Civivoxak 22:00ak arte zabalik eta Kondestablea eta beste zentro bat igandeetan ere irekita

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 13a, 20:22

Honetaz gain Civivox guztietan euskarazko arreta bermatuko da argibide-guneetan. Hauek dira lizitatuko den kudeaketa-kontratu berrian bildutako berrikuntzetako batzuk. 

Civivox sareak Kondestable Civivoxa eta beste gizarte-etxe bat irekiko ditu igandeetan ikasturtean zehar, ordutegia 22:00ak arte luzatuko du zabalik dauden egun guztietan, eta bermatuko du Civivox bakoitzeko argibide-guneetan herritarrek hiriko bi hizkuntza ofizialetan jaso ahal izango dutela arreta. Civivox sareko eta San Joan Bosco Zentroko zerbitzu soziokulturalak kudeatzeko kontratua azaroan lizitatuko da, eta datorren urte hasieran ebaztea aurreikusita dago.

Kulturako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek kontratu horren xehetasunak azaldu dituzte, zeina azken hiru hilabeteetan sektorearekin batera egindako kontsulta-epean egon baita. Prozesu horren ondorioz aldaketak egin dira, bai sektoreko eragileek eurek proposatutakoak zein Kulturako eta Hezkuntzako Alorrak egindako ekarpen berriak aintzat hartuta. Kontratuaren zirriborroa joan den uztailean aurkeztu zen. Kontratuaren ezaugarri-zerrenda eta baldintza teknikoen agiria interesdunen eskura jarri ziren Iruñeko Udalaren webgunean, eta lan-bilerak eskatzeko epe bat ireki zen, sor zitezkeen zalantzak argitze aldera.

Laguntza kontratu bihurtu da, orain arte bezala mantendu beharrean –orain arte zerbitzuak emateko kontratua zen–. Civivox sareko zazpi zentroetako –Kondestable, Juslarrocha, Iturrama, Mendillorri, Sanduzelai, Zabalgunea eta Milagrosa– eta San Joan Bosco Zentroko zerbitzu soziokulturalen kudeaketa barne hartzen du. Halaber, zentroetan egingo diren ikastaro eta jardueren programazioa egiteko kontratuak arautuko dituen esparru-akordioaren baldintza teknikoak definitzen dira. Azkenik, zentroetako ekitaldi-aretoetan egitekoak diren emanaldietan beharrezkoa den soinu eta argiztapenerako laguntza teknikorako aginduak ezartzen dira. Horregatik kontratuan hiru sorta zehazten dira, eta urteko guztikoak 3.214.800 euro jotzen du, horrela banatuta: Civivoxen kudeaketarako, urteko 2,1 milioi euro; programaziorako, 1.064.500 euro; eta soinu eta argiztapenerako laguntza teknikoa, 50.000 euro. Kontratua bi urtez egongo da indarrean, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Ordubete gehiago eta igandeetan zabalik

Udan aurkeztu zen zirriborroari dagokionez, berrikuntzetako bat da gutxienez bi zentro igandeetan irekitzea, ekainaren 15etik irailaren 15era salbu. Horietako bat Kondestable Civivoxa izango litzateke, eta bestea zehazteke dago, baina hiru hauetakoren bat izango litzateke: Mendillorri, Iturrama edo Sanduzelai. Bete beharreko ordutegia honako hau litzateke: 09:00etaik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Aukera legoke zentroetako bat goizez irekitzeko eta bestea arratsaldez.

Plegu berrian zentroak ordubete gehiago egongo dira zabalik. Behin ontratu berria indarrean sartu eta gero, jendaurreko arreta 22:00etan amaituko da. Hiriko zazpi Civivoxak, hortaz, zabalik egongo dira astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara, irailaren 1etik ekainaren 30era bitarte. San Joan Bosco Zentroa 16:30etik 22:00etara egongo da zabalik, eta Iturramako bainuetxea, 09:00etatik 21:00etara. Udan, Kondestable Civivoxak ordutegia mantenduko du, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara, eta gainontzeko zentroak goizez soilik egongo dira zabalik, 09:00etatik 14:00etara. Zabalguneko eta Milagrosako Civivoxak itxita egongo dira uztailean.

