Bihar, Bost Zaurien Funtzioa ospatuko da

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 28a, 08:12

Udalbatzak desfilea egingo du Udaletxetik. Udalbatza gala-jantziz joango da 17:00etan San Agustin elizara, XVII. mendeaz geroztik ospatzen den ekitaldi instituzionalean parte hartzeko.

 

Udalbatza hiriaren izenenean bertaratuko da martxoaren 29an, ostegunarekin, Bost Zaurien Funtziora, zeina San Agustin elizan ospatuko baita, 17:00etan. Segizioa, Udalbatzako kideez gain, mazolariek, turuta-jotzaileek eta udaltzainek osatuko dute, denak gala-jantziz, eta Udaletxetik abiatuko da 16:50ean. Iruñeko Aste Santuko ekitaldi bakarra da non zinegotziak hiriaren izenean joaten diren, eta banderarik gabe. Aurten, iaz gertatu bezala, Iñaki Cabases zinegotziak alkatea ordezkatuko du ekitaldian.

Segizioaren ibilbidea honako hau izango da: Udaletxe plaza, Mercaderes kalea, Curia eta Calderería. Elizara gutxi gorabehera 17:00etan heltzea aurreikusita dago. Urteko une bakarra da zeinetan zinegotzien gala-jantziek dominak Kristoren bost zaurien irudia irudikatzen den aldetik daramatzaten (arantzazko koroa eta Gurutziltzatuaren esku eta oinetako zauriak). Irudi horixe da hiriko banderaren atzealdean agertzen dena.

1601eko maiatzaren 30ean, hiria mehatxatzen zuen izurrite bubonikoa amaitu izana eskertzeko, Erregimentuak udal-akordio bidez ezarri zuen ekitaldi instituzional hau, zeinaren bidez Botoa berritzen baita. Bost Zaurien Funtzioa ohitura zahar bat da, hiriak egindako hamar promes sekular delakoetan jasoa. Elizaren barruan, prozesioa egingo da, non andetan eramango den Bost Zaurien irudia, aurretik dolu-bandera beltza doala. Pausoa udalarena da, eta XVIII. mendearen bukaerakoa edo XIX.aren hasierakoa omen da. Bi aingeruk eusten diote Bost Zauriaren irudiari pausoan. Multzo artistikoa pinu-zuraz eta eskaiolaz eginda dago, polikromaturik dago eta ezarkinak ditu, urrezko eta zilarrezko xafletan eginak.

Katedraleko Musika Kaperak jarriko dio musika ekitaldiari, eta Miserere romano XVII. mendeko konposizio anonimoa eta Cristóbal Moralesi XVI. mendean egotzitako Inter vestibulum konposizioa entzungo dira.

Ekitaldia amaitu ondoren, Udalbatza Udaletxe plazara itzuliko da, ibilbide beretik. Desfilea eta gero, hala nahi duten zinegotziek, eta nor bere izenean, Katedralean eta San Zernin elizan egingo diren ekitaldietan parte hartu ahal izango dute.

Galako guardiaren osaera parekidea izango da, lehenengo aldiz

Udal-segizioan, Galako guardiaren osaera parekidea izango da aurreneko aldiz. Modu horretan, Udalak ikusarazi nahi du gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egiten duen lana udal-arlo guztietan, halako ekitaldietan barne. Desfilatuko duten hamar udaltzainetatik bost emakumeak izango dira, eta beste bostak, gizonak. Iruñeko Udaltzaingoko gala-uniformea 1953ko maiatzaren 28ko Osoko Bilkuran onetsi zen eta urte hartako Corpuseko prozesioan erabili zen lehenbiziko aldiz. Jantzia urdin argiko feltrozko kasaka da, urrezko botoiekin eta urrezko sorbaldako metalikoekin, zaldian ibiltzeko panazko galtza zuria eta bota altuak. Kaskoa prusiar estilokoa da, luma berdeko gandorrez, eta hiriko armarri polikromatua du aurreko aldean. Halaber, zeharkako uhal zuria darama, bai eta gerrikoa eta ezker aldean sable bat ere. Jantziak azken hilabeteotan egokitu dira, Joskintza Lantegiarekin elkarlanean. Segizioko beste kideen jantziak bezala janzkera historikoetan edo bertako tradizioetan inspiratuta diseinatu ziren.

Ostegunean ere, Udaletxearen fatxadak apaingarri bereziak izango ditu, bertan paratuko baitira heraldika-oihalak. Oihal angeluzuzen brodatuak dira, eta haietan ikusgai daude Iruñeko armarria, Bost Zaurien ikurra eta hiriko burgu zaharretako armarriak. Udalak 1614. urtean erabaki zuen haiek egitea. Oihal berde ilunean egiten dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!