Trokeo dantzak, udaletxe plazan

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 28a, 09:04

Argazkia: Duguna dantza taldeko kideak, artxiboko irudi batean.

Ekarpen berria Duguna taldeak 2008tik abiatzen ari den proiektuari: Iruñeko ondare koreografikoa atonduko duen dantza-multzoa sortzea.

Trokeo-dantzez osatutako ikuskizuna estreinatuko du Duguna-Iruñeko Dantzariak taldeak, sanferminetan, Udaletxe plazan. Horren bitartez Dugunak jarraipena emanen dio hiriaren bereizgarri bilakatuko diren dantza propioak sortu eta horiek plazaratzeko asmoari Udaletxe plazan dantzatzen duten aldiko, salbu eta protokolo jakin bat dagoen egunetan –irailaren 8an eta Aldapako San Fermin jaien igandean, esate baterako–. Hartara, Dugunak lortu nahi du iruindarrek, denboraren poderioz, bere nortasunaren partetzat jotzea dantza horiek. Guztira, 7 dantzaz osatutako multzoa da, eta launaka aurkeztuko dira, uztailaren 7an eta 14an eta San Saturnino egunean (azaroaren 29an).

Zortzi dantzarik egiten dituzte trokeo-dantzak, eta bi lerrotan kokatzen dira, makilak, ezpatak, arkuak edo dantzetarako beste tresna batzuk eskuan dituztela. “Bobo” izeneko pertsonaia batek gainbegiratzen ditu dantzak, eta zenbaitetan parte harten du. Dantzan lekuak trukatzen dituzte dantzariek; izan ere, hori da dantza-mota horren ezaugarri nagusia. Truke horiek egin bitartean pausoak dantzatu eta eskuetan dituzten dantza-tresnak kolpatzen dituzte. Hori guztia aurkezpena egiteko prentsaurrekoan azaldu dute Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntza eta Kiroleko Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek eta Duguna-Iruñeko Dantzariak taldeko zuzendari Aritz Ibáñezek.

Trokeo-dantza hauek proiektu baten baitan sortu dira, eta haien abiapuntua Duguna taldeak duela 10 urte egindako gogoeta bat izan zen, zeinaren arabera hirietako dantza-taldeek nolabaiteko identitate-krisia bizi dute. Alabaina, ikusi zuten, bere dantza propioak dituzten tokian tokiko taldeen kasuan herritarrak identifikatzen direla haiekin eta halako gogoetek ez zutela tokirik.

Ondare koreografiko propioa hiriarentzat

Hausnarketa horren bitartez ondorioztatu zuten udal-dantzariek testuinguru egokia zutela dantza propioak sortzeko, taldeak hiriaren ospakizun garrantzitsuenetan parte hartzen baitu. Jesus Ramosen La danza en las fiestas y ceremoniales de Iruña a través de la historia saiakeran bildutako agiri ugarien arabera, dantzarien jarduna ohikoa izan da Iruñeko ospakizunetan, XVI.mendetik gaurdaino. Zentzu horretan, egileak mendeetako tradizio horren oinordekotzat jotzen ditu udal-dantzariak.

Hortik abiatuta sortu zen hiriarendako ondare koreografiko propioa atontzeko ideia. Orain arte, honako dantza hauek aurkeztu dituzte: San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza, San Blas eta San Joan bezperako soka-dantza eta Batasunaren Pribilegioaren eguneko (irailak 8) soka-dantza.

Zazpi koreografia, bertso- eta kantu-doinuak oinarri hartuta

XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako Iruñeko dantzen kroniken arabera, ohikoak ziren 8 dantzari eta “Bobo” izeneko pertsonaiak egindako dantzak: makil-dantzak (makil handi zein txikiekin), brokel-dantzak, arku-dantzak, zinta-dantzak... Honako trokeo-dantza hauek –hainbat bertso- eta kantu-doinu oinarri hartuta– aurkeztuko dituzte:

Kantatzen behar det hasi (sarrera)

Betroiarena (makil txiki-dantza)

Iruñeko ferietan (makil handi-dantza)

Ama begira zazu (brokel- eta ezpata-dantza)

Arri, arri, mandoko (zinta-dantza)

Proportzio bat (arku-dantza)

Muga gainetik (giza dorrea)

Oinarri dituzten doinu asko Nafarroa Garaiko iparraldekoak, Nafarroa Beherekoak, Lapurdikoak eta Zuberoakoak dira, XVIII. XIX. eta XX. mendetakoak. Mende horietan ohikoa izan da Baigorri, Ortzaize, Donibane Garazi eta Donibane Lohizunetik etorritako musikari eta dantzarien presentzia Iruñean. Gaur egun, esate baterako, Baigorriko gaiteroek laguntzen dute Erraldoi eta buruhandien Konpartsako erregina asiarra.

Trokeo-dantza sorta honen sustatzaileen hitzetan, sormen-lan hau ez da bukatu, eta baliteke beste zenbait dantza gehitzea. Egun bakoitzean sortaren dantza batzuk soilik dantzatuko direnez, ikuskizunak ez dira beti berdinak izanen. Dantza hauetarako oinarrizko orkestra bi gaitak eta danbor batek osatzen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!