Lehen mailako alerta Iruñean, ibaien ur-goraldia dela eta

Euskalerria Irratia 2018ko api. 9a, 09:15
Ur emari handia dute ibaiek.

Iruñeko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako eta Bizikidetza saileko arduradunek lehen mailako alerta ezarri dute.

Alerta atzo gauean ipini zuten abian, Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez. Hirian eta inguruan egindako euriak eta tenperatura leunek eragindako elurraren urtzaldiak ibaiek gora egitea eragin dute.

Arga ibaia segundoko 195 metro kubikotan dago Iruñea parean; hori dela eta, alerta ezarri dute goizaldeko 02:00etatik aurrera.

Hogeita hamar bat trafiko-istripu, eta horietatik asko euriak eraginda

Azken orduotan Nafarroan botatako euriak trafiko-istripu ugari eragin ditu asteburuan. Hogeita hamar bat izan da, eta gehienek kalte materialak edo zauritu arinak utzi dituzte.

Esanguratsuena Zizur Txikian gertatu da, auto batek emakume bat harrapatu eta "oso larri" baitago, Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez.

Arazoak errepideetan

Istripuez gain, euria dela eta arazoak izan dira Nafarroako zenbait errepidetan: A-15etik Landaben industriagunerako sarbidean; Noaingo Mocholi industriaguneko sarreran; N-2316 errepidean, Zuluetan; N-135 errepidean, Esteribar parean; eta NA-137an, Burgin. Arreta areagotu behar dela ohartarazi du Foruzaingoak, ur-putzuak egon daitezkeelako errepidean, Twitter bidez jakinarazi duenez.

Euri gehien Foru Erkidegoko ipar-ekialdean egin du, azken 24 orduetan metro koadroko 67 litro bota baititu Erremendiako behatokian (Salazar), 57 litro Aoizen, 51,5 Getadarren, 48,3 Esan eta 46 Arangoitiko behatokian.

Era berean, Nafarroako Gobernuaren esanetan, euri ugari egin du Gorramendin (54 l/m2), Beran, (49), Donezteben (47), Eltzaburun (47) eta Iruñean (40).

Zangoza eta Irunberri inguruko herrietan alerta ezarrita zegoen aurretik, ibaiak gora egiten ari zirelako Piriniotan botatako elurraren urtzaldiaren eta euriaren ondorioz. Eremu horietan ez da uholderik izan, eta bai Irati zein Aragoi ibaien maila behera egiten ari da, goizaldean gora egin eta gero.

Bestalde, ez dute arazorik espero Iruñeko Arroan Arga ibaiak gainezka egiteagatik. Dena den, Nafarroako Gobernuko Babes Zibilerako Zerbitzua adi jarraitzen ari da eguraldiaren garapena; izan ere, iragarpenaren arabera, euria espero da, eta Piriniotako elurraren urtzaldiak jarraituko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!