Joseba Irazokik eta Idurre Azkuek 'Dantzagurea' aurkeztuko dute gaur

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 23a, 08:11

Kondestable Civivoxean izanen da, Garaikide programaren barruan, 19:30ean.

Garaikide Iruñeko Udalaren euskarazko arte-adierazpen garaikideko ziklo berriaren barruan Dantzagurea ikuskizuna aurkeztuko da, datorren astelehenean, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko areto gotikoan. Proposamen honek Idurre Azkue dantzari gipuzkoarraren gorputz-adierazpena eta Joseba Irazoki musikari nafarraren musika uztartzen ditu. Ikuskizun honetarako sarrerak 5 euroan eros daitezke, Civivoxean eta www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan.

Bi artisten proposamen bateratu honen ardatza dantzatzeko ekintza bera da, bai eta dantzatzeko eta loturarik gabe mugitzeko aukera izatean zabaltzen den askatasun-espazioa ere. Artisten definizioaren arabera, Dantzagurea kontzertu bat da, baina dantzari batez lagunduta.

Alde batetik, soinuaren bibrazioek gorputzari nola eragiten dioten, nola aldatzen eta hunkitzen duten, eta gorputzarengan nola islatzen diren aztertzen duen ikerlan sakona izan nahi du ikuskizunak. Eta aldi berean, erakutsi nahi du mugimenduak berak espazioan nola dar-dar egiten duen, harengan arrastoa utzita.

Eszenan duten presentziari dagokionez, bi aktoreek agertokian egoteko eta hura betetzeko modu naturalena eta hurbilena bilatzen dute. Rock kontzertuetan bizi den izpiritura gerturatzea da helburua, inprobisazioari tarte handia utzita eta zuzenekoaren magiarekin jolastuta, zeina artisten eta ikusleen arteko loturaren bidez lortzen baita. Rock mundura egindako gerturatze hori da, hain zuzen ere, ikuskizunaren atalik berritzaileena, eta horretarako ezinbestekoa da Joseba Irazoki musikariaren papera, musika ulertu, egin eta bizitzeko duen moduagatik, eta haren ekoizpen artistikoen izaera berritzaileagatik.

Idurre Azkue y Joseba Irazoki
Idurre Azkue (Zarautz, 1976) 5 urterekin hasi zen ballet klasikoan. 1992an Bartzelonara joan zen dantza garaikidea ikastera Institut del Teatreko Dantza eta Koreografiako Goi Mailako Eskolan. Danat Danza konpainiarekin hasi zen dantzari profesional gisa. Ondoren, General Eléctrica kolektiboko kide bihurtu zen, non oraindik ere hainbat dantza-ikuskizunetan parte hartzen duen, hala nola By natural piety, John Kovach eta Paradise izenekoetan, zeinen ardatz nagusia baita ikusleekin era berritzaile batean harremanetan jartzeko hizkuntza eta modu berriak bilatzea.

Hainbat konpainia eta interpretatzailerekin elkarlanean aritu da: Societat Doctor Alonso –El traspiés de Luisa eta Acid Folclòric lanetan–, La Carnicería teatroa –Rodrigo Garcíaren zuzendaritzapean–, Andrés Waksman zuzendaria, –Incógnitos lanean– eta Saioa Ibañez zein Xavier Le Roy zuzendariak. Halaber, bakarkako lanak ere egin ditu, hala nola Gora Bihotzak eta Hasta el final. Gainera, dantza-eskolak ematen ditu heldu zein haurrentzat hainbat zentrotan.

2012an Euskadira itzuli eta dantzari-performer gisa aritu zen, besteak beste, Fermin Muguruza, Idoia Zabaleta eta Olatz de Andrésekin. Ibilbide gehiena dantzari-interprete gisa osatu duen arren, azken urteetan bere lanak ekoizteari ekin dio: I love natura, Una altra història d’amor eta La danza vegetal, Urtzi Mardarasekin elkarlanean. Bere lanik berriena, hain zuzen ere, Dantzagurea da, astelehenean Kondestable Civivoxean aurkeztuko den ikuskizuna, eta hura egiteko 2014an Dantzan Bilaka eta 2015ean Bilboeszena bekak jaso zituen.

Joseba Irazoki (Bera, 1974) musikari moldakorra eta nekaezina da, konposizioan eta inprobisazioan interesatua. Joseba Irazokiren ibilbidean proiektu pertsonal ugari daude, non haren nortasun handia eta gogo berritzailea agerian utzi baititu. Horien bidez, unibertso zintzo eta zuzena helarazten die entzuleei, oinarri duena euskal folklorearen tradizioa, pop zein folk anglosaxoia, eta sei sokekin egindako esperimentazioa.

Proiektu pertsonalekin batera, beste ekimen artistiko batzuk gauzatu ditu. Horien artean Do nabarmentzen da, zeinak barne hartzen baititu Tokian Tokiko edo Pertsona abestien tamainako lanak.Proiektu honek nazioartean ospe handia lortu du, eta haren lanaren alderik esperimentalenari erantzuten dio.

Horretaz gain, Joseba Atom Rhumba taldeko kide da, eta maila handiko nazioarteko zenbait artistarekin elkarlanean aritu eta birak egin ditu, hala nola Terry Lee Hale, Barrence Whitefield, Damo Suzuki, Mikel Erentxun, Xabier Montoia, Beñat Axiary edo Pettirekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!