Iruñeko Udalak abian jarri du arte garaikideko euskarazko adierazpen artistikoko proiektu berri bat, irailaren 29tik urriaren 25era egingo dena Ziudadelan, Kondestablen, Iturramako Civivoxean eta Nafarroako Antzerki Eskolan. Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Euskara-koordinatzaile Iñaki Azkonak gaur goizean aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Garaikide erakusketak antzerki, dantza, musika eta performanceen inguruan eskainiko dituen zazpi proposamenak.
Prentsaurrekoan azpimarratu dute zer nolako garrantzia duen hizkuntza baten garapenerako –kasu honetan, euskararendako– esparru berrietan erabiltzeak eta horietara egokitzeak. Kasu honetan, arte-mintzaira berritzaileetan, euskara erabili izan ohi den proposamen eta formatuetatik haratago.
Ikuskizunetarako sarrerak 5 euroan eros daitezke emanaldiaren tokian bertan edo www.iruñalkulturada.eus / www.pamaplona.es eta www.laescueladeteatro.com webguneetan, salbu eta Vaivén Producciones taldeak Ziudadelan egingo duen emanaldiaren kasuan; izan ere, sarrerek 15 euro balio dute eta Gayarre Antzokiko leihatiletan eta www.teatrogayarre.com webgunean har daitezke.
Hasteko, dantza eta musika
Asier Zabaletak zuzendu eta 5 dantzariz osatutako Ertza Dantza Konpainiak emango dio hasiera Garaikideri, irailaren 29an, ostiralarekin, 19:30ean, Iturramako Civivoxean. Diziplina anitzeko Hariak obra aurkeztuko dute. Lanaren oinarrian daude hainbat lagunen esperientziak, haien bizitzen euskarri ziren hariak bat-batean eten eta bizitza berri bati zerotik ekin behar izan dioten horienak. Dantza garaikideak, tamaina errealeko txotxongiloek eta Harkaitz Canoren testuek bat egiten dute istorio errealak kontatzeko.
Mursego eta Amorante izanen dira erakusketaren bigarren proposamenaren protagonistak. Kontzertua irailaren 30ean izanen da, 19:30ean, Iturramako Civivoxean. Mursego da Maite Arroitajauregiren bakarkako proiektuaren izena, eta Amorante, Iban Urizarrena. Maite Arroitajauregi biolontxelo-jotzaile aritu izan da Anari, Lisabö, Xabier Montoia eta Ama Say-rekin. Lau album argitaratu eta filmetako zenbait soinu-banda konposatu ditu, bai eta dantza eta antzerkiarekin lotutako hainbat proiektutan parte hartu ere. Iban Urizarek bi hamarkadatik gora daramatza musikaren munduan murgilduta. Hainbat proiektutan parte hartu du (Café Teatro, Mengele Quartet, Bizarra, Sinuose eta Andraka) eta zenbat artistarekin lan egin du, besteak beste, We are Standard, Joseba Irazoki eta Napoka Hiriarekin. Bi musikariek Banpiro maitaleak ikuskizuna aurkeztuko dute. Emanaldiak hiru zati ditu: parte batean, elkarrekin joko dituzte zenbait abesti; eta gainerako bietan, nork bere errepertorio propioa aurkeztuko digu.
Zer abesti eta zein hizkuntzatan abestuko du protagonistak? Horra Miss Karaoke abangoardiako antzerki-proposamenaren oinarria. Hortik abiatuta, Metrokoadroka Kolektiboa & Pez Limbo taldeak –Oier Guillánen testuarekin– hausnarketa bat egin nahi du umorea eta absurdua oinarri hartuta jakiteko zerk definitzen dituen pertsonak edo nortasuna aukeratu ote daitekeen. Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da, urriaren 4an, asteazkenarekin, 20:00etan. Leku eta ordutegi berean, baina urriaren 10ean, asteartearekin, Beheko Larraine taldeak Atte hil aurretik lana aurkeztuko du, Maika Etxekoparren zuzendaritzapean eta Miren Tirapu sortzaile eta protagonista ari delarik. Baserri bateko inauteriak eta jada hilda dagoen amatxi batek kontatutako ipuin bat dira istorioaren oinarri.
Edonorendako emanaldiak eta ikasleendako berariazkoak
Edonorendako emanaldiez gain, Garaikidek ikasleendako goizeko eskola-emankizunak eskainiko ditu urriaren 16an eta 17an. Vaivén Producciones taldeak –Gayarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean– Treblinkara azken trena obra taularatutako du. Bi goizetan ikasleendako antzeztu ondoren Ziudadelako Arma Aretoan ikusi ahal izanen dugu, doan, urriaren 17an, asteartearekin, 20:00etan. Treblinkara azken trena obrak 200 haur juduren istorioa kontatzen du; 1942an Varsoviako umezurztegi batean bizi dira haur horiek, haien lege eta araudi propioekin bat, harik eta uztera behartzen dituzten arte, trenez Treblinkako kontzentrazio-esparrura joateko. Arma Aretoko beheko solairua haurren barrakoia izanen da, eta ikusleek eszena zuzenean ikusiko dute, barrakoiko ohatze eta mahaietan egongo diren artistekin nahastuta.
Erakusketaren dantza garaikideko bigarren proposamena Idurre Azkue dantzariak eta Berako Joseba Irazoki musikariak aurkeztuko dute urriaren 23an, astelehenarekin, 19:30ean, Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoan. Dantzagurea obraren oinarria dantzatzea bera da, bai eta sortzen duen askatasun-espazioa eta soinuaren eragina gorputzean ere.
Zikloari amaiera emateko, Horman Poster taldeak Iragan perfektua performancea aurkeztuko du, urriaren 25ean, asteazkenarekin, 19:30ean, Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoan. Ibilbide bat izanen da, bakoitzaren haurtzaroa bilatze aldera, dantza, antzerkia eta irudia baliatuta, eta ikusleak pasa den mendeko 70eko hamarkadara eramango ditu.
GARAIKIDE. EUSKARAZKO ADIERAZPEN ARTISTIKO GARAIKIDEKO ERAKUSKETA
- Ertza Dantza Konpainia. Hariak
- Irailak 29, ostirala: Iturramako Civivoxa. Sarrerak: 5 euro
- Mursego eta Amorante. Banpiro maitaleak
- Irailak 30, larunbata. 19:30. Iturramako Civivoxa. Sarrerak: 5 euro
- Metrokoadroka Kolektiboa & Pez Limbo. Miss Karaoke
- Urriak 4, asteazkena. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 5 euro
- Beheko Larraine. Atte hil aurretik
- Urriak 10, asteartea. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 5 euro
- Vaivén Producciones S.L. Treblinkara azken trena
- Urriak 17, asteartea. 20:00. Ziudadelako Arma Aretoa. Sarrerak: 15 euro
- Goizeko eskola-emanaldiak urriaren 16an eta 17an
- Gayarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean
- Idurre Azkue eta Joseba Irazoki. Dantzagurea
- Urriak 23, astelehena. Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoa. Sarrerak: 5 euro
- Horman Poster. Iragan perfektua
- Urriak 25, asteazkena. 19:30. Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoa. Sarrerak: 5 euro