'Denda Naiz' programak zortzi proiektu berri sustatuko ditu

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 12a, 08:09

Udalak eta CEINek ekimen honen bigarren edizioari amaiera eman zioten asteburuan; zortzi proiektu horietako hiru jada martxan daude.

Onkologia-pazienteak modu integralean artatzeko zentroa, diseinu grafikoko eta komunikazioko estudioa, oinaren klinika integrala, beganoendako elikagaietan espezializatutako denda, moda-produktu eta osagarri jasangarriak saltzeko denda, musikarekin lotutako instrumentuen eta zerbitzuen denda, produktu ekologiko solte eta likidotuen elikagai-denda, eta artisau-barkilloak saldu eta dastatzeko denda. Horiek dira Iruñeko Udalak eta CEINek Denda Naiz-Soy Comercio programaren bidez bultzatu dituzten zortzi proiektuak, zeinak Iruñean zortzi negozio-ideia berezi martxan jartzen lagunduko baitu.

Gaur goizean, Kondestablearen jauregian, programa honen bigarren edizioaren amaiera-ekitaldia egin da. Progaman ez da soilik ideia horiek garatzea babestu, zenbait kasutan, errealitate baitira jada. Proiektu horietako hiru martxan dira dagoenekoz –Estudio Boba, Onkologia-pazienteak modu integralean artatzeko Caipo Santa Inés zentroa eta Oinaren klinika integrala–, eta beste hiru aurtengo hirugarren hiruhilekoan irekitzea aurreikusita dago. Beste bi proiektu 2018an irekiko dira.

Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi eta CEINeko Administrazio Kontseiluko kide Maitena Ezkutarik eta Nafarroako Rural Kutxako Ekintzaleen Ildoko arduradun Gonzalo Sotok parte hartu dute amaiera-ekitaldian. Nafarroako Rural Kutxak proiektu bakoitzari 1.250 euroko txeke bat eman dio.

13 astez lanean

DendaNaiz-SoyComercio proiektuak azkartzeko programa bat da, Iruñean izaera berritzailea duten negozio-ideien garapena laguntzera bideratuta. Iruñeko Udalak bultzatu du, CEIN sozietate publikoarekin elkarlanean, iruindarren bizi-kalitatea dinamizatzen eta hobetzen lagunduko duten negozio bereizgarri berriak martxan jartzea xede hartuta.

Bigarren edizio honetan guztira zortzi proiektuk parte hartu dute, eta 1.250 euroko diru-zuzkidura jaso dute Nafarroako Rural Kutxa erakunde babeslearen eskutik, bai eta aholkularitza, establezimendu kolaboratzaileen eskutik zein proiektua azkartzeko berariazko programa bat ere, CEINek emana, Leire kaleko egoitzan. Establezimendu kolaboratzaileak honako hauek izan dira: Ayestarán, Cachet, La Mandarra de la Ramos, Txirrintxa eta Katuzarra, Mundoraintxe eta Planet Fitness Pamplona.

Proiektuekin egindako lana martxoaren 12an hasi zen, eta ekainaren 2an amaitu. 13 astez proiektuen azkartze prozesua gauzatu da. Programan jasotako prestakuntzaren (76 ordu) oinarria negozio-ideia balioztatzea izan da, Lean Start-up delakoa bezalako metodologia berrienak erabilita, beti ere azken bezeroari zuzendutako hiriko negozioaren ikuspegitik lan eginda. Negozioen azkartzea, bezeroekiko esperientzia merkataritza lokaletan, kudeaketa eta salmenten erakarpena... Era horretako gaiak landu dituzte adituen eskutik.

Ekintzaileek lehenengo pertsonan bizi ahal izan dute bezeroekiko esperientzia denda barruan, haien alegiazko salmentak irudikatu ahal izan dituzte ingurune kontrolatu batean, bezero potentzialekin iritziak partekatu ahal izan dituzte eskaintzen duten zerbitzu edo produktu horren inguruan, eta saltokien zein salmenta-esperientziaren kudeaketa optimoa landu ahal izan dute adituekin batera.

Programaren helburuetako bat izan da baita ere merkataritza-proposamen berri hauen bideragarritasun ekonomikoa aztertzea eta adituen eskutik lantzea.

Prozesu osoan zehar, gainera, proiektu bakoitzaren banakako tutoretzen babesa jaso dute, baita Denda Naiz-Soy Comercioko establezimendu kolaboratzaileekin egindako saioak ere, non ekintzaileei laguntza eman baitzaie ikuspegi oso espezializatu bat erantsiz, negozioaren kudeaketari eta aukerak identifikatzeari buruz.

Proiektu berriak eta protagonistak

Babestutako proiektuak honako hauek dira: Miligramos, produktu ekologiko solte eta likidotuen elikagai-denda, Ana Navarcorenak sustatuta; Sissus, moda-produktu eta osagarri jasangarriak saltzeko concept store delakoa, Ana eta Miren Osés Villanuevak sustatuta; Estudio Boba, diseinu grafikoko eta komunikazioko estudioa, Mónica Revenga Pinto eta Ainhoa Ruiz Corretgék sustatuta; Oinaren klinika integrala, beheko gorputz-adarretako gaixotasunendako podologia- eta ortopedia-zerbitzu integralak, Ana Sans Castellvík sustatuta; Nova Era, musikarekin lotutako instrumentuak saldu eta zerbitzuak eskaintzeko, David Arredondo Gómez eta María Munárriz Arrietak sustatuta; Caipo Santa Inés, Onkologia-pazienteak modu integralean artatzeko zentroa, onkologia-pazienteen egunerokoa normalizatzeko produktuen salmentarekin eta jarduerekin, Roberto Díaz Cuestak sustatuta.

Amaitzeko, elikadurarekin lotutako bi proiektu berri daude: Veggiekatessen, beganoendako elikagaietan espezializatutako denda, Mikel Xabier Ezcaray Oroz eta Roncesvalles Calvo Urrozek sustatuta; eta El Capotico, artisau-barkilloak saldu eta dastatzeko denda, Ignacio Rodríguez Hernández eta Ángel María Matute Ibáñezek sustatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!