Festetan alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzeari lotutako arriskuak murrizteko eta prebenitzeko programa abiatuko du Iruñeko Udalak sanferminetan. Bi informazio-ekintza egingo dira, hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren osagai gisa: hiru informazio-gune jarriko dira hirian, eta 12.000 ale baino gehiago argitaratuko dira informazioarekin, doan banatzeko.
Bestalde, orain arte nerabeendako berariazko programaziorik ez zenez, uztailaren 10etik 13ra Foruen plaza Gazte eremua izango da: 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako espazioa, kontzertu, DJ-saio eta hainbat jarduerekin, horietako batzuen protagonistak gazteak beraiek izango direlarik. Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak, Alor bereko zuzendari Axel Morenok eta Gazteriako teknikari María Díaz de Radak aurkeztu dute gaur goizean gazteek erabaki egokiak hartzeko duten gaitasuna azpimarratu nahi duen Udalaren kanpainari buruzko informazio osoa. Jaietan, erabili zure super-botereak. Pentsa, erabaki, gozatu. Horra kanpainaren leloa.
Alorretik azaldu dute ekintza hauen bidez ez dela kontsumoa normalizatzea bilatzen, baizik eta arriskuak murrizteko eredu bat erabiltzea, egun dagoen errealitateari erantzuna emateko. Iruñean 12 eta 30 urte arteko 37.956 pertsona daude, biztanleen % 19,40. Eta kopuru hori festetan biderkatu egiten da. Jakina da adingabeen ehuneko handi batek alkohola kontsumitu duela 18 urte bete baino lehen, eta kontsumo horiek, sarritan, festa giroan hasi direla.
12 eta 17 urte artekoendako gauak
Uztailaren 10etik 13ra, Foruen plaza Gazte eremua izango da, nerabe aurreko adinean daudenei eta nerabeei bereziki zuzendutako gunea, non haien adinekoekin topatu ahal izango diren eta adin-tarte horretakoendako interesgarriak diren berariazko jarduera-eskaintza alternatiboa dagoen. Erreferentziazko artista gazteak eta kontzertuak egotea da asmoa, baita bestelako jarduerak programatzekoa ere, hala nola karaoke saioak, apar-festa, dantzako master classeak (Hip Hop), eta atrakzioak (rokodromoa, tirolinak, zezen mekanikoa, futbol-mahaiak, etab.). Parte-hartzea librea izango da.
Proposamenen zerrenda hori egiteko institutuei eta Gaztediaren Etxeko dantza- zein musika-taldeei gonbidapena egin zitzaien, hirian garatzen den talentuari etekina ateratzeko bide gisa. Musika-talde eta DJen artean izango dira Javier Erro eta bere banda (La Voz Kids saioko finalista); DJ Rodríguez, Brigada Improductiva eta DJ Txurru. Partaidetzako eta Kulturako Alorrak koordinatuta egin duten aurtengo proposamena, proiektu pilotu bat da, orain arte ez baitzen halako lanik egin 12 eta 17 urte bitarteko gazteekin. Adin-tarte horretan Iruñean 11.123 pertsona daude gaur egun.
Pentsatzea, erabakitzea eta gozatzea haien esku dago
Komiki itxurako bost super-botere izango dira Foruen plazako jarduera eta kontzertuen jarraipen-irudia: Hydrata, Bokata, Atseden, Erretreta eta Hausnarketa dira haien izenak, eta gazte orok festaz benetan gozatu ahal izateko behar dituen ezaugarri-taldea osatzen dute. Hidratatu beharra dago, jan, lo egin, norbere erritmoa errespetatu eta erantzukizunez pentsatu zer kontsumitu.
Jaietan, erabili zure super-botereak. Pentsa, erabaki, gozatu kanpaina Artworks enpresak egin du, Iruñeko Udalarentzat. Gazteekin diharduten eta festetan presentzia duten kolektibo eta profesionalekin egindako lan-prozesu batean definitu dira mezua, ardura eta errespetutik abiatutako auto-zaintza. Kanpaina gauzatzeko bost super-botereen irudia duten 200 kartel egingo dira, pertsonaia bakoitzaren ideia gakoak dituzten 4.000 liburuxka zabalgarri, eta arriskuak murrizteko jarraibide zehatzak dituzten 8.000 pegatina.
www.sfsuperpoderes.com webgunean deskargatu eta partekatu daitezkeen edukiak daude, gainera. Datorren astetik aurrera sare sozialetan eta Whatsapp aplikazioaren bidez erabili ahal izango dira, gazteen artean bereziki garrantzitsua den on-line komunikazioa ere barne hartuta. Edukiak euskaraz zein gaztelaniaz egongo dira, eta zenbait euskarritarako, baita ingelesez eta frantsesez ere.
