Sanferminak 2017

Birziklatutako elementuekin egindako jolas parke berria Takoneran sanferminetan

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 12a, 20:50

Birjolastu deituko da eta 9 eremu izanen ditu Udalak antolatu duen gune hau Nafarroako Gobernuarekin eta Mankomunitatearekin elkarlanean.

Hurrengo sanferminetan haurrendako gune berri bat egonen da Taconeran, Askatasun plazan jarri ohi denaz gain. Birjolastu gunearen ardatz nagusia material eta hondakinen birziklapena izanen da eta hogei bat artistek dinamizatuko dute.

0 eta 12 urte arteko haurrek jolasteko gunea da, jolas kolaboratibo, sentsorial eta esperimentalekin, non berrerabiliko baitira, besteak beste, plastikozko hodiak, botilak eta gurpilak, ekoiztu zituztenean haientzako pentsatutako erabileretatik bestelakoak eman zaizkielarik. Jolas originalak eta harrigarriak proposatuko dira sormena baliatuta. Hala azaldu dute gau prentsaurrekoan Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Ayesak eta Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari orokor Eva García Balaguerrek.

Jolas-gune honen sorrera PAI konpainia artistikoaren eta ECODES Ekologia eta Garapena Fundazioaren eskutik helduko da Iruñera, eta Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrak eta Hiri Ekologia eta Mugikortasunekoak bultzatu dute. Aurrekontua 90.000 eurokoa da.

Birjolastu uztailaren 6an irekiko da, 18:00etan, eta egun horretan 21:00ak arte egongo da zabalik. Uztailaren 7tik 14ra, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Sarrera doan izango da. Taconeran egongo da, zehazki Larraina parkean, Vistabella ondoan, ingurune natural batean, non zenbait eremu jarriko diren, giro lasai batean. Modu horretan hiriko gune horri balioa emango zaio eta familiendako bigarren proposamen bat eskainiko da jolasteko, festetan ohikoa ez den beste toki batean.

9 eremu zenbait jolas eta elementuz hornituak

Sarreran ibilgailu eraldatu bat egongo da: ongietorria egin, informazioa eman eta megafonia orokorra zentralizatuko du. Hortik, Ontziralekura joateko aukera dago, hondakin-materialekin egindako ontziekin jolasteko. Zer pintatzen dut nik etxe honetan izeneko gunean, bertaratutakoek etxe bat eraldatu ahal izango dute, altzariak, mahaiak, aulkiak eta armairuak margotuz, eta aldi berean elementu horiek nola ezkutaleku bihur daitezkeen ikusiko dute. Beste leku batean, hodi nahaste-borraste batez egindako telefonoak egongo dira, eta trebezia-jolasekin gozatzen duten haurrendako, gurpilekin egindako zirkuitu bat.

Zirko eta zirko izenekoan oreka egiteko barrak egongo dira, trikimakoak, malabareak, eta erronka txikiak, birziklatutako materialekin eginak, hala nola elektrizitate-bobinak, eskiak, eta kartoizko kubo zein hodiak. Seigarren gunea Berreraikuntzak izenekoa da. Bertan hainbat forma eta tamainetako latak eta plastikozko ontziak daude, animaliendako aterpeak eraikitzeko, edo matxinsaltoendako parkeak, edo martetarrendako aireportuak, adibidez. Birjolastun tamaina handiko sukalde bat egongo da baita, benetako hozkailu eta garbigailuekin, janaria prestatzeko eta pinaburuak, makilak edo harriak gordetzeko. Gainera, sardexka erraldoi bat egongo da, non galtzera jolastu. Zortzigarren gunea, Kili-kili soinudunak, hiri-altzariekin egindako soinu-espazio bat da. Elementuak ukitu eta musikarekin erreakzionatzen dute, giza-kate baten muturren artean. Jende eta presio kopurua aldatuz gero, soinu ezberdinak entzungo dira. Azkenik, Nini-txoko: Soto txikia izenekoan oihal handi bat egongo da, haur txikienendako prestatuta, egurrezko zirkuitu batekin.

Gunea dekoratuko duten eskulturek girotuko dute espazioa. Fabriketatik zuzenean ekarritako materialekin egindako egiturak dira, hala nola metalezko bidoi, kartoizko hodi eta ontzi handiekin.

PAI konpainia, haurrendako antzerkia eta animazioa egiten, 1979az geroztik

PAI konpainiak haurrendako antzerkia eta animazioa egiten du 1979az geroztik, eta proiektu honetan Zaragozako Udalaren laguntza izan du ekoizpenean, eta ECODES Ekologia eta Garapena Fundazioaren aholkularitza, xede hartuta bertaratzen diren familiei berrerabiltzearen eta jasangarritasunaren garrantzia  helarazi nahi zaizkiela. Haurren arteko harremanak zein haur eta helduen artekoak ahalbidetzen dituen gune bat izango da, horretarako jolasa, elkarlanerako jarrera eta askoren artean erdietsiko diren lorpenak baliatuta. Partaideei proposatuko zaizkien erronka txikiak ere egongo dira, eta material berriak edo oso ezagunak ez diren materialak manipulatu ahal izango dira, ohikoak ez diren dimentsiotan. Labur esanda, esperimentatzeak, sentitzeak, entzuteak, frogatzeak eta mugitzeak eragindako plazerari lotutako emozio berriak bilatzen dira. Parke honetan, jolasak bezain garrantzitsuak izango dira animatzaileak, zeinek antzerkian prestakuntza izango baitute.

Birjolastu sortzerakoan aintzat hartu da Garapen Jasangarrirako Helburuen artean Nazio Batuen Erakundeak markatzen duenetako bat: mundua eraldatzea, kontsumo eta ekoizpen jasangarriak bermatuta. Horregatik, beste ekintza batzuen artean, hirietako agenda klimatikoen helburuak lortzen laguntzeko giltzarrietako bat berrerabiltzea dela seinalatzen du, baliabide naturalen erabilera murrizten baitu, aldaketa klimatikoa prebenituz, eta karbono-dioxidoa eta berotegi-efektua eragiten duten beste gasen isurpena murriztuz.

Zentzu berean, ekonomia zirkularrak ekoizpen prozesuak eta naturarenak parekatzen ditu, non hondakinak baliabide bihurtzen baitira. Zertarako sortu eta helburu hori ez den beste gauza batetarako produktuak edo hondakinak erabiltzeak klima-aldaketan eragina duten inpaktu ekologiko, ekonomiko eta sozialak murrizten ditu, eta ingurumenaren eta garapen jasangarriaren alde egiten du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!