Iruñeko Udalak zerbitzu publikoen sendotzea, auzoen garapena eta inbertsio ahalmena lehenetsiko ditu

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 19a, 08:33

>2018rako Udalak prestatutako aurrekontu proposamenak 204,5 milioi euro ditu. 
>Aurtengoekin alderatuta aurrekontauk %4,1 egin du gora.

Iruñeko Udalak 204,54 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du 2018rako, non gastua ia % 4,1 handiagoa izango baita 2017an onetsitako aurrekontuaren (196,5 milioi euro) aldean, eta hartara, Iruñean 2011tik 2015era bitartean izandako aurrekontuen aldean guztira % 14,46ko igoera (178,7 milioi) lortuta. Horrek esan nahi du, kopurutan, aurtengoan baino 8,04 milioi gehiago dagoela gasturako, hiru arrazoi nagusi direla medio: batetik, ekonomia bilakaera ona izaten ari da hirian, eta horrek berekin dakar Udalaren diru-sarrera gaitasuna indartzeko aurreikuspena; bestetik, zenbait urtetako joera negatiboaren aldean, hirigintza-sustapenera bideratutako Udalaren lursail-salmenta suspertzen ari da; eta, azkenik, 2017ko kontuen betetze-maila altuak (% 95 inguruan) bide ematen du gastua handitzeko, betiere Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak ezartzen dituen parametroekin bat. Aurrekontuen onespena urtarrilaren 16rako aurreikusten da, eta hala gertatzen bada, Iruñeak berritutako aurrekontuak izango ditu hiru ekitaldiz jarraian, agintaldi oso batean aurrekontu luzatuak eduki ostean.

Aurrekontuen proposamenak, zeina gaur onetsi baitu Tokiko Gobernu Batzarrak, gizarte-prestazioak bermatzearen aldeko apustua egiten du, egonkortasunari bultzada eman nahi dio enplegu publikoari dagokionez, Udalak ematen dituen zerbitzuen kalitatea etengabe handitu nahi du eta inbertsio-ahalmena hobetu, betiere auzoak erdigunean jartzen dituen hiriaren garapenerako eredu bat bultzatuta, auzoak baitira herritarrengandik gertuen dauden unitateak. Hori azpimarratu du Iruñeko alkate Joseba Asironek gaur aurrekontuen proiektua jendaurrean aurkezteko Udaletxean egin den ekitaldian.

Punta-puntako zerbitzu publikoak, gastu soziala eta egonkortasuna enpleguan

Kapituluka, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua –egun Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldea– eta Haur Eskoletako sukaldaritza- eta garbiketa-zerbitzuak berriz ere Udalaren esku egoteak ekarri du 1. kapituluan (langileria) 5,75 milioiko (% 7,3) igoera egotea, eta 2. kapituluan (gastu arruntak eta zerbitzuak) 2,28 milioikoa (% 3,2). Bestalde, behera egin du 4. kapituluari (ohiko 

transferentziak) esleitutako kopurua, zeina 3,86 milioi murriztu baita (% 14,7), kapitulu honetatik kanpo daudelako orain Udalaren eskuetara itzulitako zerbitzuen gastuak.

Inbertsio errealez bezainbatean, zeinak 6. kapituluan (inbertsioak) eta 7. kapituluan (kapital transferentziak) jasotzen baitira, aurtengo kopuruak 15,9 milioi euro jotzen du, % 41,8ko igoera 2017ko aurrekontuen aldean (11,21 milioi). Atal horretan, honako hauek zedarritzen dute, berriz ere, hirirako nahi den garapen-eredua: auzoetako ekipamenduak, etxebizitzak zaharberritzeko inbertsioak, korridore jasangarriak eta azpiegitura sozial eta kulturalei bultzada.

100 eurotik 88 euro langileriaren, gastu arrunten eta zerbitzu publikoen finantziazioaren kapituluetarako izango dira, eta inbertsioetan (6. kapitulua), ordea, 100 eurotik 7,8 euro erabiliko dira. Gainerakoa gastuetarako eta finantza-amortizazioetarako izango da. Alorrei erreparatuta, izaera sozial nabarmena dutenek (Gizarte Ekintza, Komunitate Garapena, Kultura eta Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Ahalduntzea, Berdintasun eta LGTBIQ, Hiri Ekologia eta Mugikortasuna, Hiri Bizigarria eta Etxebizitza eta Enplegua eta Merkataritza) gastuaren % 63,04 hartzen dute.

