IrriZiklo asteazkenean abiatuko da, Nafarroako Antzerki Eskolan, Joseba Usabiaga eta Iñaki Santosekin. Iruñeko Udalaren euskarazko umore-zikloko lehenengo hitzordua da, eta Ni ala zu antzezlanak eragingo ditu lehenbiziko irriak. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrerak 3 euroan eros daitezke. Gainera, ziklo osoa ikusteko abonamenduak daude, 13 euroan.
Asteazkeneko antzezlanak psikiatriko baten musika-aretora eramango ditu ikusleak. Taula gainean, musikari bat eta musikaz erotuta dagoen pertsona bat, zeinarentzat terapia egokia aurkitu behar baita, duen arazoa gainditu dezan. Iñaki Santos Iñigo izeneko psikiatra-musikaria izango da, eta haren teklatuaren laguntzaz saiatuko da bere burua Jon Bonnek abeslaritzat duen Joseba Usabiaga sendatzen. Kontua da, abestiz abesti, gaixoa eta burutik sano omen dagoena banatzen dituen lerroa gero eta lausoagoa bihurtuko dela.
Hainbat melodia entzungo dira: The Beatles eta Demis Roussos, Behin batean Loiolan eta Radetzky martxa, Mendian goraeta AlbanorenFelicitá; eta koloreen garrantziaz ohartuko dira. Horrela, kolore eta musikarekin jolasean, kontzertuaren ustekabeko azken notara iritsiko dira. Antzezlan musikatu hau Donostiako 2017ko Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiko zazpigarren edizioko txapeldunorde izan zen.
Joseba Usabiaga Amondarain aktore tolosarra ETBko Goenkale telesailean 10 urtez “Tximista” hezurmamitzeagatik da ezaguna, bai etaGoya sarietan 10 estatuatxo eta Donostiako Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia lortu duen Handia filmean protagonista izateagatik ere.
2015ean Ben Sharrock-en Pikadero filmaren protagonista izan zen Barbara Goenagarekin batera, eta horrek erabateko bultzada eman zion haren ibilbideari. Antzerki arloan umorean eta komedian gailendu da batez ere. Iker Galartza tolosarrarekin batera Erreleboa (2006), Ate joka (2009) eta Hil arte bizi (2011) antzezlanetan aritu da, bai eta Gure zirkua familia-zirkuan ere. Bestalde, Poxpolo eta Mokolo pailazoekin batera aritu da lanean zenbait urtez, eta Konbenio del metal musika-taldearen abeslaria da.
Iñaki Santos donostiarra aktore-lanetan aritu da hainbat antzerki-konpainiarekin (Pollo Rosa produkzioak, Agerre Teatroa, Dejabu eta Bazen behin clown). Prestakuntzari dagokionez, hainbat ikastaro egin ditu interpretazioa, zinema, clown eta performancearekin lotuta.
Horrez gain, musikaria da, abesten du eta hainbat instrumentu jotzen ditu (teklatua, saxoa, perkusioa) zenbait taldetan (Pollo Rosa Guateque Band, Rock privado, Casual Blues, Summer time trio...). Dantza eta antzerkietarako musika konposatzen du, eta argiztapen- eta soinu-teknikari gisa aritu da lanean.
Lehen aste honetan IrriZiklok saio gehigarri bat izango du ostiralean, Kondestable Civivoxeko areto gotikoan, irakasle, idazle, monologista irlandar, euskal hiztun, musikari eta abeslari Barry Manleyren eskutik (Barry Barrez). Manleyk From Cork to Kortezubi lanarekin emango die atsegin ikusleei. Kasu horretan, emanaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera doan izango da.
IrriZiklo 2018
- Otsailak 21, asteazkena. Nafarroako Antzerki Eskola 20:00
Ni ala zu. Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos. Ttipia Kultura Sustapenak
- Otsailak 23, ostirala. Kondestable Civivoxa. 19:30
From Cork to Kortezubi. Barry Manley (Barry Barrez)
- Otsailak 28, asteazkena. Nafarroako Antzerki Eskola 20:00
Biba Voi! (Darío Fo eta Franca Rameren antzerkia). Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga. Tartean Teatroa
- Martxoak 7, asteazkena. Nafarroako Antzerki Eskola 20:00
Inpernutik natorren artista bat naiz ni!. Txan magoa
- Martxoak 14, asteazkena. Nafarroako Antzerki Eskola 20:00
Erradikalak gara. Beatriz Egizabal eta Ane Labaka. Lanku
- Martxoak 21, asteazkena. Nafarroako Antzerki Eskola 20:00
Sexijentziak askatuz. Itziar Saenz de Ojer
Pantxika Lamur. Nik egin beharko & Ko. Ainhoa Juaniz. Zirika Zirkus
- Martxoak 27, asteartea. Nafarroako Antzerki Eskola. 20:00
Etxeko saltsak. Txalo Produkzioak. Testuaren egilea: Alan Ayckbourn.