Asteazken honetan, maiatzak 2, Iruñeko Planetarioan inauguratuko den “Ezkaba 1938 – 2018” deritzon erakusketaren bitartez, 1936ko kolpe militarren ondoren izandako esparru izugarrienetako baten historia gogora ekarri nahi izan du Nafarroako Gobernuak.
Erakusketak lau atal ditu, eta horietan, ikusentzunezko piezak, testigantzak, argazkiak, bideoak eta audioak bildu dira, den-denak Ezkabako presondegiari buruzkoak. “Gotorlekutik presondegira” delako atalean, Alfontso XII.ak Iruña defendatzeko eraiki zuen gotorlekuaren historia eta gartzela bihurtu arteko prozesuari buruzko erreferentziak ikus daitezke. “Elkartasun Sareak” deritzon atalak zigorturiko pertsonen senideek jasandako sufrimendua eta oinazea eta presoen inguruan sortutako elkartasun eta konpromisozko istorioak ditu ardatz. Emakume ausart eta solidarioan istorioak dira.
“Ezkaban hiltzea” deritzon atalak Europan izandako preso-ihesaldirik handienetakoa azalduko du, 1938ko maiatzaren 22an gertaturikoa, baita gotorlekuan jarraitu zuten presoek jasandako bizi-baldintza gogorrak ere. Bukatzeko, “Memoria duten eskolak” deritzon esparruan, memoriaren lekuetan oinarritutako belaunaldien arteko izen bereko hezkuntza-programaren barnean Nafarroako Gobernuak egindako lana errepasatu ahalko da.
Erakusketa maiatzaren 2tik ekainaren 15era bitartean izanen da ikusgai Iruñeko Planetarioan, 10:00etatik 14:00etara asteartez eta asteazkenez, eta 10:00etatik 14:00etara eta 18:30etatik 20:00etara ostegunez, ostiralez eta larunbatez. Sarrera doakoa da.
Ezkaba Proiektua
Erakusketa hau, Ihesaren 80. urteurrena ospatzeko maiatzaren 22an egingo den ekitaldiari begira Nafarroako Gobernuak azken urte honetan garatu duen Ezkaba Proiektuari atxikita antolatu da. Testuinguru honetan, nazioarteko lan-esparrua antolatu da Botilen Hilerrian, eta udan errepikatzeko asmoa dago. Horrez gain, GR225 mendiko ibilbide luzeak mugaraino iritsi ziren hiru iheslarietako batek –Jovino Fernández– egindako bideari jarraitzen dio. Halaber, Exekutiboak Amaia Kowasch-en “Tejiendo redes - Sareak ehotzen” izenburuko liburua argitaratu du, emakumeek presoen alde ehotutako elkartasun-sareei buruz.
Gainera, denbora honetan ere, prospekzioak egiten eta gorpuak ateratzen jarraitu dute. Hartara, azken asteotan, Urdanizen lurperatutako hiru preso eta Olaben ehortzitako beste bat atera dituzte, eta arrakastarik gabeko prospekzioan egin dira Zalban eta Anotzibarren.