Energiaren udal-kudeaketa eredu integral bat, gardena, partizipatiboa eta jasangarria eraikitzeko urrats bat izan nahi du operadore horrek. Hori da gaur goizean, prentsaurrekoan, Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Alorreko zuzendari Camino Jasok eta Energia Berdeko Zerbitzuko zuzendari Joël Dozzik ezarri duten epea. Aurreikuspenen arabera, Hirigintza Batzordean aurkeztu eta Tokiko Gobernu Batzarrean onetsi eta gero, Osoko Bilkurara pasako da martxoan, eta une horretatik aurrera hasiko da alegazioak aurkezteko epea. Uda baino lehen enpresa sortzeko behin betiko onespena helduko litzateke, eta horren ondoren lege-izapideak egingo lirateke eta gerente bat kontratatuko litzateke enpresa abian jartzeko.
Elektrizitatea merkaturatzen duen enpresa eta Udalaren energia-politika koordinatzeko Plana aurkeztu da prentsaurrekoan, zeinak nabarmentzen baitu zeharkako plangintza on baten garrantzia udal politiketan. Horregatik energiaren kudeaketa integralaren aldeko apustua egiten du, udal-mailan. Ondorioetan hainbat konturen balioa jasotzen da: energia-politika publikoak elkarrekin ekoiztearen balioa, herritarren partaidetza bultzatzearena, eta energia-ereduaren jasangarritasuna eta bideragarritasuna bermatzearena, betiere konpromiso politikoa eta teknikoa hartuta. Urrats horrekin energiaren udal-kudeaketa eredu integral bat, gardena, partizipatiboa eta jasangarria eraiki daitekeela adierazi dute aurkezpenean.
Azterlan tekniko baten eta juridiko baten bermearekin
Udalak azterlan tekniko bat egin zuen 2016an energia merkaturatzeko udal-enpresa baten bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko. Azterlan horretatik ondorioztatu zen bideragarria dela Udala hornitzeko merkaturatze-jarduera hori, baita jarduera hori ondoren hirugarrenei hedatzea ere. Hurrengo urratsa 2017an argitaratu zen azterlan juridiko bat egitea izan zen, Udaletik energia elektrikoa merkaturatzeko jarduera gauzatzeko forma juridikoa zehazte aldera. Txosten horretan erabat baliogarritzat jotzen zen merkataritza-sozietate bat sortzea, erakunde instrumental gisa; Udalaren baliabide propio gisa, alegia.
2017an ere, energia-pobreziari buruzko ikerketa bat egin zen, zeinak fenomeno horrek Iruñean duen eragin eta ondorioei buruzko informazioa eman baitzuen, baita ekintzarako proposamenak ere. Gizarte Zerbitzuek 205 familiaren elektrizitate-ordainagiriak ordaindu zituzten 2016an, guztira 35.517 euroan. 2017an, 239 familiak jaso zuten laguntza, 49.871 euroan.
Gaur egun, Iruñeko Udalaren elektrizitate-hornidura Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak kudeatzen du, zeharka, bi kontraturen bidez: bata Udalaren hainbat eraikin energiaz hornitzeko da, eta bestea, hiri-argiteriarako.
Energia-autonomia instalazio berriztagarriekin eta energia-pobreziaren murrizketa
Iruñeko Energia Operadorearen helburuen artean dago energia-autonomiaranzko trantsizioan aurrera egitea, instalazio berriztagarriak sustatuz; elektrizitate-ekoizpenaren eragina murriztuz, klima-aldaketari dagokionez, BEGen isurketak gutxituta; eta lehentasuna emanez energia aurrezteari eta energia-eraginkortasunari. Gainera, energia-pobreziaren arloan dituen konpromisoak betetzen lagunduko dio Udalari, egoera larrian dauden familiei Udalaren energia elektrikoa baliatzeko aukera emanez, tarifa progresiboak ezarrita eta argi-eteterik gabe, eta sortutako diru-sarreren zati bat energia-pobrezia arintzeko programetara bideratuz.
Modu horretan, operadoreak Udalari bide emango dio hirian energia berriztagarria eta tokikoa sortzeko proiektu berriak gauzatzeko, herritarren partaidetza ere baduten instalazioak egiteko, eta Udalaren izenean dauden berriztagarrien instalazioak era integratuan kudeatzeko. Nafarroako Gobernuarendako eta Iruñerriko Mankomunitatearendako lan hori egiteko aukera ere izango da, merkatu-operadorearen figuraren bidez, energiaren sektoreko enpresa handien menpe egon beharrik gabe.
Operadorearen eraketa behin betiko onetsi eta gero, hilabeteko epean enpresa sor daiteke, 3.000 euroko kostuarekin. Ondoren, alta hartzeko fasea hasiko da, non merkaturatze-enpresa gisa jarduteko prozedurak hasten baitira. Epe horrek 4 eta 6 hilabete artean irauten du. Aldi berean, Udalaren energia-estrategia garatzen hasiko da, betiere energiaren gobernantza irekiago, gardenago eta demokratikoago bat lortze aldera eta honako ardatz hauek aintzat hartuta: energia berriztagarria tokian sortzeko politika, partikularren hornidura eta herritarren partaidetza.
364.563 euroko aurrezki ekonomikoa, BEZa eta beste elektrizitate-zerga batzuk barne
Gaur egun Udala elektrizitatez hornitzeko kontratuak 2.236.715,12 euro jotzen du. 2016ko datuekin, 1.950.078 eurokoa litzateke kostu-prezioan. Horrek 286.637 euroko aurrezkia esan nahi du, edo 364.563 eurokoa, BEZa eta beste elektrizitate-zerga batzuk barne hartuta. Udalaren Aurrekontu eta Ikerlan Bulegoaren arabera, hasieran eskatutako inbertsioa 56.760 eurokoa litzateke, eta urteko funtzionamendu-kostua, 211.359 eurokoak. Hortaz, merkaturatze-jarduerak mozkinak eragingo lituzke; izan ere, Udala bezalako bezero bat ziurtatuta izanda kontsumo-maila garrantzitsua izango luke.
Elektrizitatea sortzeko Udalaren ondareak eguzki-energia fotovoltaikoaren 25 instalazio barne hartzen ditu, eskola eta ikastetxe publikoen teilatuetan zein pergoletan sakabanatuta, eta bi instalazio geotermiko, haur-eskolatan. Halaber, eguzki-energia termikoko 15 instalazio ditu, ikastetxe eta polikiroldegietan, batez ere. Energia-iturri berriztagarrietatik abiatuta sortu zen energia 205.000 KWh ingurukoa izan zen, 2016an. Gainera, autokontsumorako 3 instalazio fotovoltaiko berri proiektatuta daude urte honetarako: orain arte instalazio fotovoltaikorik ez zuten azken 2 ikastetxeak, eta Txantreako Udal Liburutegia.