'Errealitateak kontatzeko manerak', UEUren ikastaroa larunbatean hasiko da

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 20a, 19:51

Iñigo Astiz, Edurne Elizondo (Arg. Dani Blanco, Argia), Koldo Izagirre eta Iñigo Aranbarri.

Lau larunbatez jarraian eginen da Kondestablean 9:30etatik 13:30etara. Iñigo Aranbarri, Iñigo Astiz, Edurne Elizondo eta Koldo Izagirre izanen dira irakasleak. Oraindik eman daiteke izena. 

Otsailaren 24tik martxoaren 17ra arte eginen da  Iruñean UEUk antolatutako ikastaro hau. Teoria eta praktika tartekatuko dira tailer honetan. Patxi Larrion, ikastaroko arduradunak dioen bezala: “Kronika, euskaraz ere, errealitatea kontatzeko tresna bilakatu zaigu aspaldi. Adibide ugari aurki ditzakegu gure letretan. Horien irakurketa historikoa eskainiko zaie ikasleei. Bestalde egungo joerak aztertuko dira hainbat kronika-egileen eskutik. Kazetaritza kronika izanen da tailerraren ardatz nagusia, baina alde berean, kronika literarioa eta biografia ere landuko dira. Ikasleek saio guztietan hainbat ariketa eginen dituzte, diskurtsoa, lengoaia eta errealitateari heltzeko estrategiak landuko dituzte. Ikasleek tailerraren akaberan kronika bat idatziko dute, gaurkotasuna edota kronika historikoa landuko duena. Antolatzaileak lan horiek argitaratzen ahaleginduko dira.”

Irakasleak

Iñigo Aranbarri Alberdi. Euskal idazlea da. 2008an Zilarrezko Euskadi Saria eman zioten Zulo bat uretan lana liburuaren egunean gehien saldu zen euskal liburua izan zelako.

Iñigo Astiz Martinez. Informazio zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Berria egunkariko kazetaria da Kultura sailean.

Edurne Elizondo Mitxelena. Berria egunkariko kazetaria eta egun Ingurumen Zientzietako ikaslea UNEDen. Kazetaritza eta naturzaletasuna uztartu ditu bere jardueran. Idazlea.

Koldo Izagirre Urreaga. Euskal idazle oparo, goraipatu eta berritzaileenetako bat da. Literaturaren genero guztiak landu ditu bere idazlanetan: poesia, elaberrigintza, ipuingintza eta saiakera.

Helburuak

Ikasleak egungo errealitatea kontatzen trebatzea. Tradizioa abiapuntu hartu eta egungo errealitateari heltzeko hainbat estrategia eskaini. Aipuak, jendearen solasa testu idatzira ekartzeko estrategiak.

Edukiak

Otsailaren 24an, Koldo Izagirre.

Kubatik Elgetara Panamatik igarota.

Kronika: lehen pertsonan eginiko gertatu baten kontaera. Definizio zabal honek har dezakeen hainbat testutan oinarriturik, gure kazetaritzak eta gure literaturak eman dituen kroniken historia kronologiko, tematiko eta estilistiko bat osa genezake. Leku-garai desberdinetan eginiko kroniken irakurketa kritikoa.. Testuen lanketa horrek aunitz baliabide formal eta tekniko paratuko digu argira, eskura. 

 

Martxoaren 3an, Iñigo Aranbarri.

Irakurketa historikoa.

Gehiegizko adjektibazioaren pleguak.. . Gehiegizko adjektibazioak sortu ohi dituen arazoak. Hitzen zolda.

 

Martxoaren 10an, Edurne Elizondo.

Estrategiak eta trikimailuak

Estrategiak: dokumentazioa eta ahozko elkarrizketak. Idazteko tenorean baliatzen ohi diren trikimailuak.

 

Martxoaren 17an, Iñigo Astiz.

Ahozkotasuna idatzira ekarri

Mintza testu idatzia bilakatzen denean. Aipuak, adierazpenak, ahozkoa nola ekarri testu idatzira.

Metodologia

Tailer bat izanen da. Ikasleek zenbait testu eta audio aldez aurretik irakurri edota entzun beharko dituzte.

Saio bakoitzaren hasieran irakasleak gaia pausatuko du (irakurketa historikoa, dokumentazioa, estrategiak eta trikimailuak, estilo baliabideak,…) eta horren ondotik gai hori lantzeko ariketak planteatuko ditu. Lan horien zuzenketa saioan bertan edota saiotik kanpo eginen da (ikasleek elkarri zuzenduko diote).

Nori zuzendua

Bereziki Kazetaritza, Historia, Magisteritza eta Soziologia ikasi edota ikasten ari direnak. Beti ere, kronika landu nahi duen orok tokia izanen du ikastaro honetan.

 

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!