Frankisten esku zeudelarik edota Gerra Zibilean barneratuak zeudenean hil zituztenak gogoan izanen dituzte gaur San Jose hilerrian. Plaka bat jarriko dute 307 iruindarren omenez. Ekitaldia 12:00etan izanen da gaur eta Iruñeko alkatea, udalbatza eta Fusilatutakoen Senitartekoen Elkarteko kideak izanen dira omenaldi horretan.
Altzairu batean jarriko dute plaka. Metrakilatoan zera irakurri ahal izanen da: "Hil zituzten Iruñeko 307 pertsonen memoria eta omenaldia, Bigarren Errepublikaren aurkako kolpe militarrean erailak" eta baita beste hau ere: "Gaztelugibelean hil zituzten herritarren memoria eta omenaldia, Ezkabako ihesaldia prestatzeagatik erailak". Horrez gain, hildako bakoitzaren izen-abizenak ere jasoko ditu plaka horrek. 16.000 euroko aurrekontua izan du plaka horrek.
Plaka inauguratzeaz gainera ekitaldi xumea ere prestatu dute gaurko hilerrian. Iruñeko alkateak hitza hartuko du eta baita Fusilatutakoen Senideen Elkarteko Jokin de Carlosek ere. Lore eskaintza bat ere eginen dute eta Trio Zurak jarriko dio musika ekitaldiari.