Duguna dantza taldearen lehen ikuskizuna, erakusketa batean

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 9a, 08:21

Emanaldien jatorrizko oihalak, argazkiak, jantziak edo agertokiak, ikusgai daude. 1951 eta 1953 urteen artean 22 saio eman zituzten Euskal Herrian.

1951 eta 1953 urteen artean Euskal Herrian zehar herriz herri ibilitako Dugunaren lehen ikuskizunari buruzko jatorrizko hiru oihal handi, bi agertoki txiki, hamabi argazki original eta jatorrizko partiturak. Horiek dira Kondestablearen jauregiko Areto Gotikoan dantza-taldea honi buruz ikus daitekeen erakusketaren osagaiak. Duguna 1951-1953. Iruñeko dantzarien genesia izeneko erakusketa Sanferminetako Liburu Zuria. Gogoetak festaren inguruan delakoari buruz ekainerako prestatu diren jardueretako bat da.

Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek eta Duguna taldeko kide eta historialari Tomás Berraondok xehe-mehe aurkeztu dute uztailaren 28ra arte ikusgai egongo den eta Dugunaren lehen emanaldia -1951ko ekainaren 28koa- gogora ekartzen duen erakusketaren nondik norakoa. Antzezten zuten ikuskizuna hamahiru margolan handik eta tamaina txikiagoko beste zenbaitek osatzen zuten, zeinak agertoki ziren, folklore izaera markatuko dantzak eta musikak birsortzeko, halako moduz non ikusleak eramaten baitzituzten ikuskizunean irudikatutako herri nafarretara.

Erakusketan ikus daitezkeen material gehienak Duguna dantza-taldeak laga ditu, baina partikularrek utzitako piezak ere badaude.

Hogeita bi emanaldi, 1951ko debutatik 1953ra

1951ko ekainaren 28an, Dugunak bere lehenengo emanaldia eskaini zuen Gayarre antzokian. Biharamunean Iruñeko prentsak zera zioen: Dugunak benetako arrakasta eta distira handia lortu zituen, eta ikusle adituek koadro guzti-guztiak txalotu zituzten, ikuskizunarekin pozik. Hala hasi zen Euskal Herriko hainbat herritatik egindako ibilbidea: bi urtetan, 1951etik 1953ra, 22 emanaldi egin zituzten.

Emanaldien eta ikuskizunak izandako harrera onaren atzetik pertsona talde gogotsu baten lana zegoen, koreografiak zein jantziak egiten zituztenak, eta, logikoki, dantzari-taldea, Iruñeko Udaleko dantzarien 13 emakumek eta 16 gizonek osatua. Erakusketak hainbat pertsonaren lana aintzatesten du: Francisco Arrarás Soto -Iruñeko Udaleko Dantzari taldearen zuzendaria,- koreografia- eta zuzendaritza-lanetan; Pedro Lozano de Sotés, eszenografo-zereginetan; José María Iribarren, eszenografia-gidoilari lanetan; Francis Bartolozzi, jantzien eta makillajearen diseinu-arduradun; Mari Lozano, jostun-lanetan; eta Javier Bello Portuk zuzendutako Santa Zezilia orkestra eta Iruñeko Orfeoia, unean uneko kolaborazioetan.

Oihalak, esku-programak, argazkiak...

Hiru oihal handiak -10x6 metro ingurukoak- Pedro Lozano de Sotések margotu zituen tenperaz paper gainean, 1950ean. Horietako bakoitzean dantza bat irudikatzen da: Erronkariko minueta, Amaya operaren ezpata-dantza, eta San Permiñetan dantza. 50eko hamarkadako hainbat agertoki eta dekoraturen argazki originalak ere ikusgai daude, Dugunak lagatuak, izenburu iradokitzaileekin: Sorginak, Amaya, Erronkari, Lizarra, Erriberri, Otsagabia, Sagardantza eta Kontrabandistak.

Erakusketan karpetak eta liburuak ere badaude, Iruñeko Udaleko Dantzariak taldearen zuzendari eta Duguna antzerki ikuskizun folklorikoaren bultzatzaile izandako Francisco Arrarás Sotok (1912--1978) eskuz idatzi zituen jatorrizko partiturez beteak. Partitura horiek antzerki-ikuskizunaren harira sortu zituzten musikari eta egile euskaldun ospetsu batzuek, hala nola Guridi, Aita Donostia, Mocoroa, Bello Portu, Hilarión Olazarán, García Leoz, Ramón Usandizaga eta Fernando Remachak. Arrarásek horiek transkribatu eta bildu zituen erakusgai jarritako karpetetan, hainbat musikarirendako eta instrumentutarako. Arrarás Paños familiak utzi du material hori erakusketarako.

Ikus daitezkeen jatorrizko esku-programek agerian uzten dute obra toki batetik bestera ibili zela. Duguna taldeak berak gordetzen ditu egin ziren 22 emanaldietako esku-programa gehienak, eta Berraondok egindako ikerketa-lanari esker, horien guztien data ezarri ahal izan da. Esku-programetan hainbat tokitan egindako emanaldiak islatzen dira, hala nola Tuterako Gaztambide antzokian, Donostiako Kursaal Handia antzokian, Donibane Lohizuneko frontoian, Bilboko Ayala antzokian eta Gasteizko Príncipe antzokian.

Erakusketan beste elementu berezi batzuk daude. Adibidez, dekoratuak gorde eta garraiatzeko erabiltzen ziren kutxak -2016an aurkituak-, ikuskizuneko jatorrizko jantzi eta objektuak -Úriz-Sucunza familiak lagatakoak-, zenbait dekoraturen pintura osagarriak -Pedro Lozano de Sotés eginak baita ere-.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!