Auzoetako jaietan eta aisialdi guneetan ere eraso sexistak prebenitzeko informazio guneak jarriko dituzte

Euskalerria Irratia 2018ko api. 11a, 08:16
Eraso sexistak prebenitzeko informazio gunea auzoetara eta aisialdi guneetara ere iritsiko da.

Prebentzioan lan egitea da informazio gune horiek jartzearen helburuetako bat eta eraso sexisten aurrean hartu beharreko jarrera edo aurre egiteko bideak ematea ere landuko dituzte. 

'Eraso sexistarik gabeko Iruñea' estrategiaren barruan beste pauso bat gehiago emanen du Udalak. Sanferminetan eta Aldapako jaietan jartzen den informazio gunea auzoetako festetara eta aisialdi guneetara ere eramanen dituzte. Eraso sexisten inguruan herritarrak sentsibilizatzea bilatuko du eta prebentzioan eginen du lan berezia. Hala, eraso sexistarik gertatuko balitz herritarrek nola erantzun beharko lioketen eta zer nolako jarrera hartu beharko litzatekeen ere jakinen lukete. 

Eraso sexistak prebenitzeko informazioa helaraziko dute informazio gune horiek eta erasorik pairatzekotan zer nolako baliabideak dauden ere jakinaraziko dute: arreta non eskatu eta jasotzeko aukera dagoen eta erasoa pairatu dutenek profesionalen laguntza uneoro izateko aukera badutela ere jakinaraziko zaie. Herritar guztiei zabalik izanen da informazio gune hori baina bereziki 14 eta 30 urte arteko gazteei bideratutako zerbitzua izanen da. 

28.000 euro bideratuko ditu Udalak zerbitzu hori martxan jartzeko. Apirilaren 30a arte izanen dute aukera informazio gune hori kudeatzeko proposamenak aurkezteko. 

Sanferminetan bai, baita auzoko jaietan ere

Uztailaren 5ean jarriko dute sanferminetarako prestatuko duten eraso sexisten inguruko informazio gunea eta uztailaren 14ra arte izanen da zabalik: 11:30etatik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara. Iaz, lehendabiziko aldiz Aldapako sanfermin jaietan ere jarri zuten eta baita Lezkairu auzoko jaietan ere. Aurten beste auzotara eramanen dute informazio gune hori eta aisialdi tokietan ere izanen da jarria. Guztira 15 toki desberdinetara iritsi nahi dute, besteak beste, musika jaialdietan edota unibertsitateak antolatzen duen "karpa"-ra ere bideratuko dute. 

Euskaraz arreta jasotzeko aukera ere bai

Euskaraz ere jaso ahal izanen dute erabiltzaileek informazioa eta arreta. Gaztelaniarekin batera auzoetako edo aisialdietako informazio guneetan izanen da euskarazko zerbitzua eta Sanferminetan baita inglesez eta frantsesez ere. Informazioa eta sentsibilizazioa zabaltzeaz gainera pertsona bat espezializatua izanen da eraso sexistei aurre egiteko eta hartara, hark emanen lieke arreta erasorik pairatzen duen ezein emakumeri. Horretarako, informazio gune horrek txoko berezia izanen du, intimoagoa. Auzoetako jaietan edo aisialdi guneetan ere, pertsona batek informazioa eta sentsibilizazioan eginen du lan bereziki eta bestea, alor profesionalagoan ariko da gerta daitezkeen eraso posibleak atenditzen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!