Uxue Barkos Berruezo Nafarroako Lehendakariak zuzendu du gaur eguerdian Solidaritatearen aldeko XV. "Nafarroa" Nazioarteko Saria La Vía Campesina (LVC) erakundeari emateko ekitaldia. Mundu-mailako mugimendu hori sortu zen nekazarien "bozeramaile" izateko eta elikadura-subiranotasuna indartzeko helburuarekin. Egun, lau kontinentetako 200 milioi nekazari txiki biltzen ditu. Saria Guatemalako María Canil Grave andreak jaso du, LVCren ordezkaria denak Erdialdeko Amerikan.
Saria Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak sustatzen dute, instituzioek, GKEk eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren edozein eremutan bere ibilbidearengatik nabarmendutako pertsona fisikoek burututako lana nabarmentzeko eta saritzeko helburuarekin. Saria 15.000 eurokoa da, eta, horrekin batera, diploma eta sariaren ikurra den obraren alea banatzen dira: Arri Ernai zaintzailearen eskultura, Jorge Oteizarena.
Saria banatzeko ekitaldia gaur eguerdian egin da Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, eta, bertan, honako hauek parte hartu dute: Barkos Lehendakariak; Laboral Kutxako Txomin García Hernández lehendakariak; Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, Miguel Laparra Navarrok; eta María Canil berak. Halaber, ekitaldian izan dira Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
Zeremonia Dolce Aria bikotearen (sopranoa eta arpa) interpretazio musikalek girotu dute.
Vía Campesina
La Vía Campesina 1993. urtean sortu zen, lau kontinentetako nekazarien ordezkariek mugimendua sortu zutenean, laborarien, nekazari txikien, lurrik gabeko jornalarien, herri indigenen eta migratzaileen interesak eta eskubideak defendatzeko helburuarekin, nekazaritzako industriaren eta multinazionalek menderatutako merkatuen aurrean. Gaur egun, 73 herrialdetako nekazarien 164 erakundek osatzen dute, eta solaskide ospetsua da Foroetan eta Nazioarteko Erakundeetan.
Aldarrikapen nagusien artean, lurra edukitzeko eskubidea agertzen da. Halaber, nekazaritza ekologikoa sustatzen du, ingurumena eta tokiko landareak eta haziak defendatzen dituena, genetikoki aldatuak izan diren organismoen aurrean, eta "elikadura-subiranotasuna" kontzeptua ezarri du; hots, herriek beren elikadura-sistema izateko eta beren nekazaritza-politikak definitzeko duten eskubidea, merkataritza askearen benetako aukera bezala. Testuinguru horretan, helburu nagusietariko bat da emakumeek eta gazteek parte hartzea edota bazkideak trebatzea, mugimenduak dituen 40 instituturen bitartez.
LVCk mugimenduaren gaikako lana koordinatzen duten nazioarteko 7 talderen bidez lan egiten du: Haziak-Nekazaritzako ekologia taldea; Lurra eta Lurraldea Taldea; Nekazarien Eskubideen Taldea; Migrazioen Taldea; Merkataritzako Taldea; Politika Publikoen Taldea; Klima Taldea. Jarduerak modu deszentralizatuan antolatuta daude, estatuko edo eskualdeko erakunde baten erantzukizunpean.
Gaur egun, mundu mailako 9 eskualdetan antolatuta dago: Afrikako Hegoaldea eta Ekialdea; Erdialdeko eta Mendebaldeko Afrika; Europa; Ipar Amerika; Hego Amerika, Erdialdeko Amerika eta Karibea; Asiako Hegoaldea; Asiako Hego-ekialdea eta Ekialdea. Horrez gain, erakunde berriak sartzen ari dira Palestinan, Tunisen eta Marokon, Ekialde Hurbilean eta Afrikako Iparraldean, eskualde berria sortu ahal izateko. Egun, erakundearen nazioarteko koordinatzailea Elizabeth Mpofu da, Zimbabwe-koa.
Solidaritatearen aldeko saria María Canil Gravek jaso du, Emakumeen Nazioarteko Koordinazio Batzordeko kideak eta LVCren Erdialdeko Amerikako eskualde-mailako ordezkariak. Guatemalan jaio zen, eta jatorriz maia da, Guatemalako Alargunen Koordinadora Nazionalaren (CONAVIGUA) bazkide sortzailea, La Vía Campesina osatzen duten erakundeetariko bat. Jarduera ugarien artean, Rigoberta Menchú doktorearen Idazkaritza eta Nazioarteko Harremanen taldeko kidea izan zen; baita ere, Bake Akordioen Batzorde Nazionalaren aurreko ordezkaria, herri indigenen ordezkari gisa.