Helburu hauek jarraitzen duten izaten aurrekontuen oinarri: gizarte-gastua sustatzea, erabateko lehentasun gisara; hiri-eredu berri baten alde lan egitea –halakoa non pertsonen beharrek izango baitute lehentasuna, eta desberdintasunek atzera egin dezaten lan egingo baita–; mugikortasun jasangarriko kontzeptu berri bat sustatzea; sakontzea aniztasunarekiko begirunean; aldaketa sakona bultzatzea emakumeen egoeran, haien ahalduntzea sustatuz, indarkeria matxistak deuseztatuz eta zaintze-lanak balioetsiz; azpiegiturak abiaraztea herritarrekin adostuta; eta herritarren partaidetza eta ahalduntzea sustatzeko prozesuak bultzatzea, oinarrizko kudeaketa-tresna gisa. Hori azpimarratu du Iruñeko alkate Joseba Asironek hitza hartu duenean.

15,9 milioi inbertsiotan, eta maiatzean beste 6 izateko aukera

Aurrekontuen proiektuan jasotako inbertsioek 15,9 milioi jotzen dute guztira, eta horietatik 3,36 milioi aurten onetsitako Finantzaz bezainbatean Jasangarriak diren Inbertsioekin finantzatutako proiektuei dagozkie. Hauek dira, besteak beste, proiektu horiek: Jacobacces, Donejakue bidearen interpretazio-zentro irisgarria (234.329 euro); Ziudadelako eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko eta baldintza klimatikoak egokitzeko lanak, Hiriartea proiektuaren barruan (197.776); Takonera I proiektua (300.000 euro berdeguneak konpontzeko); Milagrosa atsegin egiteko proiektua, EDUSI estrategiaren barruan (90.000 euro); eta zaurgarritasun-egoeran dauden herritarrei zuzendutako udal-azpiegiturak –jantoki soziala kasu–hobetzeko lanak (225.000).

Bi ardatz dituzte inbertsio garrantzitsuenek. Lehena lurralde-oreka da, hau da, formula bat gastua era berdintsuan banatzeko hiriko alde guztien artean. Bigarrena, inbertsioen zeharkakotasuna da, inbertsio horiek abiatzea, kasu gehienetan, Alor bati baino gehiagori eragiten diolako.

Zuzkidura handieneko partidak –alde batera utzita eraikinak birgaitzeko diru-laguntzak (2,2 milioi euro) eta transferentzien erreserba Hirigintza Gerentziari (1,17 milioi euro)– 1,4 milioi euro jotzen du, eta haren xedea korridore jasangarriak egitea da, Pio XII.aren etorbidean egitekoa den esku-hartzearekin hasita. Bigarren partidarik garrantzitsuenak 868.000 euro jotzen du, eta horrekin finantzatuko da Txantreako Salestarren eraikina egokitzeko-lanen amaiera. Antzeko kopuru bat (847.000 euro) Animsari bideratuko zaio, besteak beste, Udalaren webgunea goitik behera berritu dezan. Hirugarrenik, 720.000 euro bideratuko dira Plazara! proiektua osatzeko, zeinak barne hartzen baitu Redin eta Cruzatarren jauregiaren egokitzapen arkitektonikoa, herritarrentzako garapenerako gune eta topagune bihurtzeko. Partida garrantzitsuenekin amaitzeko, Mendillorriko igogailuak ia 600.000 euroko diru-zuzkidura izango du (597.440), eta Oscoz multzoko (Arrotxapea) higiezinen erosketaren finantziazioak 325.000 euro, egun antolamenduz kanpo dagoen eraikin bat eraitsita gune hori birgaitzeko.

