Amaiur ikastolako IGEak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatu dituzte jardunaldi batzuk –azaroaren 24an, ostiralarekin, arratsaldez; eta 25ean, larunbatarekin, goizez–, xede harturik bultzada ematea kalitatezko elikagai osasungarri eta gertukoei eskola-jantokietan. Egun horietan, hezkuntzan eta elikaduran adituek ikuspuntu teoriko zein praktiko batetik helduko diote gaiari, betiere Iruñeari ezagutarazteko asmoz jantoki jasangarriak dituzten ikastetxeen esperientzia arrakastatsuak. Hezkuntza eta elikadura jasangarria eskola-jantokietan: hamaika aukera izeneko jardunaldien xehetasun guztiak aurkeztu dituzte Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Amaiur ikastolako IGEko Natxo Irigoienek, ikastetxeko zuzendari Itxaso Arnaizek eta Hezitzaile Eskolako zenbait ordezkarik.
Ekimenaren abiapuntu izan da azken urteotan erosotasuna eta irizpide ekonomikoak lehenetsi direla eta ondorioz, eskola-jantokiak desnaturalizatu eta industrializatu. Horrek egunero ikasleek hartzen dituzten elikagaien kalitateak behera egitea ekarri du, eta gainera, ez daukagu elikagaien jatorriaren berri, ez eta kontrolik ere. Paradoxikoki, gero eta gehiago dira elikadurari lotzen zaizkion osasun-arazoak, eta elikagaien ekoizpen-lurraldearen inguruko ezagutza falta gero eta handiagoa da.
Aldian behin baserri-eskoletara egiten diren bisitak gorabehera, irudipena da produktuen jatorria ezkutaturik dagoela eta magia balitz bezala, aluminiozko ontzi batetik platerera doazela elikagaiak. Hori dela eta, asmoa da elikadura izatea ikastetxeak eta lurraldeak lotzen dituen leihoa, eta bihurtu dadila aukera bat ikasleek beren osasuna –gaurkoa zein etorkizunekoa– hobetzeko, beren prestakuntzarako, lurraldearen garapen sozioekonomikorako eta ingurumenerako.
Iruñeko Haur Eskoletan abiarazitako ekimena
Iruñeko Udalak jada abiatu du antzerako ekimen bat hiriko Haur Eskoletan, non ikasturte honetan eskola guztietan ezarri baitira menu osasungarriagoak eta jasangarriagoak, INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin batera bi eskoletan egindako plan esperimentalaren ostean. Horiek horrela, erabiltzen diren elikagaiak gertukoak, freskoak, sasoikoak eta ekologikoak izatea lehenesten da, eta oinarrizko elikagaiek (adibidez, ogia, patata, esnea, olioa) protagonismoa eta kalitatea berreskuratu ditzaten nahi da, zapore hobea emanez eta haurrek horiek jateko gura handiagoa izatea bultzatuta, beste zenbait elikadura- eta osasun-irizpide ere aintzat hartuta.
Elikagai oso prozesatu eta industrializatuen eta garraio luzeak dituztenen ohiko eredua ordeztu nahi du ekimenak, eta trukean, tokian ekoitzi eta prozesatutako elikagaien ereduari heldu (100 eta 150 kilometro arteko distantziara gehien jota), horrela betez, baita ere, Milango Ituneko konpromisoak, zeinekin Udalak bat egin baitu. Nazioarteko itun horren asmoa da elikadura-gobernantza eta tokiko elikagai-sistemak indartzea. Horrez gain, prozesua halako lan-ildo batean barruan dago, zeinean elikadura-kate osoko mikroenpresek, enpresa txiki eta ertainek, autonomoek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek kontratazio publikoan parte har dezaten ahalbidetzen baita, haien tamaina eta egin ditzaketen zereginekin bat datozen “kontratu-erreserbak” egiten baitira.
Aukera hezkuntzarako eta agroekologiarako
Jardunaldien programa azaroaren 24an hasiko da, ostiralarekin, 17:30ean. Egun horretako saioak 19:30era arte iraungo du, eta bereziki zuzenduta dago irakasleei eta hezkuntzaz arduratzen diren pertsonei. Ezpeletaren jauregian izango da. Nafarroako Eskola Kontseiluko Aitor Etxartek hartuko du hitza, eskola-jantokiei buruzko alderdi pedagogikoei buruz aritzeko, eta Mugarik Gabeko Albaitariak erakundeko Patricia Gómezek Alimentación en las aulas. Educar para transformar hitzaldia emango du. Halaber, lantegi bat egingo da, haurrek ere parte har dezaten proposatutako eztabaidan. Elikasi da lantegiaren izena, Hezitzaile Eskolak dinamizatuko du, eta 2 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendua da.
Larunbatean agroekologia izango da ardatza, eta saioa irakasleei, IGEei, sektoreko teknikariei eta jendeari, oro har, zuzenduta egongo da. 09:30etik 14:00etara, Kondestablearen jauregian, adituen eskutik helduko zaie honako gai hauei, besteak beste: Nafarroako eskola-jantokiak, zergatik dira interesgarriak eskola-jantoki jasangarriak eta zer egin daiteke horren harira Foru Komunitatean. Santanderreko Cisneros IPko eta Iruñeko Haur Eskoletako esperientziak ezagutaraziko dira baita ere. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak prestakuntza-jardueratzat hartuko du jardunaldietan parte hartzea.
Hezkuntza eta elikadura jasangarria eskola-jantokietan: hamaika aukera
- Aukerak, hezkuntzarako
- Azaroak 24, ostirala. 17:30 – 19:30. Ezpeletaren jauregia
- Irakasleendako eta hezkuntzaz arduratzen diren pertsonendako
- Comedores escolares aspectos pedagógicos. Aitor Etxarte, Nafarroako Eskola Kontseilua
- Alimentación en las aulas. Educar para transformar. Patricia Gómez, Mugarik Gabeko Albaitariak
- Elikasi haurrendako lantegia. 2 eta 10 urte bitarteko haurrendako
- Aukerak, agroekologiarako
- Irakasleendako, IGEendako, agroekologiako teknikariendako eta jendearendako, oro har.
- Azaroak 25, larunbata. 09:30 – 14:00. Kondestablearen jauregia
- Los comedores escolares de Navarra (Hezkuntza Departamentua)
- ¿Por qué son interesantes los comedores escolares sostenibles? Esparru teorikoa. Mari José Ímaz, Urduñako Udaleko (Bizkaia) agroekologiako teknikaria
- Atsedenaldia. 11:00 – 11:30.
- Santanderreko Cisneros IPko esperientzia. José Antonio Sánchez Raba, Cisneros IPko zuzendaria
- Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako esperientzia. Garbiñe Elizaincin, INTIAko teknikaria
- ¿En Navarra qué podemos hacer? Mahai-ingurua.
- Amaiera-ekitaldia
- Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak prestakuntza-jardueratzat hartuko du jardunaldietan parte hartzea.