Dantza eta musika emanaldiekin bihar hasiko da 'Garaikide' zikloa

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 28a, 08:04

Ostiralean, Ertza dantza-konpainiak Hariak lana taularatuko du, eta larunbatean, Mursego eta Amorante musikariek Banpiro maitaleak kontzertua emanen dute.

Asteburu honetan abiatuko du Iruñeko Udalak Garaikide arte-adierazpen garaikideko ziklo berria, dantza eta musikako bi emanaldiren bidez, ostiralean eta larunbatean hurrenez hurren, 19:30ean, Iturramako Civivoxean. Ostiralean, Ertza DantzaKonpainiak Hariak taularatuko du, Asier Zabaleta koreografoak zuzendutako proposamen berritzaile bat, Harkaitz Canoren testu batean eta Joseba Sarrionandiaren bi poematan oinarri daukana, istorio errealak kontatzeko, hezur-haragizko jendearenak. Lan honetan, bat egiten dute dantzak, txotxongiloek eta literaturak.  Gaur, komunikabideekin egindako topaketan, eman du Asier Zabaletak Hariak lanaren zehaztasunen berri: diziplinartekoa da eta giza hauskortasuna dauka hizpide. Helena Vilhemsson, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza, María Andrés eta Claudio Rojas ari dira aktore-lanetan.

Larunbatean, dantzak musikari utziko dio bidea, Mursego eta Amoranteren eskutik. Banpiro maitaleak kontzertua dakarkigute, non biok batera zein eta banaka sortutako musika-lanak txandakatuko baitira. Bi ikuskizun horietarako sarrerak Iturramako Civivoxean bertan eros daitezke, bai eta on line ere, www.pamplona.es/www.pamplonaescultura.es- www.iruñakulturada.eus Udalaren webguneetan.

Bizi berriari heldu behar zaionean, aurrekoa bat-batean hautsi delako

Zabaletak berak ikuskizunaren aurkezpenean azaldu duen bezala, Hariak lanaren oinarrian daude hainbat lagunen esperientziak, haien bizitzen euskarri ziren hariak bat-batean eten eta bizitza berri bati zerotik ekin behar izan dioten horienak. Batera ditugu dantza garaikidea, tamaina errealeko txotxongiloak eta Harkaitz Canoren testuak, istorio errealak kontatzeko, hezur-haragizko jendearenak.

Lanak erakusten digu ezen, askotan, etxe baten kasuan nola, seguru bide diren bizitzak osatzen ditugun, ohartu gabe edozein unetan eraits daitekeela eraikitakoa, kontrolatu ezin ditugun gertaerak direla medio. Zoritxarrez, nahasmenduzko une jakin horietan bakarrik ohartzen gara zeinen hauskorra izan daitekeen bizitza, eta hori da hain zuzen antzezlan honek erakutsi nahi diguna.

Ertza dantza-konpainia, dantza garaikidearen elkarreragina beste diziplina batzuekiko

Ertza dantza-konpainia 2004. urtean jaio zen, Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren eskutik, sormen-jarduna libreki garatzeko espazio berri bat sortzeko asmotan, gainerako arte-diziplinak dantza garaikidearekin elkarreraginean arituta. Konpainiaren antzezlanek gizakion eta gizartearen kontraesanei heltzen diete. Ikusleei, era ludikoan eta estetikoan, gonbit egiten diete aktiboki jarduteko ikusten ari direnen aurrean eta gaurkotasunezko gaiei buruz gogoeta egiteko. Sortzetik beretik ere, nazioartean aurkeztu dituzte bere lanak, hala nola honako herrialde hauetan: Txina, Filipinak, Brasil, Peru, Costa Rica, El Salvador, Mexiko, Israel, Errusia, Lituania, Luxemburg, Suitza, Alemania, Frantzia, Italia, Grezia, Polonia, Portugal eta Espainia. Antzezlanak ekoitzi ez ezik, Ertzak prestakuntza- eta sentsibilizazio-proiektuak ere egiten ditu.

Asier Zabaletak (Ezkio,1972) Arte Ederrak, musika, antzerkia eta dantza ikasi zituen,  Donostian, Bilbon, eta, gero, Zurichen. Bere lanetan etengabean ari dira hartu-emanetan dantza garaikidea  eta beste arte-diziplina batzuk, testuarekin, pertsonaiekin, teknologiarekin eta ikus-entzunezko berriekin etengabean elkarreraginez. 1994an hasi zen aktore-lanetan eta Euskadiko zein Espainiako konpainia garrantzitsuetan aritu da harez geroztik, hala nola Arteszena, Maskarada, Hojarasca, Adeshoras, Vicente Sáezen konpainia eta Q-ro y Cía konpainian. 1999tik 2004ra bitarte, Suiza Alias konpainiaren kidea izan zen, non dantza-antzerkiko sei obren sormen-lanetan aritu zen, bai eta beste proiektu batzuetan ere, hala nola film, erakusketa eta jendaurreko bat-bateko emanaldietan.

Harkaitz Canok (Lasarte, Gipuzkoa, 1975) literatura-genero mota guztiak jorratu ditu: ipuinak, eleberria, poesia, kronikak, haur- eta gazte-literatura. Halaber, itzulpen-lanak ere egin ditu. Birritan irabazi du Euskadi Saria: 2005ean Belarraren ahoa liburuarekin, eta 2012an, Twist eleberriarekin, zeinekin 2012ko Kritika saria ere lortu baitzuen.