Sanferminetan Kondestable Civivoxa egongo da bakarrik zabalik, 10:30etik 14:15era. Uztailaren 6an, 7an, eta Hiri senidetuen eguna ospatzen den egunean zentroa itxita egongo da.  Gainontzeko civivoxak itxita egongo dira sanferminetan.

Gardentasun gehiago eta programazioaren gastuaren kontrola

Jarduera eta ikastaroen programazioa osatzeko ildoak ezartzen ditu baldintza-agiriak, zeinek lau hilabeteko iraupena izango baitute (otsaila-maiatza, ekaina-iraila, urria-urtarrila), hiruhilekotan banatuta egon beharrean, orain arte bezala. Gizartearen eta instituzioen ekimenen arteko oreka bilatzen da, auzotarrei eta herritarrei, oro har, zuzenduta dauden jarduera zein ikastaroen arteko oreka. Halaber, kultur ekintzetan parte-hatzea sustatu nahi da kalitatezko eskaintza baten bidez, programazioak belaunaldiartekoa izan behar du, alor eta formatu anitz aintzat hartuta, jarduera artistiko amateur zein profesionalekin, eta programazioaren zeharkako ardatzak genero-berdintasuna eta euskararen presentzia izango dira.

Herritarrei zuzendutako programazioari dagokionez, urtean 500 ikastaro eta 400 jarduera egingo dira, gutxi gorabehera: hitzaldiak, ikuskizunak, bisita gidatuak, lehiaketak, zinema-emanaldiak, erakusketak... Irizpide orokor gisa, lau jardueretatik bat euskaraz izango da (% 25). Lauhileko bakoitzeko programazioa eta horren kostu xehatua Kulturako eta Hezkuntzako Alorrak zein Udalak onetsiko dute gauzatu aurretik. Behin lauhilekoko programazioa amaitu eta gero, enpresa esleipendunak aurkeztu beharko dizkio Udalari gastuen justifikazioa, fakturak, ordainketen egiaztagiriak... beste agiri batzuen artean. Agiri guztiak egiaztatu ondoren, programazio horren zenbatekoa ordainduko da, enpresa esleipendunak eskainitako ehunekoa gehituta eta lortutako diru-sarrerak kenduta. Ikastaro eta jardueretako arduradunak kontratatzeko orduan gardentasuna exijitzen da. Hala, ildo programatikoak errentagarritasun ekonomikoaren gainetik dituen programazio baten alde egiten du apustu Udalak, baita gardentasunaren alde kontratazioan eta gastuen kontrolean ere.

Halaber, zentro bakoitzeko argibide-guneetan euskarazko arreta bermatuko da. Egun subrogatu daitezkeen langileekin baldintza hori bete ezin izango balitz, enpresa esleipendunak prestakuntza-plan bat aurkeztu beharko du, kontratuaren indarraldian gauzatzekoa, helburu hori lortze aldera. Sei hilabeteko epean, enpresa esleipendunak jendaurreko arretari buruzko eskuliburu bat egin beharko du, non sartuko baitira jendaurreko arreta eskaintzeko protokoloak bide ezberdinen bidez (aurrez aurre, telefono bidez, on line, idatziz...).

Balorazio irizpideetan, gizarte-klausula gehiago

Kultur kudeaketaren sektorearekin egindako prozesu partizipatiboan, kontratuaren lizitazioaren prezioa ezartzeko aurreikuspena murriztu da, kudeaketarekin berarekin lotutako gaietan. Udan aurkeztutako zirriborroan gehieneko prezio batzuk ezartzen ziren, eta hilabete hauetan zehar egindako barne- zein kanpo lanaren ondorioz, urteko 3,2 milioi euroan zehaztu da, gaur goizean jakinarazitakoaren arabera.