Aparteko aipamena merezi dute osagai sozial nabarmeneko proiektuek. Zentzu horretan azpimarratzekoak dira Haur Eskolak indarreko araudira egokitzeko planarekin jarraitzeko erreserbatu diren 730.000 euroak (partida nagusia, 600.000 eurokoa, Egunsenti eskola egokitzeko izango da), aterpe premia egoeran dauden pertsonendako etxebizitzak birgaitzeko programarekin jarraitzeko 300.000 euroak (800.000 eurora heltzen da ia-ia partida osoa, Gobernuak ordaindu beharrekoak batuz gero), eta berreskuratu den Garapenaren aldeko Lankidetza Programarendako erreserbatu diren 180.000 euroak. Inbertsio horiei gehitu beharko litzaizkieke Bigarren Zabalguneko auzo-unitatea martxan jartzera bideratutako 135.000 euroak.

Hirigintza Gerentziatik, besteak beste, honako proiektu hauek finantzatuko dira: Argal-Talluntxeren eraisketa (350.000 euro), Arantzadiko parkeko bigarren faseko esku-hartzea (335.000 euro), eta Milagrosarako plan berezi berriaren erredakzioaren finantziazioa (193.600 euro), EDUSI estrategiaren barruan sartuta dagoena.

Inbertsioen kapitulua maiatzean osatuko da partida berri batekin, zeina 6 milioi euro ingurukoa izatea aurreikusten baita, Finantzaz bezainbatean Jasangarriak diren Inbertsio gisa. Kudeaketa-parametroen bilakaera onak, zorraren beherakadak, gastuari eusteak eta aurtengo kontuetan superabita izango delako ziurtasunak bidea emango diote partida horri, eta haren barruan sartuko dira Auzoetan Jarduteko Planaren diru-zuzkidurak, eskoletan inbertsioak egitekoak, Antoniuttiko patinodromoa birgaitzekoa, San Frantzisko ikastetxeko patioa estaltzeko obren zati bat ordaintzekoak, eta proiektuak sendotzekoak, EDUSI (Milagrosa eta Azpilagaña) eta Erdigune (Sanduzelai) proiektuak kasu.

Diru-sarreren aurreikuspen ona

Diru-sarrerei dagokienez, urte oparoa aurreikusten da, batez ere, beste administrazio batzuen transferentziek gora egingo dutelako (Hiriburutza Agiria eta Toki Ogasuneko Funtsak) eta tokiko ekonomiaren joera positiboari esker, zeinaren ondorioz, seguru aski, zuzeneko zergen bidezko diru-bilketa handituko baita (kontribuzioa, zirkulazioaren gaineko zerga, gainbalioak eta JEZ). Hala, 2018rako diru-sarrerek 204,5 milioi euro jotzea aurreikusten da, eta horietatik 100,6 milioi 

baino gehiago transferentzia arruntei legozkieke (% 3 igoko dira), eta 54,29 milioi, zuzeneko zergei (% 4,14 igoko dira). Bi kontzeptuen artean aurreikusitako diru-sarreren % 75,73 osatzen dute. Udalaren diru-bilketa gaitasuna osatzen duten gainerako kapitulu nagusiak bere horretan mantenduko dira, gutxi gorabehera. Tasa eta prezio publikoen bidez 27 milioi euro biltzea aurreikusten da, eta zeharkako zergen bidez (EIOIZ), 5,45 milioi baino gehiago.

Aintzat hartu beharreko beste datu bat, kasu honetan gastuei dagokienez, finantza-gastuei dagokien 3. kapituluaren jaitsiera da. Aurten 1,26 milioi euro izango ditu. Horrek esan nahi du % 41,4 egingo duela behera, aurtengo aurrekontuari dagokionez. Beherakada horren arrazoia da aurreko agintaldietatik datozen eta Udalak ordaindu behar dituen kredituei aurre egiteko baldintzak berriz ere negoziatu direla, Udalaren mesederako.

