Aurten, sanferminetako su artifizialen nazioarteko lehiaketan emakumeek eta gazteago diren parte-hartzaileek parte hartuko dute, eta jaurtiketetarako agertoki handiagoa egongo da, harresietako 150 metro bitartekoa, orain artekoa baino 10 metro handiagoa. Horiek dira lehiaketaren XIX. edizioko berritasun nagusiak, eta iaz bezala, “egile-su” onenak bilatuko dira, Espainia, Frantzia, Italia, Danimarka eta Estatu Batuetako diseinatzaileak erakarriz.
Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta lehiaketako zuzendari eta su artifizialetan aditu den Mikel Pagolak gaur goizean aurkeztu dituzte 2018ko sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Egile Lehiaketaren edizio berria eta 9 ikuskizun piroteknikoetan parte hartuko duten bederatzi diseinatzaileak. Lehiaketa honen bidez jarraipena eman nahi zaio bai iazko esperientziari, bai lehiaketaren formatuan suen “egileei” garrantzia emateko joera berriak lortutako arrakastari. Arrakastatsua izan zen hala ikusleen aldetik (inoiz baino publiko gehien bertaratu zen, 434.000 ikusle jo bitarte) nola piroteknia-sektorearen aldetik; izan ere, zuzenean diseinatzaileei dei egiten dien lehiaketa bakarra da nazioartean. Su-artifizialak jaurtitzeko ordutegiari dagokionez, Udalak behar diren aireportu-baimenak eskatu ditu, eta erantzunaren zain dago. Asmoa da ordutegiak bateratzea eta egun guztietan su-artifizialen bildumak ordu berean jaurtitzea, zalantzak saiheste aldera. Ordutegia 23:00ak eta 23:15ak arteko tartean jartzea pentsatu da.
Aurten ere bada berritasunik: lehenengo aldiz, lehiaketarendako gune bat gaituko da suak aurrez muntatzeko, bide emango duena egun bat lehenago lanean aritzeko, halako moduan non piroteknikariek bi egun izango baitituzte suak muntatzeko, suen digitalizatuek lan handiagoa eskatzen dute eta. Hain zuzen ere, aurtengo parte-hartzaileen erdiak muntatze-lanak egiteko bi egun horiek baliatuko ditu, eta lanik konplexuenak muntatzeko (monotiroak eta efektu bereziak) toki bat gaituko da, Done Jakue bastioian. Piroteknia-lehiaketen panoraman mugarria izango da hori, eta udal-zerbitzuen partetik koordinazio eta lan handiagoa eskatuko du.
Aurten, gainera, trofeoak estreinatuko dira, Javier Murok eginak, Meteoro izeneko aurreko eskulturen egileak berak sortuak, alegia. Trofeo berria San Fermin bat da, argizari galduzko brontze patinadun beltzean egina. Hiru neurritan egin da, eta San Ferminen irudi garaikidea itxuratzen du, bere ezaugarri bereizgarrienak ere –mitra, makulua eta mantua– irudikatuz, baina modu laburtuan, eskematizaturik. Sanferminetako su artifizialen aurrekontuak 250.000 euro jotzen du guztira, iaz baino 7.000 euro gehiago.
Zazpi piroteknia berri, eta lau atzerrikoak
Lehiaketak berriz egin du parte-hartzaileak berritzearen alde, eta hori horrela, gazte hasiberriak sustatu dira artista zaharragoen emanaldiekin batera, baina betiere sanferminetan ohikoak izaten ziren parte-hartzaileak berritzearen alde eginez. Hori horrela, bederatzi pirotekniatik zazpik ez dute sekula sanferminetarako jaurtiketarik diseinatu, nahiz eta horietako bi (Valentziako Lora, eta Turíseko Cervera) Iruñean inoiz suak jaurti dituzten senitartekoekin batera egon diren, eta beraz, badakite nolakoa den Ziudadela. Bik errepikatuko dute: Danimarkako Knudsenen bigarren aldia izango da Ziudadelan suak jaurtitzen, eta Italiako Martarelloren seigarrena (baina soilik lau nazioarteko lehiaketaren barruan).
Bederatzi pirotekniatik bost estatukoak dira (Valentziako hiru, Castellóko bat eta Granadako beste bat) eta lau, atzerrikoak: Frantzia, Italia, Danimarka eta Estatu Batuak. Estatuko diseinatzaile bat emakumea da (María José Bárbara, Valentziako Lora su-etxea), eta atzerriko parte-hartzaileetako bat ere bai (Shannon Nicole Tyree, Estatu Batuak). Piroteknikarietako hiruk beren herrialdetatik ekarriko dituzte suak: Morel, Frantziatik (748 km); Martarello, Italiatik (1.494 km); eta Knudsen, Danimarkatik (2.125 km).
Uztailaren 6an, lehiaketari hasiera emango dio María José Bárbara Lora Zamoranok, 49 urteko valentziarrak; uztailaren 7an, larunbatarekin, Saint Étiennetik (Frantzia) datorren 27 urteko Mathieu Morel gazteak prestatutako ikuskizuna ikusiko dugu; uztailaren 8an, igandearekin, Eduardo Moreno Cuitavik, 51 urteko valentziarra, estreinaldia egingo du Iruñean; hilaren 9an, astelehenarekin, Arquà Polesineko (Rovigo Italia) Vicenzo Martarelloren txanda izango da. Festen erdialdera iritsita, hilaren 10ean, asteartearekin, Turíseko (Valentzia) Vicente Cervera Chullià 33 urterekin estreinatuko da Iruñean; 11n, asteazkenarekin, Gunnar Boerge Knudsenek errepikatuko du (Holstebro, Danimarka), 2012ko sanferminetan hemen egon baitzen; eta ostegunean, hilak 12, 35 urteko Diego Salado Martín motrildarrak (Granada) jarraituko dio. Azken bi eguneko protagonistak izango dira 25 urteko Shannon Nicole Tyree estatubatuarra, zeina ostilarean (hilak 13) estreinatuko baita, eta 30 urteko Carlos Ganados Martí, Burrianatik etorri (Castelló) eta larunbatean (hilak 14) lehiatuko dena.
Bederatzi parte-hartzaile dira, baina lehiaketak barne hartzen ditu hamalau su-etxe guztira, besteak beste atzerriko konpainiek babes teknikoa ematen dien estatuko enpresa bat behar dutelako, eta gainera, beste batzuek ekoizpen-lanak egiten dituztelako Udalarendako (adibidez, suak jaurtitzeko tresna komuna uztea edo atzerriko parte-hartzaileen materialak inportatzeko izapideetan laguntza ematea). Hori horrela, parte-hartzaileek jaurtiketak egiteko behar dituzten su-etxeez gain, honako hauek emango dute laguntza aurten: Vulcano (Madril), Sparklight (Frantzia), Oscense (Huesca), Igual (Bartzelona) eta Hermanos Caballer (Castelló). Batez beste, enpresa bakoitzak 24 agiri desberdin ekarri behar ditu dagozkien baimen administratiboak eskuratu ahal izateko.
Nahitaezko errealizazio artistikoak
Lehiaketaren edizio honetan mantendu dira iaz txertatutako nahitaezko bi errealizazio artistikoak. Lehenengoa, erritmikoa, teknikoki konplexuagoa da: ikuskizun guztiei su “pirodigital” moderno eta digitalizatuen 30 segundorekin hastea eskatzen die, nahitaez sanferminetako koloreetako monotiroekin eginak –hots, zuriak eta gorriak soilik–, nahiz eta koreografia-mailan erabateko askatasuna izango duten sortzaileek.
Egin beharreko bigarren sormen artistikoak kontzeptuala izan beharko du: jaurtiketa asimetriko bat sortu beharko dute, su ezberdinekin alde bakoitzean, originaltasun eta koherentzia nahikoarekin, halako maneran non ez duen iruditu beharko su-hartze akats bat dela edo materiala gaizki nahastu dela. Estetikoki bereziki zorrotza den froga hori jaurtiketako edozein unetan egin ahal izango da.
Sormen horiek sortuko dira hiru leku jakinetatik ahalik eta hobeto ikus daitezen: autobus geltoki gainetik, Bake plazatik eta Foruen plazatik. Alabaina –eta ohi bezala– bilduma guztien aireko suen zati handiena Ziudadela inguruko ia edozein puntutatik ikusi ahal izango da.
Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko San Fermin
Berriz ere, aurten 2016ko berritasunetako bi mantenduko dira: batetik, gotorlekuaren argiteria apaingarria piztuta mantenduko da, ikuskizunei indarra eta testuingurua emateko; eta bestetik, behin jaurtiketa amaitu eta gero, bildumaren egileak –zeinak behar bezala argiztatuko diren–, harresiaren goialdetik agur egingo diete ikusleei, haien txaloak eta epaia jasotzeko.
Iaz bezala, epaimahaiak hiru sari entregatuko ditu: Urrezko San Fermin saria, lehen sailkatuari; Zilarrezko San Fermin saria, bigarrenari; eta Brontzezko San Fermin saria hirugarrenari. Sariek barne hartzen dituzte 5.000, 3.000 eta 2.000 euroko diru-sariak, hurrenez hurren, eta trofeo bana.
Horrez gain, Ikusleen Saria emango da; aintzatespen izaera izango du, eta ikusleek gehien gustatu zaien piroteknia-ikuskizuna bozkatuta erabakitzen da. Parte-hartzaileen artean hainbat opari zozketatuko dira: liburu elektronikoak, bozgorailu-dorreak eta ariketa fisikoa neurtzeko eskumuturrekoak, adibidez.