Bi zentro ikasturteko igandeetan irekitzeak dakarren gastua sartu bada ere, kontratuan izan diren beste aldaketa batzuek eragin dute lizitazioaren prezioa aldatzea.

Aldaketa horietako bat da ikastaroetan izena emateko zein aretoen lagapenerako aplikazioa ez duela enpresa esleipendunak garatuko, baizik eta Udalak egingo duela. Horrek lagapenen zein ikastaroetako izen-emateen gardentasuna eta irisgarritasuna areagotuko ditu. Gainera, kontabilitateari dagokionez, soinu eta argiztapenerako laguntza teknikoa langileriako kostu finkotik kanpo geratzen da, eta kostu aldakor bihurtzen da; ikastaroetako materiala ere kostu aldakor bihurtzen da.

Mantentze- zein garbiketa-lanak kontratazio honetatik kanpo geratzen dira, baina guneen zaintza eta aldizkako garbiketa sartzen dira, Civivoxetan antolatu ahal diren jarduera zehatzen ondorioz eratorriak. Klausula hori ezarri da bermatzeko eraikinak baldintza hoberenetan daudela eta hala mantentzen direla.

Kontratua indarrean dagoen bitartean kultur kudeaketako kontratua gauzatzen duten langileei aisialdi hezkuntzako eta kultur animazioko hitzarmena aplikatuko zaie. Udalak konpromiso hori mantentzen du. Halaber, bi gizarte-irizpide erantsi dira eskaintzak baloratzeko: gizarte-egoera ahulean dauden kolektiboetako pertsonak kontratatzea, eta kontratazio berrien hitzarmenean jasotako soldata-hobekuntzak.

Auzoen presentzia bultzatu

Civivoxak non eta auzo horien engaiamendua areagotu nahi du baldintza-agiri berriak. Horregatik, zentro bakoitzeko jardueren % 10ek  zerikusia izan beharko du bestelako proiektuak gauzatzearekin. Proiektu horien helburu zehatza izango da auzoan antzemandako beharren bati heltzea edota zentro bakoitzaren eraginpeko guneko komunitatearen bertute bat sustatzea, betiere izaera berritzailearekin.

Horrela, Civivoxak gizarte-kohesioa eta norbanakoen zein kolektiboen sustapenari laguntzen dioten zentroak izango dira, kultura, parte-hartzea eta gizarte-harremanak baliatuta, jada existitzen diren jarduerak gertuko beste kultur proiektu eta zerbitzu berriekin integratuz, zeinak lotuta baitaude hiri-eredu berri bati, non kultura, sormena eta elkarrekin sortzea zentro horien bizitzaren parte baitira. Horretaz gain, parte hartzeko guneak sortu beharko dira, non erabiltzaileek zentro bakoitzaren funtzionamenduari eta programazioaren diseinuari buruz proposamenak egin, iritzia eman zein hitz egin ahal izango baitute.

Civivoxen kudeaketak hainbat helburu ditu, eta enpresa lizitatzaileen proposamenetan agertu beharko dira. Zentro bakoitzak haren inguru sozio-demografikoarekin eta sozio-kulturalarekin lotuta egon behar du, finean auzoarekin eta haren eraginpeko gunearekin, eta auzoa eta hiria kulturaren, parte-hartzearen eta gizarte-harremanen dimentsioan antolatu. Halaber, Civivoxek kulturara iristea, kultur adierazpena eta sorkuntza erraztu eta sustatu behar dituzte, baita herritarren partaidetza eta elkarteen bizitza ere. Azkenik, berritzeak Civivoxen helburuen artean egon behar du, etengabeko hobekuntza sustatze aldera, erabiltzaileen profilak aztertuta eta lan-metodologia irekiago eta estrategikoagoekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!