2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia eman du auzitegiak, eta sexu abusu delituagatik zigortu ditu bost gizon auziperatuak. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri die, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Horretaz gain, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute lapurretagatik —sakoelako telefonoa kendu zioten emakumeari—.
Epaiak kontrako erreakzio ugari eragin ditu, ez dituelako auzipetuak sexu eraso delituarengatik zigortu, sexu abusugatik baizik.
Iruñean, jendez bete da erabat plaza, eta herritar ugari inguruko kaleetan pilatu da, plazara ezin iritsi. Jendea haserre agertu da epaiarekin. "Ez da abusua, bortxaketa" da oihukatu dute manifestariek.
Kalean, elkarretaratzea egiten ari zen bitartean, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak argazki bat zabaldu du sare sozialetan, honako mezuarekin: "Iruñea, 19:30ak. Buelegoan, Beaumont kontseilariarekin epaiaren kontrako helegitea aztertzen. Nafarroako Gobernuaren zerbitzu juridikoak lehen unetik ari dira lanean".
Joseba Asiron, Iruñeko alkateak, bere aldetik, mezu hau zabaldu du sare sozialetan: “Konpartitzen ez dudan sententzia honek sortzen didan haserre eta tristuraz haratago, biktimarekiko nire elkartasuna adierazten dut gaur, eta gizarte justu eta berdinago baten aldeko konpromisoa berretsi.”
Honekin batera iragarri du Iruñeak helegitea jarriko dio Nafarroako Auzitegiaren epaiari, sententzian frogatutzat ematen diren gertaerek "sexu-eraso" bat jasotzen duten bitartean, sententziak kalifikazio penala "sexu-gehiegikerian" uzten duelako.
Gaueko 21.00etatik aurrera El Drogas kontzertu bat eskaini du Auzitegiaren aurrean protesta moduan.