Mursego & Amorante

Mursego eta Amorante dira zikloaren bigarren proposamenaren protagonistak. Mursego da Maite Arroitajauregiren bakarkako proiektuaren izena, eta Amorante, Iban Urizarrena. Maite Arroitajauregi (Eibar,1977) biolontxeloan lizentziaduna da, Gasteizko Goi Mailako Kontserbatorioan. Biolontxelo-jotzaile aritu eta gero Anari, Lisabö, Xabier Montoia eta Ama Say-rekin, 2009an Mursego sortu zuen, haren bakarkako proiektua, zeinen baitan Bat bere lehen diskoa kaleratu baitzuen. Ordutik beretik aritu da bere musika-hizkuntzaren bilaketan, abangoardia, folklorea eta musika klasikoa uztartuz, eta horren emaitza ditugu ezin konta ahala kontzertu eta hiru disko gehiago (Bi, Hiru eta Mursegokeriak).

Dantza eta antzerkiaren munduetan unean-unean egindako parte-hartze batzuetatik haratago, ikus-entzunezkoen munduan ibilbide joriari heldu zion laburmetraia batzuk musikatuz eta zenbait luzemetraien soinu-banda konposatuz, hala nola Invisible, Emak Bakia eta Amama filmena.

Iban Urizarek bi hamarkadatik gora daramatza musikaren munduan murgilduta. Hainbat proiektutan parte hartu du (Café Teatro, Mengele Quartet, Bizarra, Sinuose eta Andraka) eta zenbait artistarekin lan egin du, besteak beste, We are Standard, Joseba Irazoki eta Napoka Hiriarekin. Bi musikariek Banpiro maitaleak ikuskizuna aurkeztuko dute. Emanaldiak hiru zati ditu: parte batean, elkarrekin joko dituzte zenbait abesti; eta gainerako bietan, nork bere errepertorio propioa aurkeztuko digu.

Ziklo berri bat, antzerki, musika, dantza eta perfomanceko proposamen berritzaileekin

Garaikide zikloa irailaren 29tik urriaren 25era gauzatuko da, eta zenbait emanaldi barne hartzen ditu, antzerki, musika, dantza eta perfomance alorrekoak, eta denek dute ezaugarri proposamen berritzaileak direla, euskara esparru eta erabilera-hizkuntza berrietara daramatenak. Zikloa osatzeko, honako antzezlan hauek taularatuko dira: Miss Karaoke (Metrokoadroka kolektiboa & Pez Limbo) eta Atte hil aurretik (Beheko Larraine), Nafarroako Antzerki Eskolan, 20:00etan, urriaren 4an eta 10ean, hurrenez hurren.

Urriaren 17an, bestalde, Ziudadelako Arma aretoan Treblinkara azken trena taularatuko dute, jite berritzaileko antzezlan bat, non ikusleak 40ko urteetako Poloniako haur judutarren  umezurztegi bati buruzko historiarekin nahasten baitira. Antzezlan hau batera programatu dute Iruñeko Udalak eta Gayarre Antzokia Udal Fundazioak. Azkenik, Garaikide zikloa Kondestable Civivoxeko areto gotikora iritsiko da; izan ere, bertan taularatuko dute, urriaren 23an, 19:30ean, Dantzagurea dantza eta musikako lan mistoa, Joseba Irazoki musikariak eta Idurre Azkue dantzariak. Urriaren 25ean, agertoki berean, zikloari buru emanen dio Iragan perfektua Horman Poster taldearen dantza garaikideko abangoardia-proposamen batek.

Ikuskizunetarako sarrerak, 5 euroan, eskuragarri daude  hala on line lehen aipatu webguneetan nola programatuta dauden eszenaguneetan. Treblinkara azken trena antzezlanaren kasuan, sarrerek 15 euro balio dute eta Gayarre Antzokiaren ohiko bideetan eskuratu daitezke.

Garaikide, euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakusketa

  • Hariak (Ertza Dantza Konpainia)
  • Irailak 29, ostirala. 19:30. Iturramako Civivoxa. Sarrerak: 5 euro
  • Banpiro maitaleak (Mursego eta Amorante)
  • Irailak 30, larunbata. 19:30. Iturramako Civivoxa. Sarrerak: 5 euro
  • Miss Karaoke (Metrokoadroka Kolektiboa & Pez Limbo)
  • Urriak 4, asteazkena. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 5 euro
  • Atte hil aurretik (Beheko Larraine)
  • Urriak 10, asteartea. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 5 euro
  • Treblinkara azken trena (Vaivén Producciones S.L.)
  • Urriak 17, asteartea. 20:00. Ziudadelako Arma Aretoa. Sarrerak: 15 euro
  • Goizeko eskola-emanaldiak urriaren 16an eta 17an
  • Gayarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean
  • Dantzagurea (Idurre Azkue eta Joseba Irazoki)
  • Urriak 23, astelehena. 19:30. Kondestable Civivoxeko areto gotikoa. Sarrerak: 5 euro
  • Iragan perfektua (Horman Poster)
  • Urriak 25, asteazkena. 19:30. Kondestable Civivoxeko areto gotikoa. Sarrerak: 5 euro

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!