen UPNk azken ordenantza aldaketa, hain zuzen 1997an airtortutako eskubide eta hizkuntza berdintasunari trabak jartzeko asmoz.
Joseba Asiron alkateak azaldu duenez, hiritar guztiek euskaraz udal administrazioarekin aritzeko duten eskubidea argi geratu dadin proposatu dute ordenantza berria: “Gaur aurkezten dugun Euskararen ordenantza-proposamenak egungo gobernu-taldearen abiapuntu izan zen Akordio Programatikoan jasotakoa betetzen du: euskararen ordenantzaren jatorrizko espiritua berreskuratzea eta hura eguneratu eta garatzea, betetzen dela bermatzea, toponimia batzorde bat eratzea eta hizkuntza-eskakizunen eta udal-plantillaren inguruko azterlana eguneratzea”.
Datozen hilabeteotan ordenantza garatzeko beharrezkoa den lanpostuen ikerketa eginen da, profil ezberdinak eta beren beharrak ezarri ahal izateko. Abenduko lehendabiziko udal batzarrean, euskararen ordenantza berri hau onartzea espero da.
Ordenantzak esparru askori erreparatzen die, haur eskolen hizkuntza eskaintzari, lanpostuen hizkuntza eskakizunei eta baita hizkuntza paisaiari.
Berezko hizkuntzak
Proposatutako ordenantzaren lehen artikuluak aditzera ematen du gaztelania eta euskara Iruñeko berezko hizkuntzak direla, eta biak berdintasunean erabiliko direla Udalaren administrazio-esparruan. Asmoa da Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak behar beste baliabide tekniko eta giza baliabide edukitzea posible izan dadin bi hizkuntzetan arreta ematea, hala aurrez aurre nola idatziz, telefonoz edo telematikoki. Halaber, testuak proposatzen du itzulpenen erabilera ahal den neurrian ekiditea eta behar beste pausu ematea udal-espedienteen tramitazioa euskaraz egitea ahalbidetzen duten egitura operatiboak edukitzeko
Irudia
Udalaren irudiari dagokionez, ordenantza-proposamenak adierazten du Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak berdintasunean erabiliko dituztela Iruñeko berezko bi hizkuntzak, oro har herritarrei zuzentzen zaizkienean, eta bereziki irudi korporatiboan. Zirriborroan jasotzen da, baita ere, ele bitan eginen direla publizitate instituzionala, prentsa-ohar eta kanpaina informatibo zein instituzionalak, bide publikoan egiten diren lanetako obra, trafiko eta abarretako seinale zein kartelak eta administrazio elektronikoari lotutako eduki eta prozedura informatikoak.
Langileak
Udaleko langileei eta barne-funtzionamenduari dagokienez, testuak argi adierazten du plantilla organikoak zehaztuko duela zer lanpostutan jakin behar den euskara, dela jendearekin duten harreman handiagoagatik, dela barne-funtzionamenduan daukaten kokaguneagatik administrazio-prozedurez bezainbatean.
Lanpostu bakoitzean behar den euskararen ezagutza-maila zehaztu baino lehen, azterlan bat eginen litzateke, halakorik behar izatera, lanpostuen behar zehatzen gainean, eta jarduketa-plan bat ezarriko litzateke, ordenantzaren helburuak betetzea posible eginen luketen bitartekoak eta baliabideak zehazte aldera. Proposamenaren arabera, Udalak udal-langileei zuzendutako euskarazko hizkuntza-prestakuntzako berariazko planak antolatu beharko lituzke eta, norbaitek hala eskatuko balu, euskara norberaren borondatez ikasteko laguntza eman beharko litzaioke..