Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketa, martxan

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 2a, 08:29

Lehen sariek 2.500 euro joko dute; bigarrenek, 1.000 euro; hirugarrenek, 500 euro; eta lau aipamenek, 250 euro.

Azaroaren 5ean amaituko da Egile Berrientzako Euskarazko XXVII. Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea, hiru modalitateetan: poesia, narrazio laburra eta bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira, bertsolaritzaren formazko arauekin bat). Iruñeko Udalak antolatu du, hiru sari ditu modalitate bakoitzeko, eta lau aipamen, aurkeztutako lan guztien artean banatzeko. Lehen sariek 2.500 euro joko dute; bigarrenek, 1.000 euro, eta hirugarrenek, 500 euro. Aurten bigarrenez emango diren lau aipamenek 250 euroko saria dute, aipamen bakoitzeko. Sariak ex-aequo eman ahalko zaizkie zenbait lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita. Udalaren euskarazko literatura-bildumaren 29. alea argitaratu berri da, Iruñeko liburu-dendetan jada salgai dago, eta 2016ko lehiaketan saritutako lanak biltzen ditu. Julio Soto izan zen irabazlea bertso-paperak modalitatean; Iban Garro, poesian, eta Ander Pérez, narrazio laburrean.

Lehiaketan nafarrak diren edo helbidea Nafarroan duten egileek parte hartu dezakete. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake modalitate bakoitzeko; gaia librea da, euskaraz idatzita egon behar du eta jatorrizkoa izan. Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute parte hartu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Halaber, aurretiaz bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.

15 orrialde, poesian eta narrazioan; eta 25 ahapaldi, bertso-paperetan

Aurkeztutako lanen ezaugarri teknikoei dagokienez, poesia eta narrazio laburren kasuan lanak gutxienez 15 orrialdekoak izango dira, betiere tarte bikoitza utzirik eta alde batetik bakarrik mekanografiaturik. Bertso-paperek gutxienez 25 bertso-ahapaldi izanen dituzte, elkarrekin batasuna osatzen duten gai ezberdinak gara daitezke, betiere, bertsolaritzaren arau formalak betez.

Lehiaketan parte hartzeko, lanak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) aurkeztu behar dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38. artikuluan aurreikusten dituen beste edozeinetan. Lan bakoitzaren bosna kopia aurkeztu beharko dira, izenorde batez sinaturik, zein modalitatetara aurkezten den adieraziz. Kopia horiekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, non sartuko baitira kasuan kasuko izengoitiari dagozkion egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Epaimahaiko presidente Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria izanen da. Berarekin batera hiru literatur aditu egongo dira, horietako bat, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta.

Baldintzak, banan banan

  • Lanak aurkezteko epea: azaroaren 5era arte
  • Modalitateak:
    • Poesia (gutxienez 15 orrialde, tarte bikoitzaz idatzita)
    • Narrazioa (gutxienez 15 orrialde, tarte bikoitzaz idatzita)
    • Bertso-paperak (gutxienez 25 ahapaldi)
  • Sariak: hiru sari modalitate bakoitzeko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Sari horiez gain, epaimahaiak lau aipamen eman ahalko ditu gehienez ere, bakoitza 250 eurokoa, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe.
  • Parte-hartzaileak: egileek nafarrak izan beharko dute, edo helbidea Nafarroan finkaturik eduki. Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu (ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo literatur kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere). Aurretiaz bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.
  • Obrak: lanen gaia librea izanen da, euskaraz idatzita egon behar dute, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan. Egile bakoitzak lan bakar bat aurkeztu ahalko du, modalitate bakoitzean.
  • Lanak non aurkeztu: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) edo erregistro osagarrietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!