Sanferminak 2017

'Sanferminofiziala.com' webgunea aurkeztu dute

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 21a, 14:08

Sanferminen inguruko errelato berritua zabaldu nahi dute bi instituzioek, gehiegikerian oinarritutako bestaren irudia irauli nahian. Orotariko informazioa aurki daiteke webgunean.

Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren elkarlanetik jaio da sanferminofiziala.com webgunea, eta ez hori bakarrik: Twitter eta Facebook kontuak ere martxan jarri dituzte. Era berean, berritu egin dute orain arte martxan egondako sanferminei buruzko aplikazio digitala.

Izan ere, “denak balio du” goiburuarekin saldu izan dituzte askok sanferminak: gehiegikeriaren besta, toki hori non dena baimenduta baitagoen. Hori uste du udalak. Hain zuzen, hori dela medio, irudi hori iraultzea dute xede gobernuak eta Iruñeko Udalak.

Informazio "egokia eta benetakoa" zabalduko du webguneak, gaurtik aurrera, Patrizia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziak azaldu duenez, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsez.

Atalei dagokienez, finkoak izanen diren batzuk txertatu dituzte ,eraso matxisten kontrako kanpaina, kasu, eta jaietako programa. Era berean, unean uneko informazio ere txertatu dute.

Praktikotasuna oinarrian

Hiriaren planoa, aparkatzeko aholkuak, eraso matxisten aurkako protokoloak… horiek denak bildu dituzte atari digitalean. Horrez gainera, kanpotiko etorritakoentzako ongi etorri liburuxkak argitaratu dituzte, bestaren inguruko oinarrizko informazioarkin. 

Aplikazioa, biziberrituta

Sanferminen inguruko aplikazioari dagokionez, berrikuntzekin dator: eraso matxisten aurkako kanpainaren inguruko informazio gehiago dauka, entzierroaren ibilbidea eta korrika egiteko aholkuak ematen ditu, su festak baloratzeko aukera eta jai guneeak aurkitzeko atala.

Horrez gainera, eguraldiaren berri emanen du; egunez eguneko egitaraua; unean bertan zer dagoen jakiteko aukera; bai eta erraldoien eta buruhandien ibilbidea ere: are gehiago, momentuan non diren azalduko du, geolokalizazioari esker.

Sanferminofiziala.com da webgunearen izena, eta izen horrekin berarekin aurki daiteke kontua Twitter eta Facebooken -une honetan, gaztelaniazko bertsioa baino ez dago eskuragarri-. Aplikazioari dagokionez, doan deskarga daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!