Harekin batera izan da, halaber, La Vía Campesinaren ordezkari moduan, Unai Aranguren, EHNE Bizkaia nekazarien erakundeko kidea eta Europako eskualdearen ordezkaria LVCren Nazioarteko Batzordean.
Sarituaren hitzaldia
Barkos Lehendakariak nabarmendu du bat datozela La Vía Campesinak defendatzen dituen helburuak eta aldarrikapenak Nazio Batuek, Garapen Iraunkorraren 2030 Agendaren bitartez (2015ean onartua), proposatzen dituzten helburuekin. Era berean, planeta osoak aurre egin beharreko bi arazo garrantzitsuenen inguruko hausnarketa egin du: elikagaien produkzioa areagotzeko premia eta herrialdeetan handituz doan hirigintza.
Lehenengoari dagokionean, munduko biztanleriaren hazkunde-aurreikuspenak aipatu ditu; hau da, 9.800 milioi biztanle aurreikusten dira 2050ean, eta horrek %50 gehitzea eskatzen du elikagaien produkzioa. Baina produkzio hori hiru faktorek baldintzatuko dute: "nekazari txikien bizimoduan eragiten duten prezio-aldaketek, uztak arriskuan jartzen dituen aldaketa klimatikoak eta merkatuak eraldatzen dituzten akordio komertzialek", adierazi du.
Gero eta handiagoa den urbanizazioari dagokionez, gogoratu du 2025ean biztanleriaren %54a hiriko zonetan biziko dela, eta landa-inguruneko bizi-baldintzak hondatzearekin zuzenean loturiko mugimendua izango da.
Lehendakariaren iritziz, erronka horiei aurre egiteko, "kontuan hartu behar dira jarduera ezberdinak, horiek guztiak Vía Campesinak bere eskarietan, aldarrikapenetan eta lanean jasotakoak. Bereziki, nekazarien egitekoa baloratu behar da, eskubideetan oinarritutako ikuspegiarekin, garapen-politiken plangintza egiterakoan nekazaritza-lurraldearen ikuspegia aintzat hartu behar da, eta horretan guztian genero-ikuspegia onartu".
Ildo horretan, azpimarratu nahi izan du, merkatuetara sartzeko zailtasunak izan arren, nekazari txikiak direla gaur egun elikagaien ekoizle bakarrak edo nagusiak garapen bidean dauden herrialde askotan; horrela, eguneroko janaria ematen die 2.500 milioi laguneri, eta planetako baliabide naturalen zati handi bat kudeatzen dute. "Beraz, giza bizitza bezalako goreneko ondasunak babesteko, garrantzitsua da nekazarien eskubideak errespetatzea, babestea eta betearaztea, La Vía Campesina horiek lortzeko ahaleginean dabilen moduan", gehitu du Lehendakariak.
Bestalde, Laboral Kutxako lehendakaria den Txomin Garcíak adierazi du LVCk defendatzen duen "elikadura-subiranotasuna" kontzeptua bultzatzea "ez dela soilik kontu etikoa, baizik eta agindu soziala eta orokorra izan behar duela, aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko, bakea bultzatzeko eta XXI. mende honetako gaitz lotsagarriena, gosea, arintzeko aukera oso eraginkorra izateagatik". Horrela, gogoratu du, 2016an, 815 milioi pertsonak gosea jasan zutela (munduko biztanleriaren %11k), eta 5 urtetik beherako 155 milioi haurrek desnutrizio kronikoa jasaten dutela.
Haren iritziz, elikadura-subiranotasuna garatzea lehentasunezko faktorea da tragedia hau jorratzeko. Eta lan horretan, emakume nekazariek duten paperaren garrantzia aldarrikatu du. Hegoaldeko herrialdeetan, biztanleriaren %70 hornitzearen erantzuleak dira, eta "gizonek baliabideak eskuratzen dituzten moduan eskuratuko balituzte, munduan gosea jasaten duten pertsonen kopurua 150 milioi lagunera murrizteko aukera egongo litzateke", adierazi du.
Azkenik, Laparra lehendakariordeak LVCren indarra eta bizkortasuna nabarmendu ditu; izan ere, hogei urte inguruko ibilbidean, lau kontinentetako 73 herrialdetan ezarri da, eta solaskide garrantzitsua da FAO bezalako nazioarteko erakundeentzat. Halaber, egiten dituen jarduera ugari azpimarratu ditu, eta, lan gehiena "zero gosea" garapen iraunkorraren helburuan oinarritzen den arren, beste helburu batzuk lortzeko ere lan egiten du; hain zuzen ere, "gaitasun instituzionala eta profesionala, berrikuntza, nekazaritza-industriaren aurreko aukera, erkidegoetan eta lurraldean sustraitzea, talde ahulen aldeko lana eta erakundeekin eta sareekin koordinatzeko duen gaitasuna".