Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Grefusa valentziar enpresako zenbait ikertzailek ekilore-hazi txigortu eta gaziak prozesatzeko eta prestatzeko teknologia berri bat garatu dute. Hari esker, hazien kalitate nutritiboa hobetzen da, posible baita E bitamina eta mineralak gehitzea eta hazien bizitza komertziala bikoiztea. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak 142.000 euro ingururekin finantzatutako proiektu batek ahalbidetu du garapen hori, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako 2013-2016 Estatu Planaren barruan.
Proiektuan, lau urtez aritu dira lanean Teresa Fernández García, Idoya Fernández Pan eta Juan I. Maté Caballero Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) ikertzaileak eta Luis Martínez Campos Grefusako teknikaria. Familia-enpresa hori, 1929an sortua eta egoitza Alciran (Valentzia) daukana, fruitu lehorren eta zerealezko “snack” delakoen prestaketan espezializatua dago, “El Piponazo”, “MisterCorn” edo “Snatt’s” marken bitartez.
Ekilore-hazi txigortu eta gaziak prozesatzeko eta prestatzeko teknologia berri horren bidez, hazien nutrizio-propietateak areagotzeaz gain, zentzumenarekin eta bizitza baliagarriarekin lotutako ezaugarriak ere hobetzen dira. Hala, hazien kalitate nutritiboa hobetzen duten gehigarrien (mineralen eta E bitaminaren) eransketa ebaluatu dute ikertzaileek. Gainera, gazitze, txigortze eta osagai naturalen gehitze prozesuen zenbait konbinazio aztertu dituzte, eta, horri esker, gai izan dira “fruitu lehor horiek prestatzeko prozesu esklusibo eta optimizatu berri bat” diseinatzeko, Juan I. Maté Nafarroako Unibertsitate Publikoko Elikagaien Teknologia Saileko katedradun eta proiektuaren arduradunaren esanetan.
IKASLEEN LANKIDETZA
Proiektu horretan, halaber, zenbait ikaslek parte hartu dute, hain zuzen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradukoek (Antzine Argandoña López, Miguel Asiáin Azcárate, Miren Beúnza Aríztegui eta Cristina Sanz Lacunza) eta Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologiako eta Kalitateko masterrekoek (Laura Muñoz Ciáurriz). Beren ikasketen amaierako lanetan, aipatu IS-FOOD institutuko zientzialarien zuzendaritzapean, zenbait gai ikertu dituzte, hala nola hazien sodio-edukiaren murrizketa, kontserbaziorako antioxidatzaileen erabilera eta fruitu lehor txigortu eta gazien nutrizio-profilaren hobekuntzak.