Baratze ekologikoei buruzko programa pilotu batean Sanduzelai ikastetxea eta Iruñeko Udala elkarlanean

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 1a, 19:52

Baratzea landu ez ezik, eskolako curriculumean hortik erakarritako irakaspenak nola txertatu bada orain eskuartean duten zeregina. 

Sanduzelai Ikastetxe Publikoan baratzea dute. Duela zenbait urte hasi ziren proiektu honetan lanean eta ikasturte honetan bultzada berri bat eman diote Iruñeko Udalaren Ingurumen departamentutik etorritako laguntzari esker. Patxi Garzes baratzeko irakasle arduraduna,Oihana Huerta ikasketa burua eta Gurutze Santxo Udalaren Ingurumen teknikariarekin bildu gara Sanduzelaiko eskolan solas egiteko. 

Programa pilotu bat

Iruñeko Udalak eskola-baratze ekologikoei buruzko programa pilotu bat abiatu du ikasturte honetan, Rochapea ikastetxe publikoan eta Sanduzelai ikastetxe publikoan. Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorreko Ingurumen Hezkuntzako teknikariak, lehenengo eta behin, hezkuntza-komunitateko kideak trebatzen ari dira, eta gero ekimen hau ikastetxeko hezkuntza-proiektuan txertatuko da. Hori horrela, bi ikastetxe horietako irakasleekin ari dira lanean: jarduera-proposamen bat aurkeztu diete baratzea jorratzeko denbora eta faseei buruz, curriculumean txertatu dezaten.

Aurrez, udaberrian, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari aurkeztu zioten proiektua, eta hark onetsi egin zuen Nafarroako Eskola Jasangarrien Sarearen barruan. Hartara, ekainean eratu ziren ikastetxeetako talde eragileak. Iruñeko Udalak ekimen hau sustatu du, eta horretarako kontuan hartu du hiri-baratzeak ezarri direla hirian eta zenbait ikastetxetan.

Programaren helburu nagusia da baratze bat sortzea eskolaren barrutian bertan, eta hezkuntza-komunitate osoak modu kolektiboan parte hartzea jardueretan: ikasleak, familiak, irakasleak eta irakasle ez diren langileak. Aldi berean, curriculumean txertatuko dira baratzearen inguruan egiten diren jarduera didaktikoak eta diziplinartekoak, eta baratzea, bestalde, ikasketa-gela bilakatuko da zenbait ezagutza-esparrutarako -gizarte, zientzia, arte, teknologia, gastronomia, eta are kulturarako ere-, bai eta espazio berri bat bihurtu ere, esperientziak eta balioak -etikoak, giza izaerakoak, ingurumenekoak eta osasunekoak- partekatzeko.

35 jardueraren proposamena koaderno didaktiko batean       

Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorreko Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak proposamen didaktiko bat prestatu du koaderno didaktiko batean jasota dauden 35 jardueraz. Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo guztiei daude zuzenduta jarduera horiek, xede harturik bi etapa horiek amaitutakoan ikasleek ezagutza integrala edukitzea baratzearen inguruan.

Ekimen honen bidez haurren interesa piztu nahi da zenbait konturi buruz: hurbileko ingurunea, elikagaien jatorria eta horien landaketa, elikatzeko diren landareen ezaugarriak, baliabide naturalen erabilera zentzuduna eta jasangarria, elikadura- eta kontsumo-aztura osasungarriak eta ingurunearen aldekoak sustatzea. Baratzeko jarduerak, bestalde, akuilu izan daitezke talde-lana sustatzeko eta lurra landuz zein fruituak jasoz gozatzeko.

 

Erlazionatuak

Sanduzelai Ikastetxeko baratzea

Euskalerria Irratia 2018 ots 01 Iruñea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!