Non eta nori galdetzen jakin
Kanpaina honetako elementuak Foruen plazako Gazte eremuan eskuratu ahal izango dira, argibide-gune finkoan, baita peñetan eta halako espazioetan ere. Iruñean hiru argibide-gune izango dira gazteen zalantzak argitzeko, eta 11 lagunez osatutako talde batek, txandaka, egingo du lan bertan.
Argibide-gune finko bat Errekoleten plazan egongo da uztailaren 6tik 13ra. Uztailaren 6an 11:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta gainontzeko egunetan, 23:00etatik 03:00etara. Lau pertsona arduratuko dira drogei buruzko informazioa jasoko duten azalpenezko materialak banatzeaz paperezko euskarrietan. Bertan drogen deskribapena, ondorioak eta kontsumoari lotutako arriskuak jasoko dira, lege kontuei buruzko informazioa, eta larrialdi kasuetarako zerbitzuei buruzkoa, beti ere hartzaileen adinari egokitutako planteamenduekin. Argibide-gune horretan ere eremu berezitu bat egongo da, kontsulta pertsonalendako, konfidentzialtasuna eta anonimotasun eskubidea bermatzeko.
Argibide-gune finkoaz gain beste bi puntu ibiltari egongo dira gazteak bildu edo bertatik pasa ohi diren inguruetan. Horietako bakoitzean bi informatzaile egongo dira. Argibide-gune finkoaren ordutegi bera izango dute, baina ibiltarietako bat, gainera, 20:00etatik 23:00etara egongo da zabalik, uztailaren 6tik 13ra. Argibide-guneen ekimenaren aurrekaria iazko sanferminetan egon zen, alkohol eta drogei buruzko informazio gune bat jarri baitzen, Errekoleten plazan baita ere, Hegoak elkartearekin elkarlanean.
GAZTE EREMUA: 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendua
Uztailak 10
- 20:00 – 20:30. Gazte Eremuaren aurkezpena Judith Jaso youtuberraren eskutik (ItsJudith, @JasoJudith).
- 20:00 – 22:30. Atrakzioak: bi ekortzaile.
- 20:30 – 21:30. Apar-festa.
- 20:30 – 22:30. Karaokea
- 22:30 – 23.30. Atsedenaldia, su-artifizialak direla eta
- 23:30 – 00.45. Javier Erro eta haren banda, La Voz Kids telebista-saioko finalista.
Uztailak 11
- 20:00 – 22:30. Atrakzioak: 4 karpa (arkade + futbol-mahaiak + aire-mahaiak + splax) + gladiadoreen borroka
- 20:00 – 20:45 Kimera
- 20:45 – 23:00. DJ Rodríguez
- 22:30 – 23.30. Atsedenaldia, su-artifizialak direla eta.
- 23:30 – 00:45 Goazen (karaokea Goazen telesaileko aktoreekin)
Uztailak 12
- 20:00 – 22:30. Atrakzioak: rokodromoa + tirolina
- 20:00 – 21:00. Hip Hop master classea.
- 21:00 – 23:00. DJak eta apar-festa.
- 23:00 – 23.30. Atsedenaldia, su-artifizialak direla eta.
- 23:30 – 00:45. Brigada Improductiva
Uztailak 13
- 20:00 – 22.30. Atrakzioak: kantxa, zezen mekanikoa, mega-ekortzailea.
- 20:00 – 21:30. Karaokea
- 21:30 – 23:00. DJ Txurru.
- 23:00 – 23.30. Atsedenaldia, su-artifizialak direla eta.
- 23:30 – 00:30. DJ Txurru.
Argibide-guneak
Argibide-gune finkoa (Errekoleten plaza)
- Uztailaren 6an: 11:00 – 13:00
- Uztailaren 7tik 13ra: 23:00 – 03:00
- 4 pertsona
Argibide-gune ibiltariak festetan
- Uztailaren 6an: 11:00 – 13:00
- Uztailaren 7tik 13ra: 23:00 – 03:00
- Horietako bat zabalik egongo da uztailaren 6tik 13ra, 20:00etatik 23:00etara
2 pertsona bakoitzean