80 hamarkadaren erdialdetik aitzina, urtero, apirilaren 19an, Bizikletaren Mundu Eguna ospatzen da nazioartean, xede hartuta garraiobide horren erabilera sustatzea, ziklistek dituzten eskubideen gainean arreta deitzea eta azpimarratzea bizikleta erabiltzea onuragarria dela hala osasunerako nola mugikortasun jasangarrirako. Iruñeko Udalak bat egingo du ostegunean mundu mailako ekimenarekin, eta elkarbizitzaren aldeko kanpaina bat abiatu du, zeinak bizikleta azpimarratu nahi baitu ibilgailu gisa eta gainerako mugitzeko moduekin koexistitzen den garraiobide gisa. Bizikletek ez dute hegan egiten....oraingoz leloarekin azpimarratu nahi du, hain zuzen ere, mugitzeko modu guztiek espazio publikoa partekatu behar dutela. Baina kanpainak bizikleta jartzen du erdigunean, eta hirietako mugikortasuna eraldatzeko elementu gisa duen potentziala nabarmentzen du, liburuxkak dioen bezala “oinez edo bizikletaz mugitzen garenean Iruña hiri jasangarriagoa bihurtzen dugulako”.
Hori horrela, ostegunean, hilak 19, aholkuak emango dizkie herritarrei, Gazteluko plazan paratuko den informazio-karpa batean, xede hartuta mugikortasun jasangarriagoa sustatzea garraiobide ezberdinen arteko elkarbizitza eta errespetua lortzearen bitartez. Kale-animazioa ere egongo da: Teatrociclista antzerki-taldeak, IHK taldeak lagunduta, benetako liskarretako egoerak eta horiei irtenbide emateko metodoak simulatuko ditu Zirkulazioko kupido izeneko pertsonaiaren laguntzarekin.
Jarduerak eta helarazi nahi den filosofia aurkeztu dituzte gaur goizean Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Mugikortasuneko arduradun Alexia Cantok. Horrez gain, Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok azaldu duenez, zeharkako kontzientziazioa ere bilatuko da, Iruña hiri jasangarriagoa egiteko eraldaketa ez baita posible emakumerik gabe. Zentzu horretan, Udalak informazio-jardunaldi bat eta bizieskola-ikastaroak antolatu ditu emakumeentzat Ahalduntzea gurpilen gainean lelopean, eta maiatzean eta ekainean izango dira.
Bizikleta ibilgailu eraldatzaile gisa
Bizikletaren Mundu Eguna apirilaren 19an ospatzen da urtero, 1985az geroztik, Illinoiseko Iparraldeko Unibertsitateko (AEB) Thomas B. Roberts irakaslearen ekimenari esker. Ospakizuna beste herrialdeetara hedatu zen, eta gaur egun egutegi orotan markatutako hitzordua da. Aurreko etapetako erreferenteetatik urrun, non bizikleta kirolarekin, aisialdiarekin eta haurrendako jolasekin lotzen baitzen, gaur bizikleta garraiobide gisa aurkezten da, erakutsi baita garraiobideetan eraginkorrena dela 5 km bitarteko joan-etorriak egiteko.
Bizikleta eguneroko mugikortasunean txertatzean, zailtasunak izan ditu hirian bere espazioa topatzeko. Espaloiak oinezkoendako berreskuratzea eta bizikletei behar duten lekua ematea galtzadan, gainerako ibilgailuekin batera. Horren aldeko apustua egiten ari da Udala, lege-esparruan ere. Zentzu horretan, Bizikletek ez dute hegan egiten...oraingoz elkarbizitza-kanpainak bizikletaren erabilera balioetsi nahi du, bizikletek hiriak eraldatzeko duten gaitasuna azpimarratu, bai eta gainerako garraiobideekin batera (ibilgailu motordunekin, galtzadan; eta oinezkoekin, oinezko guneetan) koexistitzen den garraiobide gisara txertatzeko beharra ere.