Berrikuntza: hamar Alorren arteko banaketa, gehi Alkatetza

Alorrez Alorreko banaketari dagokionez, funtsen banaketak aurten berrikuntza garrantzitsu bat agertzen du. Izan ere, azaroan egin zen gobernuaren egituraren birmoldaketaren ondorioz, udal-egitura orain hamar Alorretan banatuta dago, gehi Alkatetza. Aurreko aurrekontuetan bezala, Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorrak du partidarik handiena (43,53 milioi), Giza Baliabideetako Alorra ere kudeatzen baitu. Hala ere, 1,23 milioi murriztu da bere esleipena. Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak, zeinak Hirigintza eta Proiektuak barne hartzen baititu, 40,51 milioi euro kudeatuko ditu (0,6 milioi gehiago); Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrari 30,74 milioi esleitu zaizkio (0,54 gutxiago), eta Hezkuntza eta Kulturako Alorrak 30,7 milioi kudeatuko ditu, 2017an baino 2,9 milioi gutxiago. Beherakada horien arrazoia birmoldaketa da, finantziazioaren zati bat Alor berrietara baitoa: Komunitate Garapeneko Alorrak (Kirolaz eta Gazteriaz arduratuko da) 8,13 milioi euro kudeatuko ditu; eta Gardentasuneko Alorrak (Hizkuntza Politikaz arduratuko da), 8,22 milioi.

Gizarte Ekintzako Alorrak 24,06 milioi euro kudeatuko ditu (2017an baino 0,4 milioi gehiago), eta Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrari 3,6 milioi esleitu zaizkio, iazko kopuru bera. Baina, kasu honetan kontuan hartu behar da Berdintasuneko eta LGTBIko Alorra lehen Alor horren menpe zegoela. Eta hala izaten jarraitu balu, esleipenak % 21,7 egingo zukeen gora, Berdintasunari urte honetarako 0,997 milioi esleitu baitzaizkio.

Hiri Ekologia eta Mugikortasuna da gehien indartzen den Alorra, % 13 egin du gora, 2017an esleitutako 10,08 milioietatik 11,39 milioietara. Banaketa Alkatetzarekin osatzen da, zeinak 2,66 milioi euro kudeatuko baititu.

Agintaldiko proiektuen sendotzea, eta onespena, urtarrilean

Agintaldiko plangintzaren ikuspegitik, 2015ean Udalaren barneko egiturak birmoldatu, 2016an hiriko proiektuetarako inbertsio-oinarriak finkatu, eta 2017an auzoetako ekipamendu nagusiak martxan jarri eta gero, proiektu horiek amaitzea ezarri da lehentasun gisara. Proiektu horien artean, lehentasuna izango dute honako hauek: Haur Eskolen sarea eraberritzea (helmuga 2020an jarririk eta 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa eginda); hiriko mugikortasuna arautzea (4 

milioi euro inguruko aurreikuspena, bidegorriak, korridore jasangarriak eta erdialdea atsegin egiteko obrak gauzatzeko); udal-etxebizitzen egokitzapena aterperik gabe gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzat, ordezko bizitoki gisa erabiltzeko eta alokairu sozialetarako (3 miloi euro inguru, 2019ra arte inbertitzeko); auzoetako herritarren partaidetzaren bidez lurralde-oreka lortzeko inbertsioak (7 milioi euro inguru, lau urtean inbertitzekoak), eta erreferentzia-guneak bilakatuko diren ekipamenduak egiteko obrak.

Azkenik, aurrekontuak onesteko egutegiari dagokionez, aurreikusita dago Osoko Bilkurak urtarrilaren 16an egingo den ezohiko saioan onestea aurrekontuak. Proposamena gaur aurkeztu da Tokiko Gobernu Batzarrean. Hemendik aurrera, batzordeetan –Lehendakaritza Batzordean, Herritarren Aferen Batzordean eta Hirigintza Batzordean– aztertuko dute proiektua, abenduaren 21ean, goiz eta arratsaldez, eta abenduaren 22an soilik goizez, non, kasuan-kasuan, Alorretako zinegotzi ordezkariek ere parte hartuko baitute, teknikariek lagunduta.

Urtarrilaren 10ean aurrekontuei buruzko zuzenketak aurkezteko epea amaituko da, eta urtarrilaren 12an egingo da Lehendakaritza Batzordea, irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko diona. Aurrekontuak onestea ala ez erabaki behar duen osoko bilkura ezohikoa izango da, eta urtarrilaren 16an egingo da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!