Kontraesanez beteriko “maletak” dituzten bi emakume agertuko dira, maleta horiek ikusleen aurrean irekitzeko prest, eta erraietatik hitz egingo dute, umorez, sustrairaino heldu nahian.
Erradikalak gara antzezlanean Beatriz Egizabalen monologoak eta Ane Labakaren bertsoak tartekatzen dira, eta horrela jorratuko dituzte feminismoaren erronkarik garrantzitsuenak eta joera zein iritzi desberdinak, desadostasun handienak eragiten dituztenak barne. Amatasuna, dibertsitatea, indarkeria eta sexualitatea landuko dituzte, besteak beste, betiere umorea baliatuta, eta ikusleengan eragin eta hausnarketa pizteko asmoz. Sarrerak hiru euro balio du.
Lanean genero-ikuspegitik jarduten diren bertsolaria eta narratzailea
Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria) bertsolaria da, itzultzailea, hezitzailea eta bertsolaritza-irakaslea Lasarte, Urnieta eta Donostiako bertso-eskoletan. Bertsolaritzan 12 urte zituela hasi zen, Asteasuko (Gipuzkoa) bertso-eskolan, eta berehala gailendu zen eskolen arteko txapelketetan: txapeldunorde izan zen, bi aldiz, eskolen arteko txapelketa nagusian (2006an eta 2009an) eta txapeldun, 2008an, Gipuzkoako eskolen artekoan. Hainbat sari jaso ditu bertsolaritza-txapelketatan, hala idatzietan nola ahozko bat batekoetan (Osinalde, Lizardi, Basarri, Lazkao-txiki…). Horrez gain, bitan jaso du bertsolaritzaren inguruko ikerketa-saria, EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola lantegiak deitutako deialdian. Bi proiektu horietan, hain zuzen, bertsolaritzari heltzen dio genero-ikuspegitik.
Beatriz Egizabal (Lasarte-Oria,Gipuzkoa) ipuin-kontalaria eta klowna da. 1998an hasi zen kontalari-lanetan, ikusle guztiei –haurrak, gazteak, helduak– zuzendutako emanaldietan. Emakumearen ikuspuntua erabili ohi du ipuinak kontatzean, ikuspuntu feminista, halabeharrez eguneratu behar diren estereotipoak iraultzeko asmoz. Literaturari buruzko ikastaroak ere ematen ditu, institutuetan batez ere, gurasoei zein irakasleei zuzenduak. Oihulari Klown konpainian aritu zen, eta 2005ean, Cesar Marcos marrazkilariarekin batera, KontuKantoi konpainia sortu zuen, zeinaren ikuskizunek hitza eta irudia uztartzen baitituzte. Hori horrela, Egizabalek ipuinak kontatzen dituen bitartea Marcosek hitz horiek marrazki bihurtzen ditu, hitzak entzun eta berehala. Bikoteak, gainera, bat-bateko klown ikuskizunak inprobisatzen ditu.