Ostegunean, 17:00etatik 21:00etara, jaima bat egongo da Gazteluko plazan, eta bertan argibide-liburuxkak banatuko dituzte. Horietan ibilgailu motordunen gidariei gogoraraziko zaie bizikletak ibilgailuak direla, eta beraz, galtzadatik zirkulatu behar dutela; gogora ekarriko zaie ibilgailu motordunak azkarragoak direla eta bizikletaz mugitzen direnak egoera zaurgarriagoan daudela, eta horregatik hain zuzen, gidatzeko modua egokitu behar dela, eta arreta berezia jarri oinezkoendako pasabideetan, hala oinezkoek nola ziklistek horiek erabiltzen dituztelako zeharkatzean.
Antzeko zerbait gertatzen da oinezkoak eta bizikletak ibiltzen diren guneetan: ziklistak, ibilgailu bat gidatzen duen aldetik, arauak bete behar ditu, egingo dituen biraketak adierazi eta abiadura eta segurtasun-distantzia egokitu oinezkoen guneetan, betiere ahulenaren –oinezkoaren– segurtasuna bermatze aldera. Baina oinezkoek ere zenbait kontu izan behar dituzte gogoan batetik bestera ibiltzen direnean: onartu behar dute espazio publikoa bizikletekin partekatzeko beharra, isurketarik egiten ez dutenez, ingurumena hobetu eta jasangarritasuna laguntzen baitute.
Klownak oso serioa den kontu baterako
Egoera errealen ondorioak eta esperientzia propio zein simulatuak baliogarriak izan ohi dira ikasteko. Hori da ideia, eta hortik abiatuta, kanpainaren barruan –eta informazio-karparen ordutegi berean– Teatrociclista konpainiak errealitatean gertatzen diren zenbait egoera dramatizatuko ditu Zirkulazioko kupido izeneko antzezlanean, IHK taldearen laguntzarekin.
Baina, egunerokoan gertatzen ez den bezala, mugitzeko modu ezberdinak erabiltzen dituzten pertsonak aurrez aurre jarriko dituen rol-joko horretan arbitro bat egongo da. Kupido klasikoa hezurmamitzen duen pertsonaia arduratuko da giroa lasaitzeaz eta bertan dauden guztiei azaltzeaz zein den modua eztabaidari irtenbidea emateko; finean, gogoeta piztuko du ikusleengan. Egun horretan banatuko diren triptikoak argitaratzeko eta kale-antzerkia egingo duen taldea kontratatzeko 4.531,96 euroko inbertsioa egin du Udalak.
Bizieskola emakumeentzat: ahalduntzea gurpilen gainean
1896, New York World egunkarirako elkarrizketa batean, Susan B, Anthonyk zera esan zuen: “bizikletak munduko beste ezerk baino askoz gauza gehiago egin du emakumearen emantzipazioaren alde”; izan ere, XIX. mendeko emakume askorentzat bizikleta edukitzeak berekin ekarri zuen hirugarrenen laguntzarik gabe joan-etorriak egiteko askatasuna edukitzea, eskura zuten bi gurpileko ibilgailu baten bidez. “Askatasun-makina” izenekoak iraultza ekarri zuen, garai viktoriarrean, bizikleta erabiltzen hasi ziren emakumeen janzkeran, eta iraultza hori beste emakumeen artean zabaldu zen gero.
Aurrekari horiek gorabehera, mugikortasuneko zerbitzuak jaso dituen azken datuen arabera, bizikletaz mugitzen direnen % 64 gizonak dira, eta gainerako %36a, emakumeak. Gainera, emakumeek espaloietan barna ibiltzea aukeratzen dute lehen aukera gisa. Bizikleta elementu eraldatzaile gisa sustatzen duten udal-politiken ildoari jarraiki, Udalak lortu nahi du hirian emakume gehiagok erabiltzea bizikleta, populazioaren % 52 baitira. Horregatik abiatu da Bizieskola emakumeentzat, Ahalduntzea gurpilen gainean lelopean, bizikleta berreskuratzeko emakumeen mugikortasuna dinamizatzen duen elementu gisa.
Lehenengo edizio hau aurkezteko, jardunaldi bat antolatu da heldu den apirilaren 25ean, Zabalguneko Civivoxean, 19:30ean, eta bertan bizikleta erabiltzearen onurak azalduko dira, bizikleta erabiltzeko zenbait aholku orokor emango dira, eta parte-hartzaileei irakatsiko zaie identifikatzen zein maila duten bizikleta-maneiuan.
Hiru maila eta berreskuratutako bizikletak
Emakumeendako bizieskola-ikastaroak maiatzeko eta ekaineko ostegunetan egingo dira. 10 euro ordaindu beharko dira, eta izen-emateak apirilaren 23tik 27ra bitarte egin (biak barne), 010 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez (948 420 100, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Nahiz eta bizikletan ibiltzen txikitan ikasi ohi den, bada aukera hori izan ez duenik. Egoera horretan dauden emakumeendako aurreikusita dago bizieskolako lehenengo maila. Bigarren maila bizikletan ibiltzen jakin arren, seguru sentitzen ez diren eta hobe gidatzen ikasi nahi duten emakume horiendako diseinatu da. Bi kasu horietan praktikak zirkulaziorik gabeko zirkuituetan egingo dira.
Hirugarren urratsa benetako zirkulazioarekin gidatzea izango da. Interesa duten emakumeek hiru mailak egin ditzakete; jada bizikletan ibiltzen dakitenak 2. mailara sar daitezke zuzenean, baina ez 3.era. Maila aurreratu horretara bakarrik aurreko maila gaindituta sartu ahal izango da. Planteamendu horren bidez, Udalak lortu nahi du, pixkanaka, bizikletak gidatzen dituzten emakumeen ehunekoak gora egitea. Informazio-kanpainaren irudian ugaritze hori ere ageri da islatuta.
Bizieskolako ikastaroetan, parte hartzen duten emakumeei haien bizikleta propioa ekartzeko gomendatzen zaie. Bizikletarik ez dutenek Mugikortasun Zerbitzuko bat erabili ahalko dute. Izan ere, zerbitzu horrek Udal-biltegian urtebete baino gehiago daramaten eta inork eskatu ez dituen bizikletak berreskuratzeko programa bat abiatu du. Momentuz, 10 bizikleta berreskuratu dira Bizieskolako lehen edizio honetarako.
Bizieskola emakumeentzat, Ahalduntzea gurpilen gainean
- Tokia: lehenengo bi mailetan, saioak zirkulaziorik gabeko zirkuitu batean izango dira. 3. mailan kalean barna gidatuko da, benetako zirkulazioarekin
- Ordutegia: 19:00 – 20:30
- Nork emana: Bizikume
- Izen-ematea: apirilaren 23tik 27ra, 010 telefonora deituta
- Prezioa: 10 euro ikastaro bakoitzeko
MAILAK
1. maila, hastapen-maila: Ikasi bizikletan ibiltzen
- Bizikletan ibiltzen ez dakiten pertsonendako
- Maiatzak 3, 10, 17, 24 eta 31, ostegunak (1. mailako saioak)
- Behin maila hori gainditu eta gero, 2. mailara pasako dira
- Ekainak 7, 14, 21 eta 28, ostegunak (2. mailako saioak)
2. maila, trebatze-maila: Bizikleta gidatu
- Bizikletan ibiltzen jakin arren gidatzean kontrol handiagoa eduki nahi dutenendako: Frenoak eta martxak nola erabili, distantziak kontrolatzea oztopo finko zein mugikorrekin, etab. Zirkulaziorik gabeko zirkuituan
- Maiatzak 3, 10, 17, 24 eta 31, ostegunak (2. mailako saioak)
- Behin maila hori gainditu eta gero, 3. mailara pasako dira
- Ekainak 7, 14, 21 eta 28, ostegunak (3. mailako saioak)
3. maila, maila aurreratua: Kalean gidatzeko oinarrizko prestakuntza, oinarrizko mekanika eta ibilbideen plangintza
- Hirian barna zirkulatzeko praktikak. Baretutako hiriguneetan eta benetako zirkulazioarekin
- Ezin da zuzenean maila honetan izena eman, bakarrik aurreko maila gaindituta parte hartu ahal izango da