Nafarroako Gobernuak Nafarroako autoreen lehen antologia argitaratu du euskaraz; bertan, euskal literaturaren hasieratik 1900. urtera bitarteko zatirik esanguratsuenak bildu dira. Bolumena egungo literatura-ekoizpenera iritsiko diren antologien bildumako lehena da.
Euskal literaturan lau espezialista: Asier Barandiaran, Iratxe Esparza, Sho Hagio eta Javier Rojo. Literaturaren ibilbidea egin dute, Erdi Aroaren amaiera aldera Bernat Etxeparerekin hasi, Pedro "Axular"ekin Errenazimendutik igaro eta bilduma Arturo Campionen edo Franzisko Laphitzen Erromantizismoarekin amaitu arte, besteak beste. Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologiabildumako lehen alea Erdi arotik errenazimentura eta erromantizismora deitzen da.
Bortuz bestaldeko Nafarroako egile batek, Bernat Etxeparek, hasiera emango dio euskal literaturari Linguae Vasconun Primitiae (1545) lanarekin. Hasierako euskal literatura ezagutzera ematea da antologiaren helburua, produkzioaren onena bilduaz jatorritik 1900. urtera bitarte.
Antologiaren egileek, testuak hautatzeaz gain, idazleen eta haien obren inguruko zertzelada esanguratsuak eman dituzte, egungo irakurleak Nafarroako autoreen ekarpena hobeto uler eta ezagutu dezaten.
Jarraipena izateko asmoarekin, lehen antologia honen atzetik beste hiru iritsiko dira egungo egileetara.
Bildumako egileak
Asier Barandiaran Euskal Filologian lizentziatua da, eta Galdakaon (Bizkaia) jaio zen 1970. urtean. Nafarroan bizi da 1995az geroztik. 2003an doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta orain Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea da. Aurretik klaseak ematen aritu zen Nafarroako Unibertsitatean. Hainbat lan argitaratu ditu erretorikari buruz ahozko euskal literaturaren inguruan, eta euskal literaturari eta euskarazko kazetaritzari buruzko kritikak eta analisi literarioak ere egin ditu. Berriki, arreta Nafarroako euskal literaturan jarri du.
Iratxe Esparza (Santurtzi, 1972) Euskal Filologian lizentziatua da eta doktorea Literatura Ikasketetan eta Literatura Konparatuan, Euskal Herriko Unibertsitatean. La Platako Unibertsitatean denbora bat igaro ondoren, doktorego-tesia aurkeztuko du; hau da, XXI. mendeko euskal narratibako subjektu postmodernoaren nortasunaren aldaketaren eta adierazpen ezberdinen analisia. Euskal literaturaren alderdi ezberdinei buruzko lanak aldizkari eta liburuetarako idazteaz gain, ikerlari bezala ere arituko da ikastaro eta biltzar ezberdinetan parte hartuaz. Gaur egun, LAIDA (Literatura eta Identitatea) ikerketa-taldeko kidea da, literaturaren kritikari-lanetan aritzen da prentsan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Departamentuan, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan.
Sho Hagio (Kurume, Japonia, 1962) japoniar soziologoa 2016. urteaz geroztik Global Basque Studies irakasgaiko irakasle titularra da Tokyo University of Foreign Studies Unibertsitatean. Ikasteko helburu nagusi bezala hizkuntzaren soziologia hartuta, gaur egun, besteak beste, euskararen errenazimenduaren ikasketak sakontzen ari da. Hainbat artikulu idatzi ditu, eta tartean aipatzekoa da «External Projection of the Basque Language and Culture» (BOGA, 1. bol., 1. ed., 2013). Gainera, japonierara itzuli zuen Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae obra, eta Tokion argitaratu zuen 2014. urtean.
Javier Rojo Cobo Euskal Filologian doktorea da (2004) eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Departamentuan, Leioako Campusean. LAIDA (Literatura eta Identitatea) ikerketa-taldeko kidea da, eta literaturaren historiaren eta literatura-kritikaren eremuan zenbait lan argitaratu ditu aldizkarietan eta argitalpen kolektiboetan. Azken hamarkadetan, argitalpen akademikoetan lan egiteaz gain, lan luzea burutu du egunkarietan, aldizkarietan eta aldizkako dibulgazio-argitalpenetan.