Egun eta erdi baino ez da falta sanferminak hasteko, txupinazoa bota eta bederatzi egunez bestari ekiteko. Horregatik, egitaraua eta guneak aurkeztu dituzte Herri Sanferminek, bai eta "herri txupinazoa" nork botako duen ere: Txantreatik kanporatu nahi duten Cheikhounak piztuko du suziria, uztailaren 6an bertan, 14:30ean, Errekoletak plazan. "Kultur aniztasuna aldarrikatzea" da txupinazoaren xedea, aniztasuna baita, "gainerako baloreekin batera", herri sanferminen "lan ildoetako bat". Cheikhounaren kasuak hautsak harrotu ditu, eta, horren aurrean, Atzerritarren Legea onartuko ez dutela adierazi dute Herri Sanferminetako ordezkariek.
Auzolana erdigunean
"Masifikatutako" sanferminen aurrean, eta kontsumismoari eta eraso matxistei aurre egin nahian, "bestelako jai eredua" aldarrikatu dute: "hurbila, auzolanean eraikia eta herritarrak protagonista izango dituena". Hori guztia, urte osoan landutako baloreak ardatz: "feminismoa, ekologia, parte hartzea, aniztasuna, kultura, euskaltzaletasuna, antikapitalismoa, auzolana...".
Jantoki ekologikoa, martxan
Horrez gainera, bertako produktuekin hornitutako jantoki ekologikoa prestatu dute eta menuak, ogitartekoak, errazioak, pizzak eta hamarretakoak emanen dituzte.
Berrikuntza: herri olinpiadak
Okojoko herrikadak izeneko herri olinpiadak aurkeztu dituzte, "mota askotako probez" osatuak. Hilaren 8an,10ean,11n eta 12an izanen dira, arratsaldez, "zezenketen alternatiba" izateko helburua dutelako. 7ko herri bazkarian eginen dute taldeen aurkezpena eta 14an, berriz, sari banaketa.