Iruñeko Udalak 22 neurriko Energia-Plan bat aurkeztu du autonomia eta burujabetza energetikoa areagotzeko

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 18a, 20:26

Arg. ekidom.com

Etxebizitza partikularretan eguzki-energia ekoizteko instalazio-fotovoltaikoendako diru-laguntzak emanen dira. Aurten energia elektrikoa merkaturatzeko Udal-enpresaren proiektua garatuko da. 

Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiako Alorrak Energiako Ekintza Plan bat prestatu du, autonomian eta burujabetza energetikoan oinarritzen den hiri-eredu jasangarri bat ezartze aldera. 22 neurri jasotzen dituen proposamen bat da, eta horien bidez lortu nahi da eguzki-energia ekoizteko instalazio-fotovoltaikoetan egindako inbertsioa areagotzea, halako instalazioak etxebizitza partikularretan sustatzea, aurrezkia eta energia-eraginkortasuna suspertzea, eta herritarrei prestakuntza ematea. Plan horretan jasotako neurriak gauzatzeak, proposatu dituen Alorraren kalkuluen arabera, 926.250 euro joko lituzke, bi urtean zehar, 2018 eta 2019an.

Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Iruñeko Udaleko Energia Berdearen Zerbitzuko zuzendari Joël Dozzik aurkeztu dute plana, gaur goizean, prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, Iruñean energia-trantsizioa egiteko estrategia bat da, eta haren bidez Udalak hiriarendako energia-eredu berri baten aldeko konpromisoa adierazten du. Hona hemen esku-hartzearen ardatz nagusiak: energia-zerbitzuak Udalaren esku jartzea, energia berriztagarriak ekoiztea arlo publikotik zein pribatutik, energia-eskaria murriztea aurrezkiaren eta energia-eraginkortasunaren bidez, pobrezia energetikoaren kontrako borroka eta gizartearen inplikazioa.

Energia-trantsiziorako neurriak

Proposatutako Ekintza Planak 22 neurri jasotzen ditu, sei ardatzetan banatuta, bi urtean gauzatzeko kronograma batekin –2019ko amaierara arte–. 2018an, energia elektrikoa merkaturatzeko Udal-enpresaren proiektuaz gain, beste neurri batzuk lehenetsiko dira, hala nola energia berriztagarrien ekoizpena, prestakuntza, pobrezia energetikoa eta Udal-araudia.

Hori horrela, Ekintza Planeko zazpi neurri energia berriztagarrien ekoizpena areagotzera bideratuta daude, eta autokontsumoa sustatzera. Zehazki, Udalaren eraikinetan eguzki-energiaren autokontsumoari lehentasuna ematen zaio, eta autokontsumo partekatuko aukerak ikertuko dira.

Autokontsumo pribatua sustatzeko, Udalak bost neurri proposatzen ditu, besteak beste, instalazio-fotovoltaikoendako diru-laguntza lerro bat, etxebizitza partikularretan eguzki-energia ekoizteko aukera gehiago izateko.

Prestakuntza- eta sentsibilizazio-ardatzak hiru jarduketa barne hartzen ditu, planaren arabera proposatutako ereduak arrakasta izateko funtsezko oinarriak. Azaldutakoaren arabera, burujabetza energetikoa lortzea hertsiki lotuta dago gizartearen parte-hartzearekin, herritarren prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez. Txostenak dioenez, belaunaldi berrien prestakuntza, Udaleko teknikariena eta herritarrena, oro har, ezinbestekoa da Iruñearen eraldaketa energetikorako.

Lehenik eta behin, orain arte ikastetxeetan eta Udalaren eraikinetan egindako lanak kapitalizatuko lirateke, eta metodologia berriak inplementatuko lirateke teknologia berriak txertatuz. Adibidez, ikastetxeetan zein Udalaren eraikinetan prestakuntza neurri praktikoak gauzatzea aurreikusita dago, aurrezteko lagungarriak direnak, hala nola 50/50 proiektuak. Proiektu horien izenaren jatorria zera da: lortutako aurrezkiaren erdia eraginkortasun energetikoa erdiesteko beste neurri batzuetan inbertitzen da, eta beste erdia, zuzeneko diru-laguntzen bidez, hezkuntza-komunitateak elkarrekin erabakitzen duen horretara bideratzen da.

Halaber, herritarrei prestakuntza ematearen aldeko apustua mantenduko da, energia-hezkuntzari buruzko lantegien bidez, hiriko familia guztiei zuzenduta. Lantegiok 2017ko azken hiruhilekoan abiatu ziren eta agerian utzi zuten herritarrek kontsumitzen duten energia-motarekiko duten eta ingurunean duten eraginarekiko interesa, bai eta energia aurrezteko moduei eta elektrizitatearen prezioari eta fakturari buruz ere.

Estrategia eta legeak

Ekintza Planaren estrategiarako oinarrizko hiru neurri jasotzen dira: energia-eskariaren barne-egoeraren diagnostikoa egitea hirian, Udalak energia kontrolatzeko tresna bat inplementatzea, eta estrategia bat gauzatzea, helburu, ekintza, jomuga, baliabide eta jarraipena definituta.

Paraleloki, Planak energiari buruzko gaurko legeen azterketa-lana barne hartzen du, izan lege horiek tokikoak, eskualdekoak, nazionalak zein europarrak, eta maximoen proposamen bat idaztea, toki-mailan lege-eskakizun batzuk izateko. Halaber, kontratazio publiko arduratsua markatzen da neurri zehatz gisa. Horrek baldintzak aztertzea ekarriko du berekin, eta ingurumen- eta gizarte-klausulak txertatzeko proposamena ere, toki-mailako lege eskakizunez gain.

 

Zeharkakotasuna eta hiri-ikuspegia

Gauzatzen ari diren lanek eta ekingo direnek neurrien eta inpaktuen zeharkakotasuna dute oinarri. Planaren testuak jasotzen duenaren arabera, energia-eredu berri bateranzko trantsizioa hirian zeharkako estrategia bateratu bat gauzatzeko katalizatzaile izan daiteke, modu horretan islatuz Udalak ekologiarekiko eta hiri jasangarriago batekiko duen konpromisoa.

Estrategia horren bidez, Udalak energia-trantsiziorako Europako Batzordearen gomendioak ere betetzen ditu, “neguko pack” delakoaren bidez, zeinak oinarri baititu energia berriztagarrien ekoizpena areagotzea, aurrezkia eta energia-eraginkortasuna, eta tokiko instituzioen zein herritarren ahalduntzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!