Aterpe-premia dutenentzako bideratuko da etxebizitza bulegoa

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 14a, 08:25

Iruñeko Udaleko Etxebizitza Bulegoak egoitza berria du Descalzos kaleko 47-53 zenbakietako beheko solairuan. 

Iruñeko Udaleko Etxebizitza Bulegoak egoitza berria dauka gaurtik aitzina Descalzos kaleko 47-53 zenbakietako beheko solairuan. Iruñeko Udalak oso-osorik birgaitu duen gune horretan egongo dira, baita ere, Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoa eta Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen udal-enpresa (PCH-IB); azken horrek, hain zuzen, birmoldatu ditu lokalak. Halaber, Comiruña enpresa publikoak ere bertan izango du egoitza. Obrak egiteko inbertsioak 341.425,70 euro jo du, lanak joan den abenduan amaitu ziren, eta bulegoak altzariz hornitzeko 52.820 euro erabili dira.

Inaugurazio-ekitaldian izan dira Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Udalbatzako kideak. Gunearen azalera erabilgarria 298,52 m2 da. Contrucciones Ardanaz enpresak burutu ditu lanak, eta aurreko eraikinean zegoen XIII. - XIV. mendeetako ganga bat txertatu behar izan du gunean. Eraikina eraikitzeko indusketa-lanak egitean topatu zen ganga, eta orain bilera-aretoaren eta multimedia-emanaldietarako aretoaren parte da.

1,5 milioi euro, aterpe-premia asetzera bideratutako etxebizitzak birgaitzeko

Udalaren Etxebizitza Bulegoak 110 etxebizitza birgaitu ditu gaur-gaurkoz, eta Iruñean aterpe-premian dauden pertsona edo familien eskura jarriko ditu. Uneotan beste 10 etxebizitzatan birgaitze-lanak egiten ari dira, eta horretarako aurreikusitako 300.000 euroko aurrekontuari gehituko zaizkio beste 300.000 euro, gutxienez, finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioei lotuta. Kopuru horiez gain, 1,2 milioi euro baino gehiago inbertitu dira 2015an udal-etxebizitzak zaharberritzeko ekimena abiatu zenetik. Hori horrela, Udalaren Etxebizitza Bulegoak kudeatzen dituen baliabideen bidez 340 eta 370 lagun bitarteri ematen zaio ostatu.

Udalaren doako zerbitzu hau 2016ko maiatzean abiatu zen, eta jendeari arta eta argibideak ematen dizkio, aurrez aurre zein 948420095 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Etxebizitza-arloan leihatila bakar gisa funtzionatuko du, izan ere, udal-etxebizitza bat eskuratzeko izapideak tramitatzeaz gain, argibideak emango ditu bai erakunde eskuduna Nafarroako Gobernua denean, bai etxebizitza-kontuekin lotutako bestelako gaietan. Etxebizitza sozialeko eskaerei erantzuteko gaitasuna hobetze aldera, langile kopurua handitu zen, eta orain, lantaldea honakoek osatzen dute: bulego-zuzendaria, legelari bat, aparejadore bat, gizarte-langile bat eta administrari bat.

Uneotan, abian dira Nafarroako Gobernuarekin etxebizitza-arloko lankidetza-hitzarmen bat prestatzeko lanak, horren bitartez sustatzeko bulegoak leihatila bakar gisa duen berezitasuna, hutsik dauden etxebizitzen errolda eta foru-komunitateko alokairu sozialeko poltsa bat. Zentzu horretan, helburua da Udalaren jarduketek lan aktiboa egitea hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko eta jabeek beren etxebizitzak Nafarroako Gobernuko alokairu sozialeko poltsan sar ditzaten eskatzeko.

2016ko Ordenantza, etxebizitza-gabezia edo -galera arintzeko

Aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko Ordenantza 2016an sartu zen indarrean, xede hartuta etxebizitza-egoera larriak gutxitzea, norenak eta etxebizitzarik ez duten edo beren etxebizitza edo ohiko bizilekua ezin mantendu eta hori galtzeko arriskuan egonik bizileku duin baten premia handia dutenenak, betiere honako inguruabarrek egoera horretara hartaratuak: haien etxebizitzatik kaleratuak izateagatik, ez duin ez egoki ez diren etxebizitzetan egoteagatik, egoera sozioekonomiko prekario bat dela medio pilatuta bizitzeagatik, edo, salbuespen gisa, ordezko bizitoki batera aldatzeko prozesu batean murgilduta egoteagatik. Hortaz, gizarte-larrialdian diren pertsonei eta familiei aukera eman nahi zaie etxebizitza duina izan dezaten, aldi baterako, egoera horrek iraun bitarte.

Ordenantza horren barruan, Udalak eskaeretarako erregistro bakar bat sortu zuen, eta baremo bat, eskatzaileei etxebizitzak esleitzeko. Balorazio-batzordeak Ordenantzan legearekin bat ezarritako zenbait alderdi hartzen ditu kontuan: premia-egoera, eskatzaileen maila ekonomikoa, familia-unitateen beharra, diru-sarreren egonkortasuna, osasuna (mendekotasun-maila) eta diskriminazio positiborako beste zenbait inguruabar.

Alokairura bideratutako udal etxebizitzak eskatu ditzakete aterpe-premian dauden pertsonek eta familia-unitateek, baldin eta ezarritako baremoan adierazitako gehieneko diru-sarrerak gainditzen ez badituzte eta hirian erroldaturik badaude, edo, benetako bizilekua bi urtetik hona Iruñean dutela frogatu baldin badezakete. Udaleko webgunean (www.pamplona.es) baremoa kalkulatzeko formulario bat dago, interesdunek simulazio bat egin dezaten beren datuak sartuta.

Argiztapena eta altzaria integratuak, bulegoen zaharberritzearen bereizgarri

Etxebizitza Bulegoaz gain, eraikinean bulegoak izango ditu Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen sozietate publikoak, zeinak bere gain hartzen baititu Alde Zaharraren eta I. zein II. Zabalguneko birgaitze integralari begira beharrezkoak diren eraikuntzako eta ekonomia biziberritzeko hirigintza-jarduketak oro. Eraikinean ere, Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoaren egoitza berria egongo da. Azkenik, hor izango du bulegoa, baita ere, Comiruñak, Zabalguneko Merkatua eta Ermitagañako Merkatuko saltoki-gunea kudeatzen duen enpresa publikoak.

Eraberritze proiektuak –Michel Arauzok, Enrique Kahlek y Santi Virtok egina– berrikuntza-lan hauen elementu bereizgarri gisa markatzen ditu argiztapena eta altzari integratuak. Hori horrela, argiztapena LED elementuen bidez egin da, zeinek azalera osoa betetzen duen sabai-leiho bat zeharkatuta eguzkiaren argiaren efektua ematen baitiote, lan egiteko esparruari argi homogeneoa emanez. Altzariei dagokienez, perimetro osoa elkarren ondoan paratutako apalategiez inguratuta dago, eta integratuta daude, zorutik gora egiten duen moketazko tapizatuari esker. Barruko egitura banatzaileak zurezko bilbadura arin batekin egin dira.

Lekualdatze horien ondorioz Kale Nagusiko 59ko gunea libre geratuko da, eta hor egingo da coliving eta coworking proiektu berri bat, aukera emango diena enplegurako eta tokiko ekonomiarako ideia interesgarriak dituzten gazte ekintzaileei elkarrekin bizi eta lan egiteko. Udalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) proiektu horretan bat egiten dute ardatz hauek: etxebizitza eskuratzeko aukera, talde-ekintzailetzarako gunea eta interes sozialeko proiektuen